Jazzak  egun  propioa  izango  du  berriz  ere  Musikasteren  barruan.  Maiatzaren  25ean  Mikel  Azpirozen  ‘Islak’  lana  entzun  ahal  izango  da  Niessen  Kulturgunean.
–  Jazzak  jarraitzaile  gehiago  al  ditu  Euskal  Herrian?
–  Ez  nuke  jakingo.  Donostia,  Gasteiz  eta  Getxoko  jaialdi  handiez  gain,  azken  urte  hauetan  beste  jaialdi  txikiago  batzuk  sortu  dira;  hala  nola,  Goierri  Jazz  edo  Hondarribikoa.  Eta  hori  seinale  ona  da.  
–  ‘Islak’  zure  hirugarren  diskoa  da.  Zer  nabarmenduko  zenuke  aurrekoen  aldean?
–  Aurrekoak  piano  hutsezko  diskoak  izan  ziren.  Hirukote  formatukoa  da  ‘Islak’.  Bateria  eta  baxua  gehitu  ditut  zenbait  kantutan.  Formatu  hau  dugu  orain  kontzertuan,  piano  pasarteak  eta  hirukote  pasarteak  tartekatuz.  Asko  gozatzen  dut  formula  horrekin,  eskaintzen  dituen  adierazpen-aukerengatik.
–  Nolakoa  da  Carlos  Arancegui  eta  Fernando  Neirarekin  lan  egitea?
–  Carlos  eta  Fernando  musikari  handiak  dira,  etengabe  ikasten  eta  eboluzionatzen  ari  diren  artistak.  Oso  eskuzabalak  dira  musikan  zein  gizakietan,  eta  uste  dut  dohain  horiekin  aberastu  egiten  dutela  kontzertuan  interpretatzen  dugun  musika.  Luxua  da  niretzat  proiektu  honetan  haiekin  kontatzea.
–  Nola  animatuko  zenuke  jendea  kontzertura  joatera?
–  Zortea  izan  dugu  kultur  ezaugarri  ezberdinak  dituzten  hainbat  lekutan  ‘Islak’  lana  aurkeztuko  ditugulako,  hala  nola  Donostian,  Bilbon,  Sorian,  Iruñean,  Gijonen,  Cadizen,  Malagan,  Varsovian,  Krakovian,  Quiton…  Eta  kontzertu  guztietan  sumatzen  dugu  gure  musikak  entzulearekin  konektatzen  duela,  edo,  hobeto  esanda,  gure  musikak  publikoarekin  konektatzeko  aukera  ematen  digula.  Horrek  esan  nahi  du  musikak  nolabait  entzulearen  sentsibilitatea  ukitzen  duela  eta  hobeto  sentiarazten  duela.  Musikasteko  publikoa  gonbidatuko  nuke  gure  kontzertura,  Errenterian  ere  lotura  hori  lortuko  dugulakoan  eta  musikak  pizten  dituen  sentimenduez  gozatuko  dutelakoan.
 
					