Anexa konpainia aitzindariari buruzko webgune berria ERESBILen

ANEXA, dantza garaikideko konpainia aitzindariari buruzko webgune berria ERESBILen

Julio Durán dantzariak emandako manterialekin osatu da

70eko hamarkadan dantza garaikidean aitzindaria izan zen Anexa konpainiako Julio Duran dantzariak jasota zeukan dokumentazioa eman dio Eresbili, eta dagoeneko ikusgai dago gure webgunean. Gipuzkoako Dantzagunearen bitartekaritzarekin,  gaur sinatu dute  lagatze-kontratua Julio Duranek, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundudiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak.

Julio Durán: dantzaria, irakaslea eta dokumentatzailea

Konpainiaren sorreratik, Anexako dantzaria izan zen Julio Duran, eta konpainiak 1970 eta 1974 urtean estreinatutako 25 koreografiatik 17ren estreinalditan aritu zen. Hain zuzen ere, aro horretakoa da Duranek jasotako material gehiena, 1998 arteko dokumentuak badituen arren. Anexan dantzari gisa aritu zen urteetan material oparoa gorde eta sailkatu zuen Duranek: argazkiak, negatiboak, inpresiorako plantxak, kartelak, arropa, etab.

Duranek jasotako materiala Gipuzkoako eta espainiar estatuko dantzaren XX. mendeko historiaren aro garrantzitsu baten erakusgarria da. Frankismoaren amaieran kultur adierazpide berrien egarriz zegoen belaunaldi baten kumea izan zen Anexa. Duten balio historikotik harago, jasotako zenbait objektu arte-lantzat jo litezke, besteak beste, Jose Lainez Anexako sortzaile eta koreografoak eskuz egindako kartelak, eskuorriak eta koreografiak azaltzeko zirriborroak.

Bereziki adierazgarriak dira M.C. Alcorta argazkilariak saioz saio egindako argazkiak. Jasotako materialarekin eta Julio Duranek emandako informazioarekin, Anexari buruzko informazio ugari jasotzen duen webgunea atondu du Eresbileko lantaldeak. Datu historiko ugarirekin batera (sorrera, kideak, estreinaldiak) 80 argazki baino gehiago dituen argazki-galeria dauka.

 

Horrekin batera, Anexak estreinatutako 25 koreografiatako bakoitzari orri bat eskaintzen zaio, baita estreinatu gabeko hiruri ere,  informazio zabalarekin: fitxa teknikoa, emanaldien zerrenda, kartelak, egitarauak, prentsako albisteak, jantzien diseinuak… Guztira, 500 irudi baino gehiago. Taldeko kide guztien fitxak ere jasota daude, beren debutari eta parte hartutako estreinaldiei buruzko informazioarekin.

Berezitasun gisa, eta garai hartan ikus-entzunezko dokumentuak jasotzea zaila zela kontuan hartuta, TVE grabatzen ari zen “Momentos vascos” saioaren inguruan Julio Duránek grabatutako bideoa jaso du Eresbilek.

Anexa: dantza garaikidean aitzindaria Gipuzkoan eta espainiar estatuan

1970ko ekainaren 14an eszenaratu zen lehen aldiz Anexa, dantza konpainia aitzindaria, dantza garaikidea jorratu zuen lehen euskal taldea. Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Orfeoiarekin batera egindako jaialdi batean izan zen estreinaldia.

Concha Martinez (Donostia, 1943) eta Jose Lainez (Donostia, 1941) izan ziren Anexaren bultzatzaileak eta dantza garaikidean aitzindariak. 20 eta 18 urterekin, Amsterdamera joan ziren eta bost urtez aritu ziren bertan profesionalki dantzan, Het Nationale Balletean. Handik bueltan, Herbeheretan bizi-bizi zen dantza esperimentala Donostian bultzatzea pentsatu zuten. Horren ondorioa izan zen Anexa.

Hurrengo urteetan Concha Martinez eta Jose Lainezek izandako sorkuntza emari oparoaren lehen ekarpena izan zen Anexaren estreinaldia. Bartzelonan jarraitu zuten ondoren eta Iruñean izan dira azken hamarkadetan. Anexaren ondoren, Yauzkari eta Pie Juntaopie konpainiak sortu dituzte Lainezek eta Martinezek eta horien bidez jarraitu dute dantza garaikidea sortzen eta biziberritzen. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak ibilbidearen saria eskaini zien 2006an, Nafarroan Dantzaren Nazioarteko Egunean omenaldia egin zieten 2009an eta Vianako Printzearen saria jaso zuten 2017an.

Julio Duranen Anexaren funtsaren datu nagusiak

 

  • 4 koaderno
  • 10 album
  • 4 programa-karpetatxo
  • 37 argazki
  • 60 gutun-azal negatiboekin
  • 35 karpeta kartelekin
  • 7 dokumentu txiki
  • 15 inprimatze-xafla
  • 3 jantzi
  • Super-8 film-bobina bat

ARTXIBOEN NAZIOARTEKO EGUNA

 YOUTUBE

Ekainaren 9an Artxibategien nazioarteko eguna ospatzen da, eta ERESBIL – Musikaren Euskal Artxiboak, Musikaste jaialdiko kontzertuetako bideoak gure youtube kanalaren bidez zabaltzeko asmoa iragarri nahi du. Serieari hasiera emateko, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Rubén Gimenoren zuzendaritzapean, 2021eko urriaren 23an Lekuona Fabrika – Errenterian eskainitiako kontzertua aukeratu dugu. José Luis Marco, Beatriz Arzamendi, Beltrán Pagola eta J.C. Arriagaren lanak entzungo ditugu. Zuen gustukoa izatea espero dugu!

 Ikusi kontzertua

Fermín Leizaolaren dohaintza

Fermin Leizaolak arbelezko disko batzuk eman dizkigu berriki, bere aitona Fermin Calvo de la Peñarenak, lanbidez abokatua. Fermin Calvo Karrantzan jaio zen, San Esteban auzoan, 1861ean, baina familiak Angeluko Chateaun finkatu zuen bere bizilekua. Bilobak jakinarazi digunez, disko horiek 1910 eta 1918 artean erosi zituzten.

Katalogoa kontsultatu

Gitarraren paisaia Euskal Herrian

Oso gutxitan erlazionatzen da gitarra Euskal Musika paisaiarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, euskal musikagileek eta interpreteek gitarraren inguruan egindako lanei lekua eskainiko  die datorren larunbatean, urriaren 28an.

Eresbilek Ricardo Isasi musikagile eta margolariaren gogora ekarri nahi du bere jaiotzaren mendeurrenean. Berak idatzitako musika lan guztiak gitarrarako egin zituen. 2017ko Musikasten bere sei obra programatu ziren (Habanera, Hommage à Tárrega, Tonada, Bartokiana, Valse Exagonal y Polka) Andrea González Caballeroren eskutan.

Gipuzkoan gordetzen diren bi funts dokumentalen ardatz nagusia gitarra da. Alde batetik Cortabarria funtsa, Oñatin sortua eta bertan gordetzen dena. Blas Andrés Cortabarria 1812an Oñatin jaio zen. Gitarra Dionisio Aguadorekin Parisen ikasi zuen. Oñatiko Bigarren Hezkuntzako Institutuko frantses hizkuntzako katedradun izan zen. 1846an Sociedad Filarmonicako zuzendari bezala dimisioa aurkeztu zuen.  1855ean zendu zen Oñatin. José de Azpiazuk, Oñatiko Cortabarría sendiaren gitarrarako partituren oinordetza jaso zuen. Horietako batzuk eskuidatziak ziren eta inprimatuak besteak. Bilduman Sor, Aguado, Carulli, Ferrandière eta barren partiturak daude bai eta Oñatiko Blas Andrés Cortabarría berarenak eta bai eta Eulalio Ypenzarenak. Funtsa Oñatin gordetzen da, Xabier Ugarteren zaintzapean.

Ángel Segura funtsa 2014ean jaso zuen ERESBILek dohaintza moduan. Barakaldoko Quinteto Soñuako kide izan zen, 1968tik 1980ra jardun zuenak. Espainiako Plektro Instrumentuetako Federazioko kide izan ziren, eta Nazioarteko Plektroko Jaialdietan parte hartu zuten Logroñon, Errioxan. Ángel Segurak gitarra eta plektrorako musikaren inguruko musika liburutegi garrantzitsua bildu zuen. Bertan 7.300 partitura, 170 liburu eta aldizkari jasotzen dira eta 1.300 soinudun erregistro daude.

EUROPAKO ONDAREAN JARDUNALDIAK

Xabier Ugarte

Xabier Ugarte

Urriaren 28an, gitarren bildumako tresnak eta pultsatutako beste tresnak zuzenean entzuteko aukera izango dugu Xabier Ugarteren eskutik. Era berean, Iñigo Irizar luthierrak gitarraren fabrikazioaren ezaugarriei buruzko azalpenak emango ditu.