Joseba  Tapia,  Soinu  jotzailea  eta  trikitilaria:  “Errekonozimendu  bat  da  kontzertu  hau,  eta  polita  izan  da  belaunaldi  berri  batekin  lan  egitea”

Joseba Tapia, Soinu jotzailea eta trikitilaria: “Errekonozimendu bat da kontzertu hau, eta polita izan da belaunaldi berri batekin lan egitea”

Musikastek proiektu berezia aurkeztuko du astearte honetan, maiatzaren 12an, 19:00etatik aurrera, Niessen Kulturgunean. Ekimen honetan Errenteriako Herri Arte Eskolako eta Iparraldeko Kontserbatorioko trikitixa ikasleak eta Joseba Tapia artista inplikatu dira. Trikitilaria ‘irakasle’ moduan aritu da eta ‘Joseba Tapiaren Hauspoa’ izena duen ideia “apartekotzat” jo du.

– Trikitiaren erreferente gisa, zer alderdi tekniko edo adierazkor helarazi nahi izan dizkiezu ikasleei?
– Duela zenbait urte, “Larreko eskolatik” izeneko liburua atera nuen eta bertan agertu nahi izan nuen musikari popularren mundua nolakoa zen, baita irakaskuntzan ere. Ez bakarrik Euskal Herrian, hemen ere musika ulertzeko eta lantzeko beste modu bat agertu nahi izan nuen. Teknika, belarria, zentzua, intuizioa, etabar… Atal asko eta interesgarriak daude eskola honetan, elitetik urruntzen dena, Lurrekoa, auzokoa, plazakoa…

– Nolakoa izan da denbora honetan ikasleekin lan egitea proiektu hau aurrera eramateko?
– Kontserbatorio bakoitzak hautaketa bat egin du, batez ere, Tapia eta Leturiaren diskografiatik sei-zazpi bat kantu. Baionako ikasleak Errenterira etorri ziren bertatik bertara ikusteko, bai eskola bera, bai Eresbil Artxiboa. Hortik aurrera eskola bakoitzak bere errepikak eta antolaketak aurrera eraman ditu beren aldetik. Nik pare bat errepika ikusi ditut eta giro ederra sumatu dut. Ezohiko ekimen bat gero jendaurrean eman beharrekoa.

– ‘Joseba Tapiaren Hauspoa’ proiektuak zure errepertorioa berrikustea eskatzen du. Nolakoa izan da zure musikari begirada pedagogiko eta kolektibo batetik aurre egitea?
– Egunerokotik ateratzeak zirrara dakar, eta musikaren alderdi praktiko hori lantzeak dakarren poza eta erronka agerikoa da. Gero taldean ikuskizuna antolatzeak dakarren lio guztia, mikrofonoak, eszenatokian nola kolokatu, denak batera aritze hori, musika, kantua,… guztien arteko oreka hori interesgarria iruditu zait.

– Zer suposatzen du zuretzat kontzertu hau emateak?
– Errekonozimendu bat dudarik gabe. Jende gaztea, belaunaldi berri batekin aritzea, ezagutzea ederra izan da. Gainera jainko txiki bihurtzen naute, ‘zelebridade’ bat izango banintz bezala. Harrotuta nabil, protagonista naiz. “Leienda” bihurtu naute. Eta ni “guapo”-rekin konforme nengokeen.

– Nolako esperientzia eskaini nahi diozu publikoari?
– Ikasleek egingo dute dena. Haien bertsioa, aldaera, ikuspegia ezagutuko dugu. Nik kantuen nondik norakoak azalduko ditut jotzen hasten diren baino lehen, kontextuan sartzeko, gero ni ere entzule bihurtuz. Nik uste dut, ikuskizun ederra izango dela, ederki pasako dugu.

KULTURA FABRIKAK: MATERIAL ELEKTRIKOTIK MUSIKA – DOKUMENTAZIORA. BISITA KOMENTATUA

Eresbilek gaur egun Musikaren Euskal Artxiboa kokatzen den eraikinaren historia ezagutzera gonbidatzen zaitu, industria ondarearen berrerabileraren eta kultura-helburutarako eraldaketa arkitektonikoaren adibide nabarmen bat.

Bisitaldian eraikinaren historia eta artxibo eta dokumentazio erabiletarako egokitze-prozesua ezagutzeko aukera egongo da, baita Eresbilek musika ondarearen berreskuratze eta kontserbazioan egiten duen lana ere.

Diego  Martin-Etxebarria:  “Musikastek  etxeko  musika  sustatzen  du,  ez  bakarrik  entzuleen  artean,  baita  profesionalen  artean  ere”

Diego Martin-Etxebarria: “Musikastek etxeko musika sustatzen du, ez bakarrik entzuleen artean, baita profesionalen artean ere”

Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestrak Musikaste jaialdiari bukaera polita emango diote. Larunbat honetan izango da, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Diego Martin-Etxebarria Euskadiko Orkestra taldearen zuzendariaren esanetan, “marketin gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko”.

– Nolakoa izan da zure lana programako obrak ulertzeko eta Euskadiko Orkestrako musikariei helarazteko?
– Hasieratik oso lan zabala izan da. ‘Mirentxu’ izan ezik, gainerako lanak ezezagunak ziren niretzat. Hasteko, egileei eta haien konposizioaren testuinguruari buruzko informazioa bildu behar izan dut. Operetatik datorren musikaren kasuan, ‘Mirentxu’ eta ‘Leidor’, kontatzen duten istoriotik abiatuta lan egiten dut. Une bakoitzean argumentuz zer gertatzen ari den jakin behar dut, musikak antzerki-ekintzaren zentzu bera har dezan. ‘Tenpluaren Sinfoniaren’ 3. mugimendua ere ipuin batean oinarritzen da, konpositoreak berak azalduta, eta ideia hori oso baliagarria zait diskurtso musikala egituratzeko. ‘Concerto grosso’ren kasuan, eduki extramusikal batean oinarrituta ez dagoenez, musikaren beraren egiturak gidatzen nau prozesuan.

– Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak Musikaste itxi dute berriro, zeintzuk dira kontzertuaren gakoak?
– Estiloen aniztasuna da programaren gauzarik azpimarragarriena. Konpositore bakoitzak oso hizkuntza berezia du, nahiz eta bi korronteetan pentsa genezakeen: Eduardo Mocoroa eta Jesus Guridi, operetako konpositoreak, euskal folklorean gehiago oinarritzen dira; Carlos Basurkok eta Gabriel Loidik, berriz, hizkuntza abangoardistagoa garatzen dute, baina beti estetika guztiz ulergarria eta publikoarengandik hurbilekoa mantenduz.

– Zer transmititu nahiko zenioke jendeari?
– Musikarekiko poza. Beti saiatzen naiz gogoratzen zergatik hasi nintzen musika tresna bat jotzen: dibertigarria zen eta hala izaten jarraitu behar du, profesionalizatu arren. Eszenatoki batera igotzean, nire helburua ondo pasatzea da, eta nirekin batera gozatzea bai publikoak, bai nirekin doazen musikariek.

– Zer nabarmenduko zenuke Musikastek euskal musikaren panoramari egindako ekarpenetik?
– Programa hau errepertorioaren aurkikuntza izan da niretzat ere. Horrek esan nahi du Musikasteren jarduera funtsezkoa dela etxeko musika sustatzeko, ez bakarrik publiko orokorraren artean, baizik eta askotan gugandik hain gertu ditugun mirariak ahazten ditugun profesionalen artean. Txalotu egiten dut alemaniarrek zein italiarrek nola sustatu duten euren musika. Marketin-gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika-bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko.

Maddalen  Dorronsoro:  “Lanean  jarraitu  behar  dugu  abesbatzen  harrobiari  merezi  duen  garrantzia  emateko”

Maddalen Dorronsoro: “Lanean jarraitu behar dugu abesbatzen harrobiari merezi duen garrantzia emateko”

Koruen Egun berezia izango dugu aurten Musikasten. Oraingo honetan, gazte-abesbatzek egiten duten lanari emango zaio garrantzia. Ostiral honetako kontzertuan Landarbasoko Dizdizka abesbatza izango da, Maddalen Dorronsorok zuzenduta.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Zaila den arren, merezi duten arreta eta batez ere proiektu interesgarriak eskaini behar zaizkie. Gazteen abesbatzak kontuan hartu behar diren berezitasunak dituzte eta horiez kontziente izan eta espazio segurua eskaintzen zaienean, gazteek hori baloratzen dute. Bide horretan Landarbaso Abesbatzak aurten hirugarrenez antolatu du Errenterian Gazte Koruen Topaketa eta aurrerantzean ere horretan jarraitzeko asmoa dugu.

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Egia da egun abesbatzen mundua garai zailak bizitzen ari dela, baina lanean jarraitu behar dugu harrobiei merezi duten garrantzia ematen. Landarbaso Abesbatza Elkarteak bere harrobiaren aldeko apustu garbia egiten du horretarako baliabideak eta behar dena eskainiz, eta egia esan egun elkartean dugun harrobi handiaz harro gaude.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Musikaste eta egiten duen lana ezinbesteko erreferentzia dira abesbatzen munduan. Alderdi asko aipatu daitezke, baina batez ere Koruen Egunean estreinatu ahal izateko sorkuntza berrien bultzada aipatuko nuke.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Gure programa ia oso-osorik estreinaldien programa izango da. Abestuko ditugun obren artean daude espreski egun horretarako idatzitako bat, Xabier Sarasolak Landarbasoko Dizdizkari egin eta eskainitakoak eta Iñaki Tolaretxipik Aitor Albisturren hitzekin egindako ‘Izpia Da’ obra.

Urko  Sangroniz:  “Garrantzitsua  da  gazteek  euren  ahotsa  ezagutzea  eta  elkarrekin  abesten  saiatzea”

Urko Sangroniz: “Garrantzitsua da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten saiatzea”

Musikastek egun berezia ospatuko du ostiral honetan. Lekuona Fabrikak Abesbatzen Eguna ospatuko du maiatzaren 23an, 19:30ean. Edizio honetan gazteen abesbatzen lana nabarmendu nahi da. Parte hartuko duten taldeetako bat Euskeria da, Urko Sangronizek zuzendua.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Oso garrantzitsua da txikitatik harremana izatea abesbatzen munduarekin edo, gutxienez, musikarekin. Interesgarria da sentsibilitate hori garatzeko. Eta behin mundu horretan murgilduta, eguneroko lanak eta proiektuen interesak ere garrantzi handia dute. Bestalde, beharrezkoa da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten probatzea, orduan sortzen dena esperimentatuz.

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Baietz esango nuke, baina agian orain ez da hain ugaria. Aisialdiko eskaintza gero eta handiagoa da, honi aurre egin behar diogu, zeren eta gazteen lehentasunak aldatu egin baitira. Kantu koralean sartzeko modu tradizionaletako bat instrumentu bat ikastea izan da, eta orain ez dago hain prest bere ikasketetan sakrifikatzeko. Uste dut hori dela errealitatea eta horregatik baloratu behar ditugu gure abeslari gazteak.

– Zer esan nahi du zure abesbatzarentzat Musikasteren edizio berri honetan parte hartzeak?
– Guretzat ohorea da Musikaste bezalako jaialdia abestea, aldez aurretik parte hartu duten abesbatza guztiak kontuan hartuta. Kontzertuaren eguna iristeko gogo handia dugu.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Nire ustez, lan hori oso beharrezkoa eta oso goraipagarria da, hamarkadetan zehar koruen sorkuntza eta zabalkundea dinamizatzeko izan duen grinagatik. Ekimen hauek funtsezkoak dira herri honetako abesbatzen munduarentzat.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Aita Donostiaren bi lanen arteko kontrastea azpimarratuko nuke, alde batetik, hizkuntza klasikoagoarekin, tradizioarekin, bere idazkera gardenagoarekin; eta Xabier Sarasolaren idazkerekin, bere kolore eta sotiltasun harmoniko bereizgarriekin eta testura eskuzabalagoekin. Bi konpositoreek zentzu melodiko nabarmena dute, koruen gustokoa.