Eresbil Berriak

Urko Sangroniz: “Garrantzitsua da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten saiatzea”
Musikastek egun berezia ospatuko du ostiral honetan. Lekuona Fabrikak Abesbatzen Eguna ospatuko du maiatzaren 23an, 19:30ean. Edizio honetan gazteen abesbatzen lana nabarmendu nahi da. Parte hartuko duten taldeetako bat Euskeria da, Urko Sangronizek zuzendua.
– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Oso garrantzitsua da txikitatik harremana izatea abesbatzen munduarekin edo, gutxienez, musikarekin. Interesgarria da sentsibilitate hori garatzeko. Eta behin mundu horretan murgilduta, eguneroko lanak eta proiektuen interesak ere garrantzi handia dute. Bestalde, beharrezkoa da gazteek euren ahotsa ezagutzea eta elkarrekin abesten probatzea, orduan sortzen dena esperimentatuz.
– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Baietz esango nuke, baina agian orain ez da hain ugaria. Aisialdiko eskaintza gero eta handiagoa da, honi aurre egin behar diogu, zeren eta gazteen lehentasunak aldatu egin baitira. Kantu koralean sartzeko modu tradizionaletako bat instrumentu bat ikastea izan da, eta orain ez dago hain prest bere ikasketetan sakrifikatzeko. Uste dut hori dela errealitatea eta horregatik baloratu behar ditugu gure abeslari gazteak.
– Zer esan nahi du zure abesbatzarentzat Musikasteren edizio berri honetan parte hartzeak?
– Guretzat ohorea da Musikaste bezalako jaialdia abestea, aldez aurretik parte hartu duten abesbatza guztiak kontuan hartuta. Kontzertuaren eguna iristeko gogo handia dugu.
– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Nire ustez, lan hori oso beharrezkoa eta oso goraipagarria da, hamarkadetan zehar koruen sorkuntza eta zabalkundea dinamizatzeko izan duen grinagatik. Ekimen hauek funtsezkoak dira herri honetako abesbatzen munduarentzat.
– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Aita Donostiaren bi lanen arteko kontrastea azpimarratuko nuke, alde batetik, hizkuntza klasikoagoarekin, tradizioarekin, bere idazkera gardenagoarekin; eta Xabier Sarasolaren idazkerekin, bere kolore eta sotiltasun harmoniko bereizgarriekin eta testura eskuzabalagoekin. Bi konpositoreek zentzu melodiko nabarmena dute, koruen gustokoa.

Oihana Etxabe: “Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana zoragarria eta beharrezkoa da”
Musikastek Koruen Egun berezia dakar aurtengo ediziora, zehazki, gazteen abesbatzak nabarmendu nahi ditu. Lekeitioko Kantakai korua izango da ostiral honetan, maiatzaren 23an, 19:30ean, Lekuona Fabrikan, izango den bat. Oihana Etxabe zuzendariak azaldu duenez, “gazteak erakartzeko, haiekin lan egiten dugunok gaur egungo gizartera egokitu behar dugu”
– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Bai, oso ona. Euskal Herria oso kantuzalea da. Ni Mutrikukoa naiz eta gure korua Lekeitiokoa, eta bi herri hauetan tradizioa handia dago. Lekeition bazegoen oso ospetsua zen abesbatza, Itsas Soinua. Horrek memoria utzi du herrian. Egin behar duguna da formulak aurkitzea gazteak erakartzeko.
– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Badakigu gaur egungo egoera zein den. Gazteak erakartzeko gizartera egokitu behar gara mundu honetan lan egiten dugunok. Nire aldetik, errepertorioekin jolasten saiatzen naiz. Koruko kideei galdetzen diet zeintzuk diren euren gustuak, eta denen artean adosten ditugu abestuko ditugun kantak. Erabaki honen partaide egiten ditut, eta gustora sentitzen dira. Beraiekin gertutasuna erakutsi behar da. Beste aldetik, dinamika oso garrantzitsua da gazteekin lan egiterako orduan. Emanaldiak antolatzen ditut entseguetan egindako lana erakusteko. Asko gustatzen zaie beste herritako koruak ezagutzea. Azkenik, etengabeko prestakuntza egin behar da gazteekin nola lan egin ikasteko.
– Zer suposatzen du zure abesbatzarentzat Musikasten parte hartzeak?
– Ilusio handiz parte hartuko dugu. Guk Lekeitio inguruan kontzertuak egiten ditugu, batez ere, gure herrian. Aukera hau oso polita da. Gogo handia daukagu bertan izateko eta beste abesbatzekin esperientzia hau bizitzea eta ezagutzea.
– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Zoragarria eta beharrezkoa, batez ere, ikusita nola dagoen abesbatzen egoera gaur egun. Ez dira momentu onak eta bultzatu behar dugu. Mundu honetan lan egiten dugunok pausoak eman behar ditugu honen alde. Horregatik, oso garrantzitsua da Musikasteren lana. Oso inportantea da bere programan egun bat edukitzea koruei eskainita.
– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Egitaraua nahiko xumea, sinplea, daukagu. Gure koruko kideak eroso sentizen diren egitaraua. Koru konpaktua gara, hau da gure ezaugarritako bat. Ez nuke egitarauaren abesti bat nabarmendu nahi, baina Zugana Manuela abestia eskainiko dugu, eta zaila da. Koru kidei asko gustatzen zaie eta Musikasten abestu nahi izan dute. Esan zidaten: “Bai, hau egon behar da”.

Juan Mari Beltran: “Gutxitan entzuten da kontzertu batean txistua, alboka eta dultzaina”
Txistua, alboka eta dultzaina nagusi izango dira ostegun honetan, maiatzaren 22an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Juan Mari Beltran interprete eta ikertzaileak kontzertua eskainiko du Herri Arte Eskolarekin eta Hernaniko txistulariekin batera.
– Zer suposatzen du zuretzat kontzertu hau ematea?
– Musikaste gure inguruan oso jaialdi garrantzitsua da. Askotan izan naiz entzule giza, eta orain aukera daukat artista moduan izatea. Asko pozten naiz. Errenterian programa honen hirugarren saioa emango dugu, eta esan beharra dago ez dela beste alditan bezela izango.
– Nolakoa izan da Herri Arte Eskolako alboka taldearekin eta Hernaniko txistulariekin lan egitea?
– Esan dudanez, oso berezia izango da niretzat kontzertu hau ematea, baina, are gehiago, aurrera eramatea nire ikaslea izan zen Haritz Ezeizarekin. Alboka, dultzaina eta txistula irakatsi nizkion, eta orain bera da irakaslea Herri Arte Eskolan. Kontzertua berarekin eta bere ikasleekin izango da. Entseguetan oso babestuta eta gustora sentitu naiz.
– Zer nabarmenduko zenuke kontzertu honetatik?
– Gutxitan entzuten da hau bezalako emanaldia, eta gutxitan izaten naiz lanean hain talde handiarekin. Era berean, ez da askotan entzuten kontzertu batean alboka, dultzaina eta txistua denak batera. Halaber, egitarau honetan izango ditugu tradizioko soinuak eta sormen handiko piezak eta moldaketak.
– Zer helarazi nahi diozu publikoari emanaldi honetan?
– Gustatuko litzaidake, entzuleek sentitzea nik sentitzen dudana.
– Nola baloratzen duzu Musikasteren lana euskal musikaren panoraman?
– Musikaste erreferente bat da euskal musikan. Beharrezkoak dira horrelako egitarauak, hitzorduak eta antolaketak. Musikastek euskal musika era oso zabalean kokatu du.

Haizea Huegun: “Dance of Change lanarekin adierazi nahi dugu aldaketa indar eraldatzailea eta positiboa dela, batez ere lankidetzatik eta sororitatetik sortzen denean”
ESAS Kamerata Niessen Kulturgunean izango da asteazken honetan, maiatzaren 21ean, 19:00etan. Taldeak bere lehen lan diskografikoa aurkeztuko du, Dance of Change, Haize Huegun musikagileak sortutakoa.
– Nola baloratzen duzu euskal musikaren panorama sortzailea?
– Euskal musikaren panorama sortzailea oso une aberatsean eta eraldatze betean dago. Tradizioa eta soinu-joera berriak elkarrekin nola bizi diren ikusten dugu, eta gero eta emakume profesional gehiago— konpositoreak, interpreteak, zuzendariak, kudeatzaileak —ekosistema honetan merezi duten lekua hartzen ari direla. ESASetik gure lurraldeko ehun artistikoaren indarrean sinesten dugu, baita erreferente eta sorkuntza modu berriak bultzatzen dituzten sare inklusiboak ehuntzeak duen eragin positiboan ere.
– Nola sortu zen Dance of Change proiektua?
– Dance of Change gure lehen lan diskografikoa da, ESASen misioa soinuan islatzeko borondatearen emaitza: emakume profesionalari musika klasikoan ikusgarritasuna ematea, eta berrikuntza- eta irekiera-leku batetik egitea. Oso Polita zigiluaren eskutik, proiektu hau soinuaren mugei aurre egiteko sortu da, klasikoa eta garaikidea uztartuz eta egungo munduaren sonoritateak islatuz. Lan honetan bildu gara Foxlove eta ni bezalako konpositoreak, eta gure artisten sarea elkarlaneko prozesu batean inplikatu genuen, berez sororitate eta aldarrikapen ekintza bat dena. Hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren bultzadari esker lortu da.
– Zer transmititu nahi duzue lan honetan?
– Aldaketa indar eraldatzailea eta positiboa dela adierazi nahi dugu, batez ere lankidetzatik eta sororitatetik sortzen denean. Dance of Change emakumeek musika klasikoan utzitako ondarea omentzea da, baina baita asmoen adierazpen bat ere: erreferente berriak nahi ditugu, askotariko ahotsak berpiztea nahi dugu, eta musikaren bikaintasuna lanbidea duintzeko konpromisoaren eskutik joatea. Ohar bakoitzean, bultzada ematen digun elkarrekiko babesaren eta aniztasunaren ospakizunaren oihartzuna nabari da.
– Zer nabarmenduko zenuke ESAS taldeak egiten duen lanetik?
– ESAS sare artistiko bat baino askoz gehiago dira: musika klasikoko emakume profesionalek topo egiteko, lankidetzan aritzeko eta beren lana benetan agerian uzten duten proiektuak eraikitzeko gune bat da. Bereziki azpimarratu nahi dugu bikaintasunarekin eta konpositoreak, interpreteak, zuzendari eta gestore kulturalak konektatzen dituzten sareak sortzearekin dugun konpromisoa, hori guztia bokazio sozial argiarekin. Gure apustua irmoa da: sektorearen prekarietateari erantzutea eta emakumeen ondarea indartzea.
– Zer suposatzen du lan hau Musikasten aurkezteak?
– Dance of Change Musikasten aurkeztea aukera garrantzitsua da. Musikaste euskal kultur aberastasuna ospatzen duen jaialdia da, eta testuinguru horretan gure proiektua partekatu ahal izatea berrikuntza artistikoa eta konpromiso soziala uztartzen dituen proposamena lehen planora eramatea da. Emakume sortzaileei euskal musikaren barruan ikusgarritasuna ematea eta gure soinu-panoramaren etorkizuna aberastu egiten dela erakustea da, ahots berriak, sorkuntza-modu berriak eta begirada inklusiboa txertatzen dituenean.

Peyo Labaguerie: “Nire aitari egindako omenaldi hau ohore bat da niretzat Errenterian izateagatik eta izan zen txistularia ezagutarazteagatik”
Errenteriako Udal Txistulari taldeak Mixel Labaguerie musikaria omenduko du igande honetan, maiatzaren 18an, 11:30ean, Niessen Kulturgunean. Ekitaldi berezia izango da, bere semea den Peyo abeslariak parte hartuko baitu.
– Zer nabarmenduko zenuke zure aitaren figuratik?
– Aita humanista, katoliko pratikaizale eta kobentzimunduko gizona zen. Elkarrizketa gaitasuna zuen gizona ere zen. Kultura mailan, musikaria (pianoa, organoa, gitarra… txistua) zen eta ezagutza handi bat bazituen euskal dantzaz, kantuz eta euskaraz. Olerkari, hirurogei hamarkadan, lehen kantaria izan zen euskaraz abesten, euskaltasunez aipaturik.
– Elkarte bat sortu zenuen Mixelen irudia balioan jartzeko, zergatik jarri zenuen martxan?
– 2000. urtean bere heriotzaren hogeigarren urteurrena Kanbon ospatu genuen. “Mixel Labeguerie’ren Lagunak” elkartea horren karietara sortua izan zen. Haren helbura da konpositore, interpretearen oroimena iraunaraztea. Gizona hil da, baina haren oroitzapena geldidu eta transmititu behar da.
– Zer suposatzen du zuretzat zure aitari egindako omenaldi hau?
– Omenaldi hau ohore bat da niretzat Errenterian egoteagatik eta izan zen txistularia ezagutarazteagatik. Michel Labéguerie familia eta Errenteriarekin esteka hertsi bat izan zen (hortaz, igandean aipatuko dut). Transmizio beteberrak badaukat aitaren abestiak belaunaldi gazteei ezagutarazteko.
– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko den egitarauatik?
– Pozten nau kontzertu honetan kantari, musikari eta txistulari gazteek parte hartuko dutela.
– Zer helarazi nahiko zenioke publikoari??
– Nire aitaren Mixel abesti batzuk ezakutzea edo gogoratzea.

Fernando Saenz de Ugarte: “Musikastek aukera ematen du dantza eta musika harreman parekidean bizitzeko”
Landarbaso Abesbatzak eta Dantzaz konpainiak Ubun-Tu aurkeztuko dute Musikasteren bigarren egunean. Ikuskizuna larunbata honetan izango da, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Lan honetan “besteekiko harremanak jartzen ditugu erdigunean: gorputzen arteko elkarrizketak, identitateen gurutzaketak eta elkarbizitzaren beharra”, azaltzen du Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz-eko zuzendariak.
– Euskal Herrian ba al dago dantza ikuskizunekiko interesik?
– Bai, eta betidanikan, gainera. Euskal Herrian badugu dantza maitatzeko sena, batez ere kalean eta plazan sentitzen da hori indartsuen: bertan dantza ez da soilik arte, baizik eta harremana, komunitatea eta errituala. Euskal Herria = dantzatzen duen herria. Eta uste dut orain arteko ikuspegi hori zabalduz ari garela: dantza gero eta maizago ikusten da aretoetan eta antzokietan ere, eta publikoak, oro har, begirada zabalago batekin ari da hurbiltzen dantza garaikideari. Zorionez, denon arteko lana ari gara egiten, eta jarraitu behar dugu bide horretatik.
– Gazteak animatzen al dira dantza egitera?
– Bai, baina oraindik badago lana egiteko. Dantzaz-en ikusten dugu gazteek dantzan adierazteko gogo handia dutela. Gure kasuan, gainera, profesionalizatzeko lehen pausua ematen ari diren dantzari gazteekin egiten dugu lan, eta hori da gure altxorrik handiena. Dantzak eskaintzen dien espresio-askatasunak eta mugimenduaren bidez mundua ulertzeko moduak liluratzen ditu. Baina beharrezkoa da horretarako espazioak, erreferenteak eta etorkizun profesionaleko aukerak sortzea, eta horretan ari gara buru-belarri. Komunitateari begiratzen badiogu, sare sozialetan gero eta dantza gehiago ikusten da, denok dantzatuta! Ze dantza mota? Hori beste kontua da, beste elkarrizketa baterako…
– Nola sortu zen Ubun-Tu proiektua?
Ubun-Tu proiektua topaketatik eta elkarrizketatik sortu da, gure inguruko kulturen arteko zubiak eraikitzeko nahitik. Proiektu honek izen bereko kontzeptu afrikar batean du sustraia: “ni banaiz gu garelako”. Hortik abiatuta, elkarrekin bizitzearen, partekatzearen eta komunitatearen ideia landu dugu dantzaren bidez. Poloniako sortzaileak, Uruguaikoak, Euskal Herrikoak…, kultur aniztasuna eta dantza eta arte garaikidearen tresnak uztartuz.
– Zer nabarmenduko zenuke lan honetatik?
– Ubun-Turen bidez, besteekiko harremanak jartzen ditugu erdigunean: gorputzen arteko elkarrizketak, identitateen arteko gurutzaketak, eta elkarbizitzarako beharra. Poloniako bi sortzaile etorri ziren Euskal Herrira eta liluraturik geratu ziren gure nortasunarekin, eta kulturarekin, horrela sortu zen UBIN-TUren lehen zatia: Aire Sakona deitzen dena. Bigarrena, aldiz, jaiotzez Uruguaiarra den, baina Euskal Herriko familiko koreografo bat sortua, Eres deiturikoa. Lanak indar handia du eszenan, ez bakarrik mugimenduarengatik, baizik eta interpreteen artean sortzen den batasunagatik ere. Nabarmenduko nuke, batez ere, dantza garaikideak ere komunitatearen zerbitzura egon daitekeela, kasu honetan Landarbaso abesbatzarekin elkarlanean, eta ikusleari galdera irekiak luzatzeko gaitasuna duela.
– Zer iruditzen zaizu Musikastek dantzaren inguruan egiten duen lana?
– Oso aberasgarria da Musikastek dantzari eskaintzen dion tokia. Musikarekin lotura estua izan du beti dantzak, baina oraindik askotan musika lehenesten da eta dantza geratzen da bigarren plano batean. Musikastek, berriz, aukera ematen du dantza eta musika harreman parekidean bizitzeko, eta horrek balio sinboliko eta praktiko handia du guretzat. Gainera, tokian tokiko kulturari eginiko ekarpen horrek, Musikaste bezalako jaialdi batean, bultzada ederra ematen dio dantza garaikidearen presentziari.