Fonografo zaharberritua
ERESBILek Díaz y Cía. argitaletxearen antzinako fonografoa zaharberritu du.
Donostian sortutako enpresa hori Gipuzkoako musika-argitalpenaren eta hedapenaren historiaren parte izan zen.
Joan den abuztuaren 16an, Sebas Agirretxek antzinako fonografo baten mekanismoa eman zion artxiboari. Fonografoa Díaz y Cía. argitaletxearena zen, Agirretxeren aitak zuzentzen zuen negozioarena, hain zuzen. Sebas Agirretxe ERESBILekin lotuta egon zen 1985etik 1987ra, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde izan zen garaian.
Pieza hau , Pedro Martínez Díazek (pedrofono.es) zaharberritu du, mota honetako gailuetan espezialista eta zaharberritzailea baita. Haren azterketari esker, pieza Pathé Aiglon bat dela identifikatu ahal izan dugu, Columbia «Eagle» ezagunaren aldaeretako bat, 1898 eta 1899 artean fabrikatua.
Gailu hauek hainbat markarekin merkaturatu ziren, eta Ameriketako Estatu Batuetan zuten prezioari zor diote izena: eagle bat 10 dolarreko txanpona zen. Europan, Pathé izan zen gailu hauen saltzaile nagusietako bat lehen urteetan; izan ere, hasieran makinak inportatu egiten zituen, beranduago haiek fabrikatzen hasi aurretik.
Pieza ERESBILera nahiko osorik iritsi zen, eta, egurrezko oinarria berreskuratu, garbitu eta mekanikoki prestatu, eta bozina zaharberritu ondoren, duela 125 urte baino gehiago zuen itxurarekin itzuli da.