Jazzak egun propioa izango du berriz ere Musikasteren barruan. Maiatzaren 25ean Mikel Azpirozen ‘Islak’ lana entzun ahal izango da Niessen Kulturgunean.
– Jazzak jarraitzaile gehiago al ditu Euskal Herrian?
– Ez nuke jakingo. Donostia, Gasteiz eta Getxoko jaialdi handiez gain, azken urte hauetan beste jaialdi txikiago batzuk sortu dira; hala nola, Goierri Jazz edo Hondarribikoa. Eta hori seinale ona da.
– ‘Islak’ zure hirugarren diskoa da. Zer nabarmenduko zenuke aurrekoen aldean?
– Aurrekoak piano hutsezko diskoak izan ziren. Hirukote formatukoa da ‘Islak’. Bateria eta baxua gehitu ditut zenbait kantutan. Formatu hau dugu orain kontzertuan, piano pasarteak eta hirukote pasarteak tartekatuz. Asko gozatzen dut formula horrekin, eskaintzen dituen adierazpen-aukerengatik.
– Nolakoa da Carlos Arancegui eta Fernando Neirarekin lan egitea?
– Carlos eta Fernando musikari handiak dira, etengabe ikasten eta eboluzionatzen ari diren artistak. Oso eskuzabalak dira musikan zein gizakietan, eta uste dut dohain horiekin aberastu egiten dutela kontzertuan interpretatzen dugun musika. Luxua da niretzat proiektu honetan haiekin kontatzea.
– Nola animatuko zenuke jendea kontzertura joatera?
– Zortea izan dugu kultur ezaugarri ezberdinak dituzten hainbat lekutan ‘Islak’ lana aurkeztuko ditugulako, hala nola Donostian, Bilbon, Sorian, Iruñean, Gijonen, Cadizen, Malagan, Varsovian, Krakovian, Quiton… Eta kontzertu guztietan sumatzen dugu gure musikak entzulearekin konektatzen duela, edo, hobeto esanda, gure musikak publikoarekin konektatzeko aukera ematen digula. Horrek esan nahi du musikak nolabait entzulearen sentsibilitatea ukitzen duela eta hobeto sentiarazten duela. Musikasteko publikoa gonbidatuko nuke gure kontzertura, Errenterian ere lotura hori lortuko dugulakoan eta musikak pizten dituen sentimenduez gozatuko dutelakoan.