Andoainen jaio zen 1971n, eta bere jardun profesionala ikerkuntza eta interpretazioaren eremuan garatu ditu. Valladolideko Unibertsitatean doktorea da eta piano sari ugari jaso ditu. Egun, euskal kultura-ondarea berreskuratzen jarraitzen du, eta Pavel Gomziakov txelistarekin batera argitaratu duen euskal errepertorioaren grabazioa nabarmendu behar da. Bikotea ostegun honetan, maiatzak 23, Madalena Ermitan kontzertua eskeiniko du.
– Nola sortu zen lankidetza Pavel Gomziakovekin?
– Elkar ezagutu genuenean, orain direla bi urte, elkarrekin bikote ona egiten genuela iruditu zitzaidan. Uste dut nire ‘laranja erdia’ ezagutu nuela musikari dagokionez.
– Zer nabarmenduko zenuke sortu duzuen bikote honetatik?
Ganbera-musika ulertzeko antzeko modu bat daukagu. Horrek elkartu gintuen, eta uste dut horrek bereizten gaituela.
– Nola aukeratu dituzue Musikasteko kontzertuko obrak?
Kontzertu honetan eskainiko dugun egitaraua aukeratzerakoan, tokiko errealitate bati, euskal kulturari, ikuspuntu global edp unibertsala ematea da gure helburua. Beste era batera esanda, nazioartean arrakasta izan duten euskal konpositoreen lanak aukeratu ditugu.
– Zer helarazi nahi diozue publikoari kontzertu honetan?
Bi ideia dira ikus-entzuleek argi izatea gustatuko litzaidakeenak. Lehenik eta behin, gustatuko litzaidake publikoak guk eskaintzen dugun musikaz gozatzea. Eta, bigarrenik, ikuslea benetan euskal errepertorioaz gozatzen ari dela konturatzea nahi dugu, nazioarteko beste edozein errepertorio bezalako kalitate artistikoarekin.