Katedralerako erlijio-obra ugari idatzi ditut, kapera maisu izanik nire egitekoa baita, baina niri musika modernoa gustatzen zait, musika elektronikoa adibidez
Andoainen jaio zen 1924ko maiatzaren 13an. 7 urterekin hasi zen musika ikasten. Urte batzuk geroago Comillaseko Unibertsitate Pontifiziora joan zen Filosofia eta Teologia ikastera.
Pianoa, organoa eta konposizioa ere ikasi zituen Donostia eta Murtziako kontserbatorioetan Luis Urteaga, Francisco Escudero eta Manuel Massotirekin. Zazpi urtean Comillaseko organista izan ondoren, Orihuelako kapera-maisu postua lortu zuen, eta han musika-irakaslea eta seminarioko schola cantorumaren zuzendaria izan zen. 1960an Valladolideko katedraleko organista eta kapera-maisu izendatu zutela-eta, han bizi zen geroztik.
Valladolideko kontserbatorioan Koraleko irakaslea izan zen, zuzendaria ere bai, eta kontserbatorioko ganbera-koruaren sortzaile. Kontzertu eta grabazio asko egin zituen organoa joz. Gainera, Revista Española de Musicologían argitaratu diren hainbat ikerlan egin zituen, eta koraleko metodo batzuk ere bai. 1988tik Arte Ederren Akademia Errealeko osoko kide izan zen.
Konposizioari dagokionean, musika erlijiosozko lanak ditu bereziki nabarmentzekoak (Tesoro Sacro Musical y Melodían argitaratuak batzuk). Musika garaikidean ere izan zuen interesa: bi pianorako “2 FZ” (1979) eta “Las Edades del Hombre” kantata (1933) egin zituen, besteak beste. Bere jaioterrian, Andoainen, omenaldia egin zioten 2017an, eta bertain eskaini zen kontzertuan berak sortutako obrak soilik egon ziren entzungai.
2018ko abuztuaren 18an zendu zen Valladoliden.