Musikastek proiektu berezia aurkeztuko du astearte honetan, maiatzaren 12an, 19:00etatik aurrera, Niessen Kulturgunean. Ekimen honetan Errenteriako Herri Arte Eskolako eta Iparraldeko Kontserbatorioko trikitixa ikasleak eta Joseba Tapia artista inplikatu dira. Trikitilaria ‘irakasle’ moduan aritu da eta ‘Joseba Tapiaren Hauspoa’ izena duen ideia “apartekotzat” jo du.

– Trikitiaren erreferente gisa, zer alderdi tekniko edo adierazkor helarazi nahi izan dizkiezu ikasleei?
– Duela zenbait urte, “Larreko eskolatik” izeneko liburua atera nuen eta bertan agertu nahi izan nuen musikari popularren mundua nolakoa zen, baita irakaskuntzan ere. Ez bakarrik Euskal Herrian, hemen ere musika ulertzeko eta lantzeko beste modu bat agertu nahi izan nuen. Teknika, belarria, zentzua, intuizioa, etabar… Atal asko eta interesgarriak daude eskola honetan, elitetik urruntzen dena, Lurrekoa, auzokoa, plazakoa…

– Nolakoa izan da denbora honetan ikasleekin lan egitea proiektu hau aurrera eramateko?
– Kontserbatorio bakoitzak hautaketa bat egin du, batez ere, Tapia eta Leturiaren diskografiatik sei-zazpi bat kantu. Baionako ikasleak Errenterira etorri ziren bertatik bertara ikusteko, bai eskola bera, bai Eresbil Artxiboa. Hortik aurrera eskola bakoitzak bere errepikak eta antolaketak aurrera eraman ditu beren aldetik. Nik pare bat errepika ikusi ditut eta giro ederra sumatu dut. Ezohiko ekimen bat gero jendaurrean eman beharrekoa.

– ‘Joseba Tapiaren Hauspoa’ proiektuak zure errepertorioa berrikustea eskatzen du. Nolakoa izan da zure musikari begirada pedagogiko eta kolektibo batetik aurre egitea?
– Egunerokotik ateratzeak zirrara dakar, eta musikaren alderdi praktiko hori lantzeak dakarren poza eta erronka agerikoa da. Gero taldean ikuskizuna antolatzeak dakarren lio guztia, mikrofonoak, eszenatokian nola kolokatu, denak batera aritze hori, musika, kantua,… guztien arteko oreka hori interesgarria iruditu zait.

– Zer suposatzen du zuretzat kontzertu hau emateak?
– Errekonozimendu bat dudarik gabe. Jende gaztea, belaunaldi berri batekin aritzea, ezagutzea ederra izan da. Gainera jainko txiki bihurtzen naute, ‘zelebridade’ bat izango banintz bezala. Harrotuta nabil, protagonista naiz. “Leienda” bihurtu naute. Eta ni “guapo”-rekin konforme nengokeen.

– Nolako esperientzia eskaini nahi diozu publikoari?
– Ikasleek egingo dute dena. Haien bertsioa, aldaera, ikuspegia ezagutuko dugu. Nik kantuen nondik norakoak azalduko ditut jotzen hasten diren baino lehen, kontextuan sartzeko, gero ni ere entzule bihurtuz. Nik uste dut, ikuskizun ederra izango dela, ederki pasako dugu.