Luis Udakiola Etxeberria (1939-2018)

2018 ekainaren 23an zendu zen Donostian, Luis Udakiola Etxeberria. Biolinista, txistularia, musikagilea eta musikografoak, urte askotan txistulari aldizkarian parte hartu izan zuen.  Goian bego.

Luis Udakiola Etxeberria Donostian jaio zen 1939ko abenduaren 26an. 1949an Donostiako Udal Kontserbatorioan matrikulatu zen. Bi urte beranduago biolina ikasten hasi zen Josefa Iribas eta Ricardo García Carresse irakasleekin; bosgarren mailatik aurrera Eduardo Hernández Asiain izan zen bere irakaslea. 1954an, kontserbatorio berdinean, txistua ikasten hasi zen Secundino Martínez de Lecearekin, hasiera batean, eta Isidro Ansorenarekin ostera. 1959an txistu ikasketak nota onerarekin amaitzeaz gain, biolin grado erdia ere amaitu zuen, karrera amaierako lehen saria lortuz.

Biolinista gisa, Donostiako Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoan parte hartu zuen 1962tik 1967ra. Aldi berean, Gipuzkoako Ganberako Orkestra sortu zuen, Eduardo Hernández Asiainek zuzendu zuena. 1974tik 1983ra Donostiako Barroko Taldeko kide izan zen, Tomás Aragüésen zuzendaritzapean, lehenik, eta Ana Mª Sebastianen zuzendaritzapean ondoren.

Txistulari bezala Salleko eta Goizaldi euskal dantza taldeetan parte hartu zuen, baita beste hainbat erakunderekin ere. Txistuaren talde esperimentaleko kide izan zen, Javier Hernández Arsuagaren zuzendaritzapean.

1981tik 1991ra Donostiako Francisco Escudero Goi Mailako Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izan zen.  1994tik 2000ra Pasaiako Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izan zen.

Musikografo bezala lan handia egin zuen Txistulari aldizkarian: 1981etik 2015era, 121 musika biografia idatzi zituen, gehienak aldizkarian argitaratutako musikaren azalpenen atalean, Izki goitizena erabiliz batzuetan.

Konposizioari dagokionean, jarraian aipatzen diren Donostiako inauterirako obrak idatzi zituen, Xabier Jacinto Rialeko harmonizatu eta instrumentatu zituenak.

–        Marcha del Pregón

–        Gora Inauteria (kalejira)

–        Vals del pregonero

–        Goiztirietara (kalejira)

–        Mañanitas al dios Momo (Deia, diana, zortziko eta kalejira)

–        Adarrarena (“torero” kalejira)

–        Etorkizuna (Martxa)

–        Urumea txuriurdin (Bals)

–        Umeena (Kalejira)

–        Arraisaltzaileak (Fandango)

–        Arrai txiki (Arin-arin)

–        Gazteok gara (Fandango)

–        Gora gure gaztedia (Arin-arin).