Alain Griffinek bere omenaldia edukiko du ostiral honetan Musikasten. Arkaitz Minerrek, biolinistak eta gitarristak,  Herri Arte Eskolako alboka taldearekin egitarau zabala eskainiko du Niessen Kulturgunea. Musikari errenteriarrak aipatzen du “emanaldi hau beste pauso bat gehiago izango da albokariekin dudan harreman horretan”

– Zer nabarmenduko zenuke Alan Griffinen lanetik?
– Alan Griffin Irlandatik Euskal Herrira etorri zenetik (1984) bereala hasi zen harremanetan Euskal Herriko kantari eta musikariekin. Folk musikan proiektu desberdinetan parte hartu zuen bertako kantari eta musikari esanguretsuekin. Alanek berarekin ekartzen zuen irlandar kosmogonia guzti hortatik edan nahi genuen bertako sortzaile askok eta berak besoak zabalik hartu ditu interesarekin etorritakoei, asko aportatu eta lagundu du. Euskaldunen eta irlandaren arteko zubi lana egin du urte askotan zehar.

Era berean, bere burua euskaldundu, euskal musika tradizionalean murgildu eta euskarazko kantutegi zaharraren munduan ikaragarri sakondu zuen. Bide horretan, alboka desagertzear zegoen garaietan, Alboka taldearen sortzaile eta partaide izan da, bost diska plazaratuz. Alboka istrumentua jotzen ikastetik, bi hamarkada pasa ondoren istrumentu honi aportatutako haize berria da aipagai gaur egungo albokarien artean. ‘Halfway – Albokarako 333 doinu’ argitaratutako liburua
da horren islada.

Kantutegi zaharretik bildutako baladen ikertzaile sutsu eta interpretea izan da, Aitzina izeneko taldea sortu eta bi diska kaleratu zituen, alde batetik kantutegiko balada zaharrak berrinterpretatuz eta bestetik albokarako berak sortutako pieza berriak uztartuz. Bide horretan esanguratsua da Alanek balada horien bilakaera ikertu ondoren argitaratutako liburua: “La puerta abierta. Baladas vascas e internacionales”.

– Nolakoa izan da albokari taldearekin eta HAEko (Herri Arte Eskola) musikariekin lan egitea?
– Erraz ulertu dugu elkar. Lehendik ere elkarlanean aritu gara eta alboka doinuetatik gertu ibili naiz azken hamarkada honetan. Albokarekin lehen harremana Alan Griffinekin eduki nuen, bere errepertorio berezi hortatik hasi nuen harreman hori eta gerora gerturatu nintzen gehiago albokaren errepertorio tradizionalera, biolinarekin batez ere. Emanaldi hau beste pauso bat gehiago izango da albokariekin dudan harreman horretan.

– Zer nabarmenduko zenuke Musikaste jaialditik?
– Azken urte hauetan Musikaste jaialdia beste musika proposamenetara zabaltzen ari da, lehendik zegoen ildoa utzi gabe. Eta horrek egiten du interesgarri jaialdia, sakontasun handiko proposamen desberdinak, musikaren ertz desberdinetatik. Oreretarrek ez dakigu zein zortea dugun hain gertu eta hain eskuragarri jaialdia hau edukitzeagatik.

– Nola animatuko zenuke jendea kontzertuetara joatera?
– Sakontasun handiko musika kontzertuetara jendea erakartzeko lan handia egin beharko da, abiadura handiko bizimodua dugula kontutan hartuta, ikuskizunaren eta futbol maskulinoaren garai hauetan: ohiturak sortu, egingo dena ondo helarazi eta sustatu, balorean jarri, eta abar… Hori ez da egun batetik bestera lortzen.