Heinrich Walther organista alemanak Musikasteren 54. edizioari hasiera emango dio igande honetan, Parrokian egingo den kontzertuan. Tomas Garbizu, Juan Crisostomo de Arriaga eta Jose Maria Usandizagaren lanen zale sutsua da musikaria, eta emanaldian hiru euskal konpositore handi hauen obrak eskainiko ditu. Duela gutxi, bere jaioterrian emandako kontzertu batean, azken bi egile horien lanak interpretatu zituen.

– Zer sentsaziorekin geratu ziren alemaniar ikusleak konpositore hauen obren aurrean?
– Friburgoko Goi Mailako Kontserbatorioan kontzertua eskaini nuen duela bi aste. Alemanian, entzuleek ez dute Usandizaga ezagutzen, baina bere musika asko gustatu zitzaien. Bere lanak Errusian ere jo nituen, baita AEBetan, Israelen eta beste herrialde batzuetan ere. Hari-instrumentuak jotzen dituzten musikariek, edo hari-laukoteetako kideek, Arriagaren hiru laukoteak ezagutzen dituzte, zoragarriak direnak.

– Arriaga eta Usandizagaren transkripzioak interpretatuko ditu. Nola ezagutu zenituen Arriaga eta Usandizagaren lanak?
– Duela gutxi, 2025eko udan, Arriagaren sinfonia ezagutu nuen. Edertasun ikaragarria aurkitu nuenez, bere lana ikasten jarraitzea erabaki nuen. Usandizagarekin gertatu zitzaidana pixka bat desberdina da. Duela denbora asko, Asturiasko lagun batek Esteban Elizondok – Donostiako organo irakasle izandakoa eta mundu osoan ezaguna- argitaratutako liburu bat oparitu zidan. «Organorako musikaren ehun urte Euskal Herrian eta Nafarroan» du izena liburu honek. Liburu honen barruan J. M. Usandizagaren organorako bi lan daude. Ikasi ditut eta agian beste lan interesgarriago batzuk ere bazirela pentsatu nuen. Hala, orkestrarako egin zituen obrak ezagutu nituen, interneten eta CD batean aurkitu nituen grabazio batzuei esker. Euskadiko Orkestrarekin Händelen eta Poulencen kontzertuak jo nituenez, duela 30 urte baino gehiago, orkestraren administraziora deitu nuen eta esan zidaten lan guztiak Eresbil Fundazioaren artxiboan daudela. Hara deitu nuen eta oso atseginak izan ziren. Usandizagaren orkestrarako obren partitura guztiak bidali zizkidaten. 2013 eta 2015 artean organorako transkribatu ditudan lan horietako lau daude Alemanian argitaratuak, Dohr argitaletxean, Kolonian. Asko gustatzen zait bere obra. Oso musika adierazkorra da, XX. mendearen hasierako frantsesen eragina naturalki erakusten duena. Betidanik asko interesatu zaidan garaia da. Musika estiloak oso desberdinak dira garai honetan, adibidez, Alemanian, Richard Strauss edo Max Regerrekin, eta Frantzian, Debussy eta Ravel bezalako ordezkariekin. Usandizaga ikaslea izan zen Vincent d’Indyren konposizio klasean eta bere konposizio gehienak oso gazte idatzi zituen, 16-20 urte zituenean.

– Zein irizpide erabili dituzue interpretatuko diren Tomas Garbizuren Meza Beneditarraren zati zehatzak aukeratzeko?
– Pasarteak Andra Mari abesbatzako zuzendariak aukeratu ditu, Andoni Sierrak, eta kontzertuaren formatua ere kontuan hartu behar da: «matinée» bat da, goizeko 10etan, eta 11etan meza emango da.

– Zer espero du publikoak antzematea edo deskubritzea transkripzio horiek eta obra korala batera entzutean?
– Espero dut, benetan, publikoak Euskal Herrian idatzitako musika hain aberats eta adierazkorraren edertasunaz gozatzea. Iruditzen zait arte korala dela alderdi garrantzitsuenetako bat. Alemanian koru asko daude tradizio honi buruz zerbait dakitenak; adibidez, Tolosako Nazioarteko Lehiaketa oso ezaguna da han, eta Amezua eta Cavaillé-Coll eraikitzaileen organoak ere ezagutzen dira, Donostian, Azkoitian eta Loiolan, eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan. Oso pozik nago datorren astean Errenteriara itzuliko naizelako.