Musikasteren 52. edizioa ostiral honetan, maiatzak 17, hasiko da. Errenteriako Idoia Hernández konpositorea, ‘Hatxe’, izango da lehenengo kontzertuaren arduraduna, ‘Panpin Orkestra’ izeneko lanarekin, Herri Arte Eskolako orkestrarekin elkarlanean.
– Zerk bultzatu zintuen lan hau prestatzera?
– Behar pertsonal eta aldi berean kolektibo batetik sortzen da. Mugimendu feministarentzat erreferentziazkoak diren liburuak irakurtzen hasi eta informazio guzti hori biltzen hasi nintzen, nire egunerokora eramaten saiatuz. Gogoeta horiek guztiak lagunekin partekatzerakoan eta zauri asko pertsonalak ez ezik kolektiboak ere badirela konturatzen hasi nintzenean, orduan nor eta zergatik naizen ulertzen hasi nintzen. Beraz, musika hausnarketa horiek guztiak transmititzeko erabiltzen dut. Horregatik sortu zen lehenengoz ‘Panpin hautsien dantza’ eta ondoren ‘Panpin orkestra’.
– Zer transmititu nahi duzu proiektu honekin?
– Batetik, musika idazketa dago, zeinaren bidez haustura, hauskortasun, negar eta itxaropen, indar zein baretasun sentsazioak transmititu nahi ditudan. Emozio kontraesankorrak dira, baina aldi berean bizitza bezain errealak. Eta, bestetik, testuingurua biltzen duten testuak daude. ‘Drama’ abestia dugu, sentiberatasun emozionalaren burlaz hitz egiten diguna; ‘Histeria’, zauri kolektiboez; ‘Baso’, norbere buruarengan sinesteko beharraz; ‘Kali’, erreferentziazko pertsonaien garrantziaz; eta ‘Ama’, beldur eta ziurgabetasunaz.
– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Kontzertua esperientzia bat da. Aberatsa da ehunduretan eta sentsazioetan, eta, beraz, ez da beharrezkoa musika klasikoaren zale izatea gozatu ahal izateko. Gainera, bakarra da. Ez da berriro errepikatuko.
– Zer esan nahi du zuretzat lan hau Musikasten aurkezteak?
– Mugarri handia da nire ibilbide profesionalean. Orkestrarako kontzertu oso bat idaztea berria da niretzat eta, gainera, Musikaste bezalako jaialdi batek babesa emateak oso eskertuta sentiarazten nau.