Jon  Maya,  koreografoa:  “Berezia  da  Errenterian  lan  hau  aurkeztea.  Hemengoak  gara  eta  hemen  sortu  da  lan  hau”

Jon Maya, koreografoa: “Berezia da Errenterian lan hau aurkeztea. Hemengoak gara eta hemen sortu da lan hau”

Kukai Dantza Taldea Errenterian gehien maite den taldeetako bat da. Jon Maya bertako koreografoa talde honen funtsezko zati bat da. Talde hau maiatzaren 18an, larunbata, Lekuona Fabrikan izango da ‘Txalaparta’ lanarekin. Lan hau Jesús Rubio koreografoaren lankidetzatik sortu zen.

– Nola sortu zen proiektu hau?
– Sorkuntza berriaz pentsatzen hasita argi nuen berriro ere koreografoa gonbidatuaren eredua jasotzea interesgarria zela eta, era berean, oso erakargarria zitzaidan txalaparta izatea abiapuntua. Lehenengo ganza Jesusi proposamena egitea izan zen. Berehala onartu zuen eta ordutik martxan jarri ginen. Urte bateko sorkuntza prozesu garrantzitsua izan da, non koreografia sortzeaz gain, Dantzariak txalapartari ere bihurtu diren. Oso prozesu aberasgarria izan da.

– Zer nabarmenduko zenuke Jesus Rubio Gamorekin lan egitetik?
– Dena zer naturaltasunez gertatu den eta zer konfidantzaz egin dugun łan. Prozesuaren ondorioz, emaitza oso aberats geratu da. Koreografiak Jesusen Johiko dinamika eta konposizioak jasotzen ditu, baina, era berean, jatorri tradizionaleko doinu, urrats eta elementu ugari oso presente daude. Uztarketa oso interesgarria dela uste dut.

– Zein da lan honek transmititzen nahi duen mezu nagusia?
– Txalapartak bere baitan oso kontzeptu interesgarriak ditu. Alternantzian jotzeak dakar, norbanakotik abiatuta komunitatean zerbait eraikitzea, ondokoari entzunez, nirea emanez baina beti besteari lekua emanez. Hortik abiatu gara, eta hortik abiatuta kusten da nola egitura finko eta errepikakor bat izan daitekeen ziklo batean, gure egon eta sentitzeko moduak etengabe eraldatzen diren eta eraldaketa horrek zer leku diferenteetara joan daitezkeen.

– Zer suposatzen du zuretzat ikuskizun hau Errenterian aurkezteak?
– Oso berezia da. Hemengoak gara, hemen bizi gara, hemen egiten dugu lan, hemen sortu da łan hau… Dena! Etxean aritzea da, eta hori oso oso berezia da guretzat!

Idoia  Hernandez,  Hatxe,  konpositorea:  “Mugarria  da  nire  ibilbide  profesionalean  Musikasten  kontzertu  hau  eskaintzea”

Idoia Hernandez, Hatxe, konpositorea: “Mugarria da nire ibilbide profesionalean Musikasten kontzertu hau eskaintzea”

Musikasteren 52. edizioa ostiral honetan, maiatzak 17, hasiko da. Errenteriako Idoia Hernández konpositorea, ‘Hatxe’, izango da lehenengo kontzertuaren arduraduna, ‘Panpin Orkestra’ izeneko lanarekin, Herri Arte Eskolako orkestrarekin elkarlanean.

– Zerk bultzatu zintuen lan hau prestatzera?
– Behar pertsonal eta aldi berean kolektibo batetik sortzen da. Mugimendu feministarentzat erreferentziazkoak diren liburuak irakurtzen hasi eta informazio guzti hori biltzen hasi nintzen, nire egunerokora eramaten saiatuz. Gogoeta horiek guztiak lagunekin partekatzerakoan eta zauri asko pertsonalak ez ezik kolektiboak ere badirela konturatzen hasi nintzenean, orduan nor eta zergatik naizen ulertzen hasi nintzen. Beraz, musika hausnarketa horiek guztiak transmititzeko erabiltzen dut. Horregatik sortu zen lehenengoz ‘Panpin hautsien dantza’ eta ondoren ‘Panpin orkestra’.

– Zer transmititu nahi duzu proiektu honekin?
– Batetik, musika idazketa dago, zeinaren bidez haustura, hauskortasun, negar eta itxaropen, indar zein baretasun sentsazioak transmititu nahi ditudan. Emozio kontraesankorrak dira, baina aldi berean bizitza bezain errealak. Eta, bestetik, testuingurua biltzen duten testuak daude. ‘Drama’ abestia dugu, sentiberatasun emozionalaren burlaz hitz egiten diguna; ‘Histeria’, zauri kolektiboez; ‘Baso’, norbere buruarengan sinesteko beharraz; ‘Kali’, erreferentziazko pertsonaien garrantziaz; eta ‘Ama’, beldur eta ziurgabetasunaz.

– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Kontzertua esperientzia bat da. Aberatsa da ehunduretan eta sentsazioetan, eta, beraz, ez da beharrezkoa musika klasikoaren zale izatea gozatu ahal izateko. Gainera, bakarra da. Ez da berriro errepikatuko.

– Zer esan nahi du zuretzat lan hau Musikasten aurkezteak?
– Mugarri handia da nire ibilbide profesionalean. Orkestrarako kontzertu oso bat idaztea berria da niretzat eta, gainera, Musikaste bezalako jaialdi batek babesa emateak oso eskertuta sentiarazten nau.