José Luis Ansorena (1928-2019)

 Jose Luis Ansorena era isilean eta apalean lan egin zuen gizona izan zen. Fruitu ugariko gizona, bere egitekoa musika eta kantuaren eremuan kokatzen da nagusiki.

Maiatzaren 1ean zendu zen José Luis Ansorena Iruñean. Donostian jaio zen 1928an. Harmonia-, konposizio- eta piano- ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin. 1942an Altsasuko Kaputxinoen Seminarioan sartu zen eta ikasketa erlijiosoekin batera musikakoak sakondu zituen. 1953an apaiztu, eta hurrengo urteetan abesbatza ugari sortu eta zuzendu zituen Iruña, Zaragoza eta Errenterian. Errenterian, hain zuzen, Andra Mari (1966), Orereta haur-korua (1968) eta Oiñarri gazte-korua sortu zituen. Euskal musikagileen musika ezagutarazteko, 1973an Musikaste zikloa sortu zuen eta, hurrengo urtean, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa euskal musikaren ondarea jasotzeko. Organista ere izan da fraide bidali izan duten lekuetan. Euskal musikari buruzko ikerketa, artikulu, liburu eta musikagileen katalogo ugari egin ditu: Aita Donostiari buruzko biografia; txistua eta txistularien inguruko liburua; eta Almandoz, J.M. Usadizaga, Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak, adibidez. Obra erlijiosoak eta korurako lanak idatzi ditu.

Fruitu ugariko gizona (musika eta kantu sortzailea, Andra Mari Abesbatza, Musikaste, ERESBIL…)  Bere bizitzan eta ahaleginetan, On Jose Migel Barandiarani bere amak erakutsi zion hura bete zuen pertsona izan zen: udareondo emankorrenen moduan, pertsonak ere zenbat eta beteago orduan eta apalago.

Gure gizartea eta mundua hobetu eta edertu du Ansorenak, izpiritua aberastu digu eta gutasuna jaso du. Gizakiok musika eta kantua sortzen dugunean, eta zer esanik ez sortutakoa abesbatza denean… guretzat eta besteentzat egiten dugu, gutasuna eraikitzen ari gara. Gutasun armonikoa, besteei irekia, besteekin gauzatzen dena. Eta Jose Luis Ansorenak horixe egin izan du eta bere zereginari esker beste hainbat gauza hezur-mamitzea eragin du: bere lanarekin gure herria eta gure gizartea eraikitzen lagundu du.

Agur eta ohore!

José Luis Ansorenaren izaera eta obrari buruzko informazio egehiago

José Luis Ansorena (1928-2019)

 

IN MEMORIAM IGNACIA OLAIZOLA (1919-2019)

Donostian jaio zen 1919an, familia musikazale baten baitan. Bere aita Gabriel Olaizola zen, eta huraxe izan zen bere lehen musika irakaslea. Euzko Abesbatzako eta Eresoinkako sopranoa izan zen, eta bertan abestu zuen bakarlari bezala estreinako aldiz. Gerrate zibilean Frantziako Gironde eskualdean egon zen, 1941ean itzuli zen arte. Mª Teresa Hernándezen ikaslea izan zen eta berarekin ere abestu zuen ahots zurien Maitea Abesbatzan. Donostiako Afizionatuen Konpainia Lirikoan parte hartu zuen 40ko hamarkadan, opera eta zarzuela interpretatuz.

Probidentziako Ahizpen ordenan botoak egin zituen, eta Mª Gabriela eliza-izena hartu zuen handik aurrera. Agurainen eta Vitoria-Gasteizen egon zen eta bi lekuetan erlijio ospakizunetan abesteko abesbatzak antolatu eta zuzendu zituen. Abesbatza hauentzat hiru eta lau ahotsetako hogei obra inguru konposatu zituen, eta 2007an argitaratu ziren. Vitoria-Gasteizen bizi da eta ehun urte inguru ditu.

JOSÉ LUIS DE SALBIDE (1932-2018)

JOSÉ LUIS DE SALBIDE (1932-2018)

2018ko urriaren 22an zendu zen Donostian orkestra zuzendaria eta musikagilea zen José Luis Salbide jauna.
Donostian jaio zen 1932ko azaroaren 20an, eta piano ikasketak eta biolin karrera osoa Donostiako Kontserbatorioan egin zituen. Orkestra zuzendaritza ikasketak Vienan egin zituen Hans Swarowsky maisuarekin eta Sienan, Franco Ferrararekin.
1980an Tolimako (Kolonbia) Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta bertako Orkestra Sinfonikoko zuzendari izendatu zuten, eta baita garai hartan Kolonbiako lehen abesbatzatzat hartzen zen Tolima abesbatza ere zuzendu zuen. Hainbat orkestra zuzendu zituen, beste batzuen artean: Londoneko Lamberth Simphony Orchestra, Lisboako Orkestra Filarmonikoa, Metropolitan Simphony Orchestra, Cambridge Chamber Orchestra, Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionala edo Floridako Southwest Symphony Orchestra, baita Donostiako Ganbera Orkestra ere.
Musikagile moduan Bogotako Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen Alberto Ginastera musikagile argentinarrarekin. Hainbat obra idatzi izan zituen, orkestrarako nagusiki,esate baterako: orkestrarako Ricercare obra Salvearen gaiari buruz, Gernika (orkestrarako Elegía), Santa María de Palacio kantata, Memorias 1990 (narratzaile eta orkestrarako) eta Poemas 1991 (narratzaile eta orkestrarako).