JOSÉ LUIS DE SALBIDE (1932-2018)

2018ko urriaren 22an zendu zen Donostian orkestra zuzendaria eta musikagilea zen José Luis Salbide jauna.
Donostian jaio zen 1932ko azaroaren 20an, eta piano ikasketak eta biolin karrera osoa Donostiako Kontserbatorioan egin zituen. Orkestra zuzendaritza ikasketak Vienan egin zituen Hans Swarowsky maisuarekin eta Sienan, Franco Ferrararekin.
1980an Tolimako (Kolonbia) Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta bertako Orkestra Sinfonikoko zuzendari izendatu zuten, eta baita garai hartan Kolonbiako lehen abesbatzatzat hartzen zen Tolima abesbatza ere zuzendu zuen. Hainbat orkestra zuzendu zituen, beste batzuen artean: Londoneko Lamberth Simphony Orchestra, Lisboako Orkestra Filarmonikoa, Metropolitan Simphony Orchestra, Cambridge Chamber Orchestra, Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionala edo Floridako Southwest Symphony Orchestra, baita Donostiako Ganbera Orkestra ere.
Musikagile moduan Bogotako Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen Alberto Ginastera musikagile argentinarrarekin. Hainbat obra idatzi izan zituen, orkestrarako nagusiki,esate baterako: orkestrarako Ricercare obra Salvearen gaiari buruz, Gernika (orkestrarako Elegía), Santa María de Palacio kantata, Memorias 1990 (narratzaile eta orkestrarako) eta Poemas 1991 (narratzaile eta orkestrarako).