José María Goicoechea (1924-2017)

José Mª Goicoechearen Evocaciones CDko argazkia (Ars Incognita)

2017ko uztailaren 13an José Mª Goicoechea zendu zen.  Erlijio musikako partitura ugari idatzi zituen bai eta ahots-lanak, organo-lanak, bai eta piano eta orkestrarako bi kontzertu.

José Mª Goicoechea 1924ean jaio zen Beran. Musikagile eta organista. Higinio Anglés eta E. Cardinerekin ikasi zuen Instituto Pontificio de Música Sacran. Iruñean, konposizioa Fernando Remacharekin ikasi zuen eta organoa Luis Tabernarekin.

1964an Escolanía Niños Cantores de Navarra sortu zuen, hainbat sari jaso zituelarik. 1989an garai bateko haur kantariekin Coral Liguori sortu zuen. 2009an Iruñeako Ganbara Abesbatzak Luis Morondo saria eman zion, eta Nafarroako Ganbera Abesbatzako Ohorezko Bazkidea zen. 2011n Nafarroako Abesbatzen Elkarteak urrezko domina eman zion.

2017ko uztailaren 13an Santander-eko Aita Redentoristen egoitzean zendu zen.

Erlijio musikako partitura ugari idatzi zituen bai eta ahots-lanak, organo-lanak, bai eta piano eta orkestrarako bi kontzertu, hirugarrena ere hasia zuelarik.


Mª Luisa Ozaita (1939-2017)

2017ko Apirilaren 5an Mª Luisa Ozaita Madrilen zendu zen. Emakumearen, eta bereziki emakume musikagileen defendatzaile sutsua zen. Mª Luisak bere musika legatua ERESBILi dohaintzan ematea erabaki zuen.

Barakaldon jaio zen 1939an. Pianoan, klabezinean eta konposizioan tituluduna, Fernando Remacha nafar konposagilearekin ikasi zuen.

Copenhague-ko Kontserbatorio Errealean ikasi zuen L. Thybo y K.J. Isaksen-ekin, Frantzian K. Gilbert-ekin, eta nazioarteko hainbat ikastarotan parte hartu izan zuen, Darmstadt-ekoak esate baterako. Europa, Ipar Amerika, Ekialdeko Herrialdeetan eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan kontzertu ugari eskaini izan ditu klabezinista moduan.

Bestalde, Mujeres en la Música elkarteko fundatzailea izan zen eta egun Ohorezko Presidentea, eta emakumeen musikan egindako ekarpenen inguruan antolaketa jarduera ugari, hitzaldi eta publikazio egin ditu. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide osoa zen.

Konposagile mailan, genero ugari landu  izan ditu: musika eszenikoa, orkestrakoa, korala, talde instrumentalekoa, ahots eta akonpainamendukoa, klaberako obrak, eta abar…

Enkargu ugari jaso izan ditu, bere obrak jaialdi ospetsu askotan estreinatuak izan direlarik. Boileau argitaletxean obra ugari kaleratu ditu. 2001ean, María José Martín piano-jotzaileak, bere musikari buruzko doktoretza tesia aurkeztu zuen Cincinnatiko (EEBB) Unibertsitatean, Drama y poesía en la música de María Luisa Ozaita izenburuarekin.

ERESBILek gordetzen duen funtsean berak sortutako musika konposizioen jatorrizko partiturak eta kopiak gordetzen dira, bai eta bere liburutegiaren zati bat ere. Emakume musikagileei buruzko partiturak eta dokumentazioa aurki daiteke eta 1999an Bilbon egin zen “Mujeres en la Música” kongresuari buruzko dokumentazioa ere.

Imanol  Urbieta  (1934-2016)

Imanol Urbieta (1934-2016)

“Musika haur guztien eskubide unibertsala da”

Hauxe zen Imanol Urbietaren alegatoa eta leloa. Euskal Herriko haur guztien musika imaginaroko parte diren abesti asko eta asko sortzeaz gain, musikagile, zuzendari eta musikaria izan zen.

1934an Zarautzen jaio zen. Musika ikasketak Gasteiz, Donostia, Bordele, Budapest eta Estrasburgon egin zituen. Oleskariak abesbatza sortu eta zuzendu zuen. Baian pedagogia mailan egindako lana nabarmendu daiteke batez ere. Txalo Pin Txalo metodoa sortu zuen bai eta Donostiako Txirula Mirula musika eskola ere. Beste elkarte/pertsonekin lankidetzan 60 ekoizpen diskografiko sortu zituen. Psikomotrizitatearen garrantzia azpimarratzen aitzindarietakoa izan zen. 2016ko irailaren 28an zendu zen.

Oso abesti ezagunak sortu izan zituen, haurrei zuzenduak gehienak: Astoa ikusi nuen; Behin betiko; Bakarrik eta libre; Behin batean ihes; Jolasean nenbilen; Jon Braun; Ran Rober Ran; Txiki, txiki, txikia; o Txoria nintzela.

 

Manuel  Yaben  (1915-2015)

Manuel Yaben (1915-2015)

Berastegin jaio zen 1915. urtean. Solfeoa eta pianoa ikasi zituen eta jaioterriko koruan bakarlari moduan ere abestu zuen. 26 urte zituela bere aitak akordeoi bat oparitu zion. Autodidakta moduan ikasi zuen eta urte baten buruan eskeini zuen bere lehenengo kontzertua Radio San Sebastianen. Momentu hartatik aurrera ospakizun eta inguruko herrietako festa ezberdinetan akordeoia jotzen hasi zen. Ostera, Bartzelonara joan zen, orkestra ezberdinetan jotzen ibili zen eta azkenik Camaragüey Hirukoteko partaide izatera igaro zen. Sortu berria zen laukote honek, Portugalen eta Afrika iparraldean sei urtez kontzertuak ematen jardun zuen.

1949. urtean Hernanin finkatu zen. Musika Klasikoaren (Bach-en musika oso gustoko zuen) eta Jazz-aren maitale, bere piano eta organu ikasketak sakontzen jarraitu zuen, Donostiako Kontserbatorioan organuko ikasketak bukatuz.
Lehiaketa ugari irabazi zituen, besteak beste Espainiako Lehenengo Akordeoi Lehiaketa 1952an. Zer esan handia eman zuen lorpen honek, egunkarietan Manuel Yaben “Mago del Acordeón” deitzen zutelarik.
Irakasle lanetan ere aritu zen zentru ezberdinetan, solfeo, piano, akordeoi eta organuko klaseak ematen. 1972 eta 1984 urte bitartean Hernani Musika Akademiako irakaslea izan zen. Bere ikasleek, sari nazional zein nazioarteko sari ugari lortu zituzten, horietako batzu irakasle lanetan ere aritu dira.