Maite Arruabarrenaren ahotsa indartsu entzungo da martxoaren 19an Madalena Ermitan, Musikasteren hirugarren kontzertuan. Susana G. de Salazar pianista eta Aitzol Iturriagagoitia biolinista izango ditu lagun ekitaldi honetan.
– Kantu irakaslea zara Musikenen, nola datoz kantu belaunaldi berriak?
– Gero eta formatuago daudela esango nuke, eta etorkizunean zer nahi duten argiago dutela. Musikenen hasi ginenetik ikusi ahal izan dut ikasle belaunaldi berriek, salbuespenak salbuespen, kantuaren eta kantariaren munduaren inguruko guztiaren ezagutza handiagoa eta hobea dutela. Euskal kantarien kopurua ere nabarmen handitu dela ikusi dut, eta horrek bereziki pozten nau.

– Nola sortu zen proiektuko lankidetza Aitzol Iturriagagoitia eta Susana G. Salazarrekin?
– Susanak eta biok 25 urte baino gehiago daramatzagu elkar ezagutzen, eta batzuetan kolaboratu izan dugu. Bion bizitzako egoera zailetan berriro topo egin genuen, eta handik sortu zen berriro elkarrekin lan egiteko aukera. Susanak proiektu batean parte hartzea proposatu zidan, non euskal emakume konpositoreen lanak interpretatu ahal izango genituen, hala nola Emma Chacon eta Anita Idiartborde. Emakume izateagatik, ez zuten aukera berdinak izan euren obra kontzertuetan programatuta ikusteko, ezta, beraz, errekonozituak izateko ere. Bitxia bada ere, Emma Chaconek jaiotze-urtea Donostiarekin eta Guridirekin partekatzen du; eta Idiartardek adiskidetasun-harremana izan zuen Donostiarekin. Beraz, interesgarria iruditu zitzaigun programa berean biltzea, haiei gustatuko zitzaien bezala. Aitzol, biolin jotzaile bikaina izateaz gain, biolin irakaslea da Musikenen eta nire lankidea. Beraz, proiektu honetan gurekin kolaboratzeko pertsona aproposa iruditu zitzaigun, eta bera gogotsu batu zen.

– Zer nabarmenduko zenuke elkarlanetik?
– Gure artean alderdi guztietan dagoen sintonia ona nabarmenduko nuke. Oso gustura lan egiten dugu hirurok elkarrekin, eta lanbide honetan aritzearen poza partekatzen dugu. Ondo pasatzen dugu elkarrekin lan egiten.

– Zer sentsazio helarazi nahiko zenizkioke publikoari emanaldian zehar?
– Egiten ditudan kontzertu guztietan bezala, musikaren eta nire ahotsaren bidez ikuslearengan emozioak piztea da nire helburua, eta emanaldiak irauten duen bitartean publikoak esperientzia pozgarri eta aberasgarria bizi dezala.