Miren  Urbieta-Vega:  “50  urte  hauetan,  Musikastek  jendeak  ezagutzen  duena  baino  lan  handiagoa  egin  du”

Miren Urbieta-Vega: “50 urte hauetan, Musikastek jendeak ezagutzen duena baino lan handiagoa egin du”

Sopranoa maiatzaren 20an Ruben Fernandez pianistarekin arituko da Musikasteko bigarren jardunaldian

– Zer nabarmenduko zenuke Rubén Fernándezekin egindako elkarlanetik?
– Urte asko daramatzat Rubenekin lan egiten. Kantuko ikastaroetan  ezagutu nuen, irakasle bezala eta denborarekin berarekin kontzertuak egiteko aukera eman zidan eta ordundik ibilbide luzea egin dugu. 2017an disko bat grabatu genuen, euskal musika ardatz bezala izanda; disko horretako errepertorio asko azalduko dugu Musikasteko edizio berezi hontan.
– Zure errepertorioan ohikoa da euskal musikako obrak sartzea. Esparru horren barruan, zer da interpretatzea gehien gustatzen zaizuna edo zure ahots-erregistrora egokitzen dena?
– Euskal musikak (klasikoak) ekoizpen handia du eta maila handiko konpositoreak eman ditu, bai XIX-XX mendeetan eta baita gaur egun ere. Oso eroso sentitzen naiz euskal konposagileen zarzuela eta operak kantatzen, baina baita abesti eta poesiaren arloan ere, eta noski errepertorio sinfonikoa ere egin dut eta gaur egungo konposagileen lanak estrenatu ditut.
– Zer sentsazio transmititu nahi dizkiozu kontzertura joaten den publikoari?
– Publikoak disfrutatu egin behar du, hunkitu, eguneroko arazoez ahaztu, barre pixka bat egin… hori guztia sortarazten saiatuko gara.
– Nola baloratzen duzu gaur egungo ahots musikaren sormen unea gure lurraldean?
– Sormen handia dago eta musikariek gero eta formakuntza hobea dute konposizioaren arloan; gainera nahiz eta ziurrenik behar baino gutxiago izan, laguntza instituzional eta ekonomikoak gero eta ugariagoak direla esango nuke.
– Zein da zure balorazioa Musikastek euskal musikaren alde egiten duen lanaren inguruan?
– Musikastek oso lan ona egin du 50 urte hauetan, jendeak ezagutzen duena baina handiagoa. Bertako interprete, talde eta konpositoreak plazaratzea beti ez baita erraza. XXI.mendeko erronka Musikaste “mundura” zabaltzea beharko luke, publiko gehiago lortzea eta Euskalherritik at ezagutaraztea. Gaur egun sare sozialei esker lan hori errazagoa eta beharrezkoagoa da.

Iagoba  Fanlo:  “Musikak  eszenatokietan  entzuteaz  gain,  obren  kontserbazio  zaindua  eskaintzen  du”

Iagoba Fanlo: “Musikak eszenatokietan entzuteaz gain, obren kontserbazio zaindua eskaintzen du”

Biolontxelo-jotzaileak Musikasteren 50. edizioaren egitarauari hasiera emango dio ostegun honetan María José Barandiarán piano-jotzailearekin batera

– Nola sortu zen zuen bien arteko elkarlana?
– 2018 urtean ezagutu genuen elkar Du Pré jaialdiaren lehenengo edizioan. Ekintza horretara joan ginen biok artista gonbidatu gisa. Bion artean harreman ona sortu zen, benetan estimatzen baitugu gure konpositoreen errepertorioa, eta gure programetan euren lanak sartzen ditugu.
– Zertan oinarritu zineten Musikasten aurkeztuko duzuen egitaraua sortzeko?
– Beltran Pagolaren euskal kantuei buruzko sonata berreskuratzea; eskuizkribua Eresbilen dago eta programaren ardatza da. Jose Maria Franco irundarrak eta Anton Larraurik osatuko dute kontzertua. Pagolak bere op.4 sonata estreinatu eta Alfredo Larrocha biolontxelo jotzaileari eskaini zion, V. De Mireckiren ikasle izandakoa. José María Francok obra horietako bat, Oyarzun, Juan Ruiz-Casauxi eskaini zion, hau ere V. de Mireckiren ikaslea. Anton Larraurik bere pieza, Soiñuak, Pedro Corostolari eskaini zion, nire aitarekin batera, Enrique Fanlo, Alfredo Larrocharen ikaslea ere izan zen.
– Zer nabarmenduko zenuke Musikaste lanaren inguruan?
– Lehenik eta behin, Eresbil Artxiboak gure errepertorioaren kontserbaziorako dedikazioa eta profesionaltasuna. Museoek artelanak kontserbatzen dituzten bezala, musikak eszenatokiak ez ezik, obren kontserbazio zaindua eta gure musika-tradizioari balioa ematea ere eskatzen du. Garrantzitsua da jasotako herentzia musikala argi eta garbi ezagutzea, behar bezala baloratzeko. Zorionez gure kasuan, kultura musikal handia duen gizartea gara.
– Zer gako eta sentsazio transmititu nahi dizkiozu kontzertura joaten den publikoari?
– Musikaren emozioa sentitzea, eta, gainera, oraingo honetan gure artista hurbilenen bultzada sortzailea norberarena dela sentitzea.