Patxi Oliden (1923-2020)

PatxiOliden2

 

2020ko urtarrilaren 15ean Orion hil zen Patxi Oliden irakasle, organista, konpositore eta asmatzailea, laurogeita hamasei urterekin.

Orion (Gipuzkoa) jaio zen 1923an. Urteetan Zubietako Lanbide Eskolan irakaslea izan zen, erretiroa hartu zuen arte. Era berean, surfeko taulen mekanikaria, mikologoa eta artisaua izan zen, eta 60ko hamarkadaren amaieran taulak egin zituen.

Musikari autodidakta, 55 urterekin gitarra ikasi zuen, organo-jotzailea ere izan zen eta abesbatza bat zuzendu zuen. Korurako doinuak sortu eta harmonizatu zituen; 2015ean, egunero abesti bat eta erdi konposatzen zituela aitortu zuen, eta, ordurako bazituen  8.217 abesti.

Patxi Olidenek berak Orioko Danbolin Musika Eskolan utzitako funtsa 2019ko ekainean sartu zen Eresbilen, eta Orion partitura guztien kopia informatiko bat geratu zen.

ERESBILek jaso duen funtsa 30 kutxek osatzen dute. 30 kutxetako bakoitza 9 multzotan multzokatutako paperezko partiturak edukitzeko bereziki diseinatua dago; multzo bakoitzak 30-35 partitura inguru ditu.