Diego  Martin-Etxebarria:  “Musikastek  etxeko  musika  sustatzen  du,  ez  bakarrik  entzuleen  artean,  baita  profesionalen  artean  ere”

Diego Martin-Etxebarria: “Musikastek etxeko musika sustatzen du, ez bakarrik entzuleen artean, baita profesionalen artean ere”

Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestrak Musikaste jaialdiari bukaera polita emango diote. Larunbat honetan izango da, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Diego Martin-Etxebarria Euskadiko Orkestra taldearen zuzendariaren esanetan, “marketin gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko”.

– Nolakoa izan da zure lana programako obrak ulertzeko eta Euskadiko Orkestrako musikariei helarazteko?
– Hasieratik oso lan zabala izan da. ‘Mirentxu’ izan ezik, gainerako lanak ezezagunak ziren niretzat. Hasteko, egileei eta haien konposizioaren testuinguruari buruzko informazioa bildu behar izan dut. Operetatik datorren musikaren kasuan, ‘Mirentxu’ eta ‘Leidor’, kontatzen duten istoriotik abiatuta lan egiten dut. Une bakoitzean argumentuz zer gertatzen ari den jakin behar dut, musikak antzerki-ekintzaren zentzu bera har dezan. ‘Tenpluaren Sinfoniaren’ 3. mugimendua ere ipuin batean oinarritzen da, konpositoreak berak azalduta, eta ideia hori oso baliagarria zait diskurtso musikala egituratzeko. ‘Concerto grosso’ren kasuan, eduki extramusikal batean oinarrituta ez dagoenez, musikaren beraren egiturak gidatzen nau prozesuan.

– Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak Musikaste itxi dute berriro, zeintzuk dira kontzertuaren gakoak?
– Estiloen aniztasuna da programaren gauzarik azpimarragarriena. Konpositore bakoitzak oso hizkuntza berezia du, nahiz eta bi korronteetan pentsa genezakeen: Eduardo Mocoroa eta Jesus Guridi, operetako konpositoreak, euskal folklorean gehiago oinarritzen dira; Carlos Basurkok eta Gabriel Loidik, berriz, hizkuntza abangoardistagoa garatzen dute, baina beti estetika guztiz ulergarria eta publikoarengandik hurbilekoa mantenduz.

– Zer transmititu nahiko zenioke jendeari?
– Musikarekiko poza. Beti saiatzen naiz gogoratzen zergatik hasi nintzen musika tresna bat jotzen: dibertigarria zen eta hala izaten jarraitu behar du, profesionalizatu arren. Eszenatoki batera igotzean, nire helburua ondo pasatzea da, eta nirekin batera gozatzea bai publikoak, bai nirekin doazen musikariek.

– Zer nabarmenduko zenuke Musikastek euskal musikaren panoramari egindako ekarpenetik?
– Programa hau errepertorioaren aurkikuntza izan da niretzat ere. Horrek esan nahi du Musikasteren jarduera funtsezkoa dela etxeko musika sustatzeko, ez bakarrik publiko orokorraren artean, baizik eta askotan gugandik hain gertu ditugun mirariak ahazten ditugun profesionalen artean. Txalotu egiten dut alemaniarrek zein italiarrek nola sustatu duten euren musika. Marketin-gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika-bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko.

Maddalen  Dorronsoro:  “Lanean  jarraitu  behar  dugu  abesbatzen  harrobiari  merezi  duen  garrantzia  emateko”

Maddalen Dorronsoro: “Lanean jarraitu behar dugu abesbatzen harrobiari merezi duen garrantzia emateko”

Koruen Egun berezia izango dugu aurten Musikasten. Oraingo honetan, gazte-abesbatzek egiten duten lanari emango zaio garrantzia. Ostiral honetako kontzertuan Landarbasoko Dizdizka abesbatza izango da, Maddalen Dorronsorok zuzenduta.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Zaila den arren, merezi duten arreta eta batez ere proiektu interesgarriak eskaini behar zaizkie. Gazteen abesbatzak kontuan hartu behar diren berezitasunak dituzte eta horiez kontziente izan eta espazio segurua eskaintzen zaienean, gazteek hori baloratzen dute. Bide horretan Landarbaso Abesbatzak aurten hirugarrenez antolatu du Errenterian Gazte Koruen Topaketa eta aurrerantzean ere horretan jarraitzeko asmoa dugu.

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Egia da egun abesbatzen mundua garai zailak bizitzen ari dela, baina lanean jarraitu behar dugu harrobiei merezi duten garrantzia ematen. Landarbaso Abesbatza Elkarteak bere harrobiaren aldeko apustu garbia egiten du horretarako baliabideak eta behar dena eskainiz, eta egia esan egun elkartean dugun harrobi handiaz harro gaude.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Musikaste eta egiten duen lana ezinbesteko erreferentzia dira abesbatzen munduan. Alderdi asko aipatu daitezke, baina batez ere Koruen Egunean estreinatu ahal izateko sorkuntza berrien bultzada aipatuko nuke.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Gure programa ia oso-osorik estreinaldien programa izango da. Abestuko ditugun obren artean daude espreski egun horretarako idatzitako bat, Xabier Sarasolak Landarbasoko Dizdizkari egin eta eskainitakoak eta Iñaki Tolaretxipik Aitor Albisturren hitzekin egindako ‘Izpia Da’ obra.

Urko  Sangroniz:  “Garrantzitsua  da  gazteek  euren  ahotsa  ezagutzea  eta  elkarrekin  abesten  saiatzea”

Urko Sangroniz: “Garrantzitsua da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten saiatzea”

Musikastek egun berezia ospatuko du ostiral honetan. Lekuona Fabrikak Abesbatzen Eguna ospatuko du maiatzaren 23an, 19:30ean. Edizio honetan gazteen abesbatzen lana nabarmendu nahi da. Parte hartuko duten taldeetako bat Euskeria da, Urko Sangronizek zuzendua.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Oso garrantzitsua da txikitatik harremana izatea abesbatzen munduarekin edo, gutxienez, musikarekin. Interesgarria da sentsibilitate hori garatzeko. Eta behin mundu horretan murgilduta, eguneroko lanak eta proiektuen interesak ere garrantzi handia dute. Bestalde, beharrezkoa da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten probatzea, orduan sortzen dena esperimentatuz.

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Baietz esango nuke, baina agian orain ez da hain ugaria. Aisialdiko eskaintza gero eta handiagoa da, honi aurre egin behar diogu, zeren eta gazteen lehentasunak aldatu egin baitira. Kantu koralean sartzeko modu tradizionaletako bat instrumentu bat ikastea izan da, eta orain ez dago hain prest bere ikasketetan sakrifikatzeko. Uste dut hori dela errealitatea eta horregatik baloratu behar ditugu gure abeslari gazteak.

– Zer esan nahi du zure abesbatzarentzat Musikasteren edizio berri honetan parte hartzeak?
– Guretzat ohorea da Musikaste bezalako jaialdia abestea, aldez aurretik parte hartu duten abesbatza guztiak kontuan hartuta. Kontzertuaren eguna iristeko gogo handia dugu.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Nire ustez, lan hori oso beharrezkoa eta oso goraipagarria da, hamarkadetan zehar koruen sorkuntza eta zabalkundea dinamizatzeko izan duen grinagatik. Ekimen hauek funtsezkoak dira herri honetako abesbatzen munduarentzat.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Aita Donostiaren bi lanen arteko kontrastea azpimarratuko nuke, alde batetik, hizkuntza klasikoagoarekin, tradizioarekin, bere idazkera gardenagoarekin; eta Xabier Sarasolaren idazkerekin, bere kolore eta sotiltasun harmoniko bereizgarriekin eta testura eskuzabalagoekin. Bi konpositoreek zentzu melodiko nabarmena dute, koruen gustokoa.

Oihana  Etxabe:  “Musikastek  abesbatzen  alde  egiten  duen  lana  zoragarria  eta  beharrezkoa  da”

Oihana Etxabe: “Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana zoragarria eta beharrezkoa da”

Musikastek Koruen Egun berezia dakar aurtengo ediziora, zehazki, gazteen abesbatzak nabarmendu nahi ditu. Lekeitioko Kantakai korua izango da ostiral honetan, maiatzaren 23an, 19:30ean, Lekuona Fabrikan, izango den bat. Oihana Etxabe zuzendariak azaldu duenez, “gazteak erakartzeko, haiekin lan egiten dugunok gaur egungo gizartera egokitu behar dugu”

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Bai, oso ona. Euskal Herria oso kantuzalea da. Ni Mutrikukoa naiz eta gure korua Lekeitiokoa, eta bi herri hauetan tradizioa handia dago. Lekeition bazegoen oso ospetsua zen abesbatza, Itsas Soinua. Horrek memoria utzi du herrian. Egin behar duguna da formulak aurkitzea gazteak erakartzeko.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Badakigu gaur egungo egoera zein den. Gazteak erakartzeko gizartera egokitu behar gara mundu honetan lan egiten dugunok. Nire aldetik, errepertorioekin jolasten saiatzen naiz. Koruko kideei galdetzen diet zeintzuk diren euren gustuak, eta denen artean adosten ditugu abestuko ditugun kantak. Erabaki honen partaide egiten ditut, eta gustora sentitzen dira. Beraiekin gertutasuna erakutsi behar da. Beste aldetik, dinamika oso garrantzitsua da gazteekin lan egiterako orduan. Emanaldiak antolatzen ditut entseguetan egindako lana erakusteko. Asko gustatzen zaie beste herritako koruak ezagutzea. Azkenik, etengabeko prestakuntza egin behar da gazteekin nola lan egin ikasteko.

– Zer suposatzen du zure abesbatzarentzat Musikasten parte hartzeak?
– Ilusio handiz parte hartuko dugu. Guk Lekeitio inguruan kontzertuak egiten ditugu, batez ere, gure herrian. Aukera hau oso polita da. Gogo handia daukagu bertan izateko eta beste abesbatzekin esperientzia hau bizitzea eta ezagutzea.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Zoragarria eta beharrezkoa, batez ere, ikusita nola dagoen abesbatzen egoera gaur egun. Ez dira momentu onak eta bultzatu behar dugu. Mundu honetan lan egiten dugunok pausoak eman behar ditugu honen alde. Horregatik, oso garrantzitsua da Musikasteren lana. Oso inportantea da bere programan egun bat edukitzea koruei eskainita.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Egitaraua nahiko xumea, sinplea, daukagu. Gure koruko kideak eroso sentizen diren egitaraua. Koru konpaktua gara, hau da gure ezaugarritako bat. Ez nuke egitarauaren abesti bat nabarmendu nahi, baina Zugana Manuela abestia eskainiko dugu, eta zaila da. Koru kidei asko gustatzen zaie eta Musikasten abestu nahi izan dute. Esan zidaten: “Bai, hau egon behar da”.

Juan  Mari  Beltran:  “Gutxitan  entzuten  da  kontzertu  batean  txistua,  alboka  eta  dultzaina”

Juan Mari Beltran: “Gutxitan entzuten da kontzertu batean txistua, alboka eta dultzaina”

Txistua, alboka eta dultzaina nagusi izango dira ostegun honetan, maiatzaren 22an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Juan Mari Beltran interprete eta ikertzaileak kontzertua eskainiko du Herri Arte Eskolarekin eta Hernaniko txistulariekin batera.

– Zer suposatzen du zuretzat kontzertu hau ematea?
– Musikaste gure inguruan oso jaialdi garrantzitsua da. Askotan izan naiz entzule giza, eta orain aukera daukat artista moduan izatea. Asko pozten naiz. Errenterian programa honen hirugarren saioa emango dugu, eta esan beharra dago ez dela beste alditan bezela izango.

– Nolakoa izan da Herri Arte Eskolako alboka taldearekin eta Hernaniko txistulariekin lan egitea?
– Esan dudanez, oso berezia izango da niretzat kontzertu hau ematea, baina, are gehiago, aurrera eramatea nire ikaslea izan zen Haritz Ezeizarekin. Alboka, dultzaina eta txistula irakatsi nizkion, eta orain bera da irakaslea Herri Arte Eskolan. Kontzertua berarekin eta bere ikasleekin izango da. Entseguetan oso babestuta eta gustora sentitu naiz.

– Zer nabarmenduko zenuke kontzertu honetatik?
– Gutxitan entzuten da hau bezalako emanaldia, eta gutxitan izaten naiz lanean hain talde handiarekin. Era berean, ez da askotan entzuten kontzertu batean alboka, dultzaina eta txistua denak batera. Halaber, egitarau honetan izango ditugu tradizioko soinuak eta sormen handiko piezak eta moldaketak.

– Zer helarazi nahi diozu publikoari emanaldi honetan?
– Gustatuko litzaidake, entzuleek sentitzea nik sentitzen dudana.

– Nola baloratzen duzu Musikasteren lana euskal musikaren panoraman?
– Musikaste erreferente bat da euskal musikan. Beharrezkoak dira horrelako egitarauak, hitzorduak eta antolaketak. Musikastek euskal musika era oso zabalean kokatu du.