Sopranoa maiatzaren 20an Ruben Fernandez pianistarekin arituko da Musikasteko bigarren jardunaldian
– Zer nabarmenduko zenuke Rubén Fernándezekin egindako elkarlanetik?
– Urte asko daramatzat Rubenekin lan egiten. Kantuko ikastaroetan ezagutu nuen, irakasle bezala eta denborarekin berarekin kontzertuak egiteko aukera eman zidan eta ordundik ibilbide luzea egin dugu. 2017an disko bat grabatu genuen, euskal musika ardatz bezala izanda; disko horretako errepertorio asko azalduko dugu Musikasteko edizio berezi hontan.
– Zure errepertorioan ohikoa da euskal musikako obrak sartzea. Esparru horren barruan, zer da interpretatzea gehien gustatzen zaizuna edo zure ahots-erregistrora egokitzen dena?
– Euskal musikak (klasikoak) ekoizpen handia du eta maila handiko konpositoreak eman ditu, bai XIX-XX mendeetan eta baita gaur egun ere. Oso eroso sentitzen naiz euskal konposagileen zarzuela eta operak kantatzen, baina baita abesti eta poesiaren arloan ere, eta noski errepertorio sinfonikoa ere egin dut eta gaur egungo konposagileen lanak estrenatu ditut.
– Zer sentsazio transmititu nahi dizkiozu kontzertura joaten den publikoari?
– Publikoak disfrutatu egin behar du, hunkitu, eguneroko arazoez ahaztu, barre pixka bat egin… hori guztia sortarazten saiatuko gara.
– Nola baloratzen duzu gaur egungo ahots musikaren sormen unea gure lurraldean?
– Sormen handia dago eta musikariek gero eta formakuntza hobea dute konposizioaren arloan; gainera nahiz eta ziurrenik behar baino gutxiago izan, laguntza instituzional eta ekonomikoak gero eta ugariagoak direla esango nuke.
– Zein da zure balorazioa Musikastek euskal musikaren alde egiten duen lanaren inguruan?
– Musikastek oso lan ona egin du 50 urte hauetan, jendeak ezagutzen duena baina handiagoa. Bertako interprete, talde eta konpositoreak plazaratzea beti ez baita erraza. XXI.mendeko erronka Musikaste “mundura” zabaltzea beharko luke, publiko gehiago lortzea eta Euskalherritik at ezagutaraztea. Gaur egun sare sozialei esker lan hori errazagoa eta beharrezkoagoa da.