José Luis Ansorena (1928-2019)

 Jose Luis Ansorena era isilean eta apalean lan egin zuen gizona izan zen. Fruitu ugariko gizona, bere egitekoa musika eta kantuaren eremuan kokatzen da nagusiki.

Maiatzaren 1ean zendu zen José Luis Ansorena Iruñean. Donostian jaio zen 1928an. Harmonia-, konposizio- eta piano- ikasketak Donostiako Kontserbatorioan egin zituen Luis Urteaga eta Beltran Pagolarekin. 1942an Altsasuko Kaputxinoen Seminarioan sartu zen eta ikasketa erlijiosoekin batera musikakoak sakondu zituen. 1953an apaiztu, eta hurrengo urteetan abesbatza ugari sortu eta zuzendu zituen Iruña, Zaragoza eta Errenterian. Errenterian, hain zuzen, Andra Mari (1966), Orereta haur-korua (1968) eta Oiñarri gazte-korua sortu zituen. Euskal musikagileen musika ezagutarazteko, 1973an Musikaste zikloa sortu zuen eta, hurrengo urtean, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa euskal musikaren ondarea jasotzeko. Organista ere izan da fraide bidali izan duten lekuetan. Euskal musikari buruzko ikerketa, artikulu, liburu eta musikagileen katalogo ugari egin ditu: Aita Donostiari buruzko biografia; txistua eta txistularien inguruko liburua; eta Almandoz, J.M. Usadizaga, Sorozabal eta Aita Donostiaren musika katalogoak, adibidez. Obra erlijiosoak eta korurako lanak idatzi ditu.

Fruitu ugariko gizona (musika eta kantu sortzailea, Andra Mari Abesbatza, Musikaste, ERESBIL…)  Bere bizitzan eta ahaleginetan, On Jose Migel Barandiarani bere amak erakutsi zion hura bete zuen pertsona izan zen: udareondo emankorrenen moduan, pertsonak ere zenbat eta beteago orduan eta apalago.

Gure gizartea eta mundua hobetu eta edertu du Ansorenak, izpiritua aberastu digu eta gutasuna jaso du. Gizakiok musika eta kantua sortzen dugunean, eta zer esanik ez sortutakoa abesbatza denean… guretzat eta besteentzat egiten dugu, gutasuna eraikitzen ari gara. Gutasun armonikoa, besteei irekia, besteekin gauzatzen dena. Eta Jose Luis Ansorenak horixe egin izan du eta bere zereginari esker beste hainbat gauza hezur-mamitzea eragin du: bere lanarekin gure herria eta gure gizartea eraikitzen lagundu du.

Agur eta ohore!

José Luis Ansorenaren izaera eta obrari buruzko informazio egehiago

José Luis Ansorena (1928-2019)

 

IN MEMORIAM IGNACIA OLAIZOLA (1919-2019)

Donostian jaio zen 1919an, familia musikazale baten baitan. Bere aita Gabriel Olaizola zen, eta huraxe izan zen bere lehen musika irakaslea. Euzko Abesbatzako eta Eresoinkako sopranoa izan zen, eta bertan abestu zuen bakarlari bezala estreinako aldiz. Gerrate zibilean Frantziako Gironde eskualdean egon zen, 1941ean itzuli zen arte. Mª Teresa Hernándezen ikaslea izan zen eta berarekin ere abestu zuen ahots zurien Maitea Abesbatzan. Donostiako Afizionatuen Konpainia Lirikoan parte hartu zuen 40ko hamarkadan, opera eta zarzuela interpretatuz.

Probidentziako Ahizpen ordenan botoak egin zituen, eta Mª Gabriela eliza-izena hartu zuen handik aurrera. Agurainen eta Vitoria-Gasteizen egon zen eta bi lekuetan erlijio ospakizunetan abesteko abesbatzak antolatu eta zuzendu zituen. Abesbatza hauentzat hiru eta lau ahotsetako hogei obra inguru konposatu zituen, eta 2007an argitaratu ziren. Vitoria-Gasteizen bizi da eta ehun urte inguru ditu.

JOSÉ LUIS DE SALBIDE (1932-2018)

JOSÉ LUIS DE SALBIDE (1932-2018)

2018ko urriaren 22an zendu zen Donostian orkestra zuzendaria eta musikagilea zen José Luis Salbide jauna.
Donostian jaio zen 1932ko azaroaren 20an, eta piano ikasketak eta biolin karrera osoa Donostiako Kontserbatorioan egin zituen. Orkestra zuzendaritza ikasketak Vienan egin zituen Hans Swarowsky maisuarekin eta Sienan, Franco Ferrararekin.
1980an Tolimako (Kolonbia) Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta bertako Orkestra Sinfonikoko zuzendari izendatu zuten, eta baita garai hartan Kolonbiako lehen abesbatzatzat hartzen zen Tolima abesbatza ere zuzendu zuen. Hainbat orkestra zuzendu zituen, beste batzuen artean: Londoneko Lamberth Simphony Orchestra, Lisboako Orkestra Filarmonikoa, Metropolitan Simphony Orchestra, Cambridge Chamber Orchestra, Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionala edo Floridako Southwest Symphony Orchestra, baita Donostiako Ganbera Orkestra ere.
Musikagile moduan Bogotako Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen Alberto Ginastera musikagile argentinarrarekin. Hainbat obra idatzi izan zituen, orkestrarako nagusiki,esate baterako: orkestrarako Ricercare obra Salvearen gaiari buruz, Gernika (orkestrarako Elegía), Santa María de Palacio kantata, Memorias 1990 (narratzaile eta orkestrarako) eta Poemas 1991 (narratzaile eta orkestrarako).

Pedro Aizpurua (1924-2018)

Katedralerako erlijio-obra ugari idatzi ditut, kapera maisu izanik nire egitekoa baita, baina niri musika modernoa gustatzen zait, musika elektronikoa adibidez

Andoainen jaio zen 1924ko maiatzaren 13an. 7 urterekin hasi zen musika ikasten. Urte batzuk geroago Comillaseko Unibertsitate Pontifiziora joan zen Filosofia eta Teologia ikastera.

Pianoa, organoa eta konposizioa ere ikasi zituen Donostia eta Murtziako kontserbatorioetan Luis Urteaga, Francisco Escudero eta Manuel Massotirekin. Zazpi urtean Comillaseko organista izan ondoren, Orihuelako kapera-maisu postua lortu zuen, eta han musika-irakaslea eta seminarioko schola cantorumaren zuzendaria izan zen. 1960an Valladolideko katedraleko organista eta kapera-maisu izendatu zutela-eta, han bizi zen geroztik.

Valladolideko kontserbatorioan Koraleko irakaslea izan zen, zuzendaria ere bai, eta kontserbatorioko ganbera-koruaren sortzaile. Kontzertu eta grabazio asko egin zituen organoa joz. Gainera, Revista Española de Musicologían argitaratu diren hainbat ikerlan egin zituen, eta koraleko metodo batzuk ere bai. 1988tik Arte Ederren Akademia Errealeko osoko kide izan zen.

Konposizioari dagokionean, musika erlijiosozko lanak ditu bereziki nabarmentzekoak (Tesoro Sacro Musical y Melodían argitaratuak batzuk). Musika garaikidean ere izan zuen interesa: bi pianorako “2 FZ” (1979) eta “Las Edades del Hombre” kantata (1933) egin zituen, besteak beste. Bere jaioterrian, Andoainen, omenaldia egin zioten 2017an, eta bertain eskaini zen kontzertuan berak sortutako obrak soilik egon ziren entzungai.

2018ko abuztuaren 18an zendu zen Valladoliden.

Luis Udakiola Etxeberria (1939-2018)

2018 ekainaren 23an zendu zen Donostian, Luis Udakiola Etxeberria. Biolinista, txistularia, musikagilea eta musikografoak, urte askotan txistulari aldizkarian parte hartu izan zuen.  Goian bego.

Luis Udakiola Etxeberria Donostian jaio zen 1939ko abenduaren 26an. 1949an Donostiako Udal Kontserbatorioan matrikulatu zen. Bi urte beranduago biolina ikasten hasi zen Josefa Iribas eta Ricardo García Carresse irakasleekin; bosgarren mailatik aurrera Eduardo Hernández Asiain izan zen bere irakaslea. 1954an, kontserbatorio berdinean, txistua ikasten hasi zen Secundino Martínez de Lecearekin, hasiera batean, eta Isidro Ansorenarekin ostera. 1959an txistu ikasketak nota onerarekin amaitzeaz gain, biolin grado erdia ere amaitu zuen, karrera amaierako lehen saria lortuz.

Biolinista gisa, Donostiako Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoan parte hartu zuen 1962tik 1967ra. Aldi berean, Gipuzkoako Ganberako Orkestra sortu zuen, Eduardo Hernández Asiainek zuzendu zuena. 1974tik 1983ra Donostiako Barroko Taldeko kide izan zen, Tomás Aragüésen zuzendaritzapean, lehenik, eta Ana Mª Sebastianen zuzendaritzapean ondoren.

Txistulari bezala Salleko eta Goizaldi euskal dantza taldeetan parte hartu zuen, baita beste hainbat erakunderekin ere. Txistuaren talde esperimentaleko kide izan zen, Javier Hernández Arsuagaren zuzendaritzapean.

1981tik 1991ra Donostiako Francisco Escudero Goi Mailako Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izan zen.  1994tik 2000ra Pasaiako Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izan zen.

Musikografo bezala lan handia egin zuen Txistulari aldizkarian: 1981etik 2015era, 121 musika biografia idatzi zituen, gehienak aldizkarian argitaratutako musikaren azalpenen atalean, Izki goitizena erabiliz batzuetan.

Konposizioari dagokionean, jarraian aipatzen diren Donostiako inauterirako obrak idatzi zituen, Xabier Jacinto Rialeko harmonizatu eta instrumentatu zituenak.

–        Marcha del Pregón

–        Gora Inauteria (kalejira)

–        Vals del pregonero

–        Goiztirietara (kalejira)

–        Mañanitas al dios Momo (Deia, diana, zortziko eta kalejira)

–        Adarrarena (“torero” kalejira)

–        Etorkizuna (Martxa)

–        Urumea txuriurdin (Bals)

–        Umeena (Kalejira)

–        Arraisaltzaileak (Fandango)

–        Arrai txiki (Arin-arin)

–        Gazteok gara (Fandango)

–        Gora gure gaztedia (Arin-arin).

Luis Iriondo Etxaniz (1931-2017)

Luis Iriondo

“… he escrito muchas canciones que han salido en dos LP, uno de Mocedades y otro del trío Unai. Ahora estoy preparando un repertorio de canciones sefardíes. Un álbum de 24 canciones al piano, que las recopilé hace tres años en Israel…”

                                                                               (1979ko Diario Vascon argitaratutako elkarrizketa)

Luis Iriondo Etxaniz  1931ko maiatzaren 25ean Azkoitian jaio zen.

Hezkuntzari dagokionean autodidakta izan zen, eta bere izaera polifazetikoagatik hainbat diziplina artistiko garatu zituen.

Kazetaria izan zen eta  gidoiak, libretoak eta liburuak ere idatzi zituen, aipagarria delarik Dantzak izenburu duena. Irratiko programatzailea eta zinema zalea izan zen; hamalau filmetan parte hartu zuen, paper garrantzitsuak ere bete izan zituelarik. Caja Laboraleko Marketing Zuzendaria izan zen, bai eta Eusko Jaurlaritzako Harreman Publikoetako burua, bai eta ETBko lehen zuzendaria.

Musikako alor ezberdinetan jardun zuen:  abeslaria,  “Los Contrapuntos” taldeko fundatzailea, musikalak egokitzen zituen, diskoak ekoizten zituen eta dokumental laburren musika ere egokitu izan zuen.

2017ko azaroaren 25ean Azkoitian zendu zen.

Bakarka eta Miguel Mª Azpiazurekin lankidetzan, hainbat abesti idatzi izan zituen, horien artean Gudu eda Amodio Kantak bilduma.