Asteazken honetan, 19:00etan, Niessen Kulturguneak ‘Irudipenak sonografia’ ikuskizuna aurkeztuko du. Garazi Navasek eta Manu Gaignek Urepel, Usurbil eta Errenteriako audio eta bideo grabazioak soinuan bihurtu dute. Elektronika, perkusioa eta akordeoia uztartu egiten dira hiru udalerri hauetako soinu-espazioen eboluziotik jaiotako pieza paregabeak sortzeko. Elkarrizketa honetan, artistek kontatzen digute nola inspiratzen den beren lana, nola konbinatzen dituzten soinua eta irudia, eta zer bilatzen duten publikoari transmititzea.
– Nola lortzen duzue inspirazioa zuen sorkuntzetarako?
– Orokorrean, pieza bakoitzaren tokia edo kokapena erabakitzeko artxiboetan aurkitu dugun materialaren kantitate, kalitate eta interesean oinarritu gara. Baina Musikasten estreinatuko dugun obra, “Orereta” izenekoa, Eresbilek haiekin aurreko piezak sortzeko lan egin ondoren enkargatu zigun, beraz, Oreretari buruzkoa izan behar zuen bai edo bai. Eta gero, kokapena erabaki eta artxiboetako bertako audio zein bideo material zaharraren lehen aukeraketa egin ostean (orain arte, Eresbilen, Euskadiko Filmategian eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan arakatzen aritu gara, bertsolaritzaren artxiboan), toki horietako gaur egungo espazioen grabaketak egitera joan ohi gara, zelai-grabaketak, kaleko eta inguruneko soinuenak. Hori dena daukagunean inspiratzeko moduko material asko izaten dugu gure instrumentuekin musika sortzen hasteko. Eta gainera batzuetan puntu horretan argiago izaten dugu zein motatako soinu-paisaia edo estiloa eman nahi diogun piezari, testuinguru harmoniko eta erritmiko orokorra, tinbreak (zeintzuk perkusio instrumentu hautatu eta akordeoia nola erabili) eta askotan egitura ere. Baina ez da beti matematikoa, prozesu oso irekia da eta martxan eraikitzen goaz bion artean.
– Zer soinu mota entzungo dira Errenterian emango duzuen kontzertuan?
– Musikasteko kontzertuan, alde batetik, gure diskoko bi pieza joko ditugu, “Urepele”-ren bertsio laburtu bat, beti bezala zelai-grabaketekin eta gure instrumentuekin eraikia eta “Usurbil” obra osoa, honek bideoa ere badauka. Eta nola ez, “Orereta” pieza estreinatuko dugu, Eresbilen eta Euskadiko Filmategian aurkitu ditugun audio zein bideo grabaketa zaharrekin eta herriko tokietan aurtengo martxoan egindako zelai-grabaketekin. Hiru pieza dira eta bakoitzak soinuzko unibertso oso ezberdin bat dauka, nolabait laburtzeko, Urepeleren kasuan free jazz, ambient eta musika tradizionaletik elementu ezberdinak modu librean hartu ditugula esango genuke, Usurbilen minimalismotik eta Oreretan musika garaikide akademiko atonal eta espresionistatik konplexutasun erritmiko eta melodiko handiarekin. Baina, hala ere, horrek ez du ezer esan nahi, etorri eta entzun behar dituzue, zaila da sailkapen zehatz bat ematea. Pieza bakoitzak gure ustez herri bakoitzak daukan soinuzko izaerarekin jolasten du, beti gure ikuspuntutik noski, bertakoak ez garela kontuan hartuta.
– Zenbateraino baldintzatzen edo gidatzen du ikus-osagaiak kontzertuaren soinu-esperientzia?
– Urepeleren kasuan ez daukagu bideorik, baina Usurbilen eta Oreretan bai, eta pieza bakoitzean bideoa modu ezberdin batean eraikita dago. Usurbil piezan adibidez, lehenengo zelai-grabaketen audio muntaia eta bideoa eraiki genituen, eta gero gure instrumentuen zuzeneko zatia. Baina Oreretaren kasuan alderantziz izan da, hasteko gutxi gorabehera gure tresnekin joko genuen egitura eta zati musikal bakoitzaren nondik norakoak erabaki ditugu eta gero horren gainean zelai-grabaketen eta bideoen muntaia egin dugu. Dena delakoa, prozesuan beti nahasten da guztia, baina nolabait garbi azaltzeko hori izango litzateke. Beraz, bideoaren jokabidea ezberdina da obra bakoitzean eta gure kasuan beti da soinuari laguntzen dion zerbait. Filmen soinu-bandetan gertatzen denaren kontrakoa egiten saiatzen gara, gu musikariak gara eta hortaz, lehenengo soinuan eta musikan pentsatzen dugu eta gero batzuetan irudiak sartzea erabakitzen dugu soinuari laguntzeko. Eta baita pieza guztiak bideorik gabe jotzea guztiz posiblea da, bideorik gabe ez dute zentzua eta garrantzia galtzen, disko eta kasetean atera ditugun obra berdinak dira eta formatu hauetan ez dago bideoarekin entzuteko modurik. Hala ere, entzule eta ikusle bakoitzak erabakiko du zenbaterainoko garrantzia eman, eta libreak dira nahi badute haien esperientzia bideoan zentratzeko. Guretzat ikasketa handia ere izan da ikus-osagaiak lantzea eta oso ondo pasatu dugu.
– Zeintzuk dira kontzertu honen gakoak?
– Alde batetik, gu garela sortzaile eta interprete bakarrak, hau ez da beti gertatzen, guk egin dugu dena, artxiboetan ikertu, zelai-grabaketak egin, konposatu eta jo. Baina hau guztia ez litzateke posible izango artxiboetako lan-taldeen laguntzarik gabe. Eresbilen, Euskadiko Filmategian eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan itzelezko adituak dauzkate eta hasieratik gure proiektuan sinetsi zuten, ezinbestekoa izan den aholkularitza emanez. Eta Eresbilen kasuan, gugan konfiantza handia jarri zuten enkargu hau aurrera eramateko. Beraz, artxiboetako lan-taldeen laguntza gako itzela da Sonografia Irudipenak proiektuan eta esperientzia sinestezina da guretzat haiekin elkarlanean aritzea. Eta azkenik, laburbiltzeagatik, hezkuntza klasikoa jaso dugun musikariak garela baina mota guztietako musikara irekiak gaudenak, eta horregatik oso modu askean sortu dugula, errealitateko soinuek, askotan belarriek baztertu egin dituztenek ematen dizkiguten erresonantziak bilduz.
– Zer interesatzen zaizue jendeari helaraztea?
– Belarri eta jarrera irekiarekin entzunez eta gozatuz gero, aurretik uste ez zuten elementuak musika eta arte bezala ere entzun daitezkeela, elementu hauek nola edo hala ordenatuak aurkezten direnean zarata izateari uzten dietelako. Eta soinu interesgarriz inguratuta gaudela, eta baita, nola ez, zoritxarrez kutsadura auditiboa kutsadura motarik isilena dela. Ez gara konturatzen gure belarriek iragazten duten soinu kantitatea eta barietatea itzela dela, eta belarriek ez dute filtrorik ez estalkirik, ezin ditugu kaletik belarriak itxi, batzuetan begiak ixten ditugun bezala. Eta bukatzeko, irudimena bisuala izateaz gain auditiboa ere badela, eta begiak itxita soinuzko irudipenak ere imajina ditzakegu.