> SARRERA

1970eko hamarkadatik aurrera, euskal dantzak dituzten filmazioak nabarmen ugaritu dira, eta ikus-entzunezko erreferente eta erabilera ugarikoak bihurtu dira. Gehienetan amateurrek egindako produktuak dira. Dantza taldeak eta folklorearekin lotutako elkarteak dira euren egoitzetan, baita partikularrak beren etxeetan ere, material horiek kontserbatzea lortu dutenak.

Ondare horren garrantzia, lehenik eta behin, gure Kultura Ondare Immaterialaren zati batek babesten duelako da: dokumentala, bere hauskortasunagatik desagertzeko arriskuan dagoena, gainera. Mantentzeko tenperatura egokirik ez izateak eta euskarriak zaharkituta egoteak bistaratze eta sonoritate arazo larriak sortzen dituzte etorkizunari begira.

Bigarren balio-puntua dantza tradizionala da, berez guztion ondarea dena, eta alderdi immateriala eta jakintzaren eta materialaren transmisioak jantziekin, tresnekin eta beste elementu batzuekin bat egiten duten jarduna. Dantzaren atal hori, aurreko urteetan Zatak Herri Ondarea taldeak egindako “Dantza tradizionalen katalogoa”rekin landu zen, eta horren zati bat Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago eskuragarri, kontsultak egiteko eskura.

Ikus-entzunezko euskarrietan erregistratutako gure iragana galtzeko arriskua antzemanda, Dantzan elkarteko eta Eresbileko kide diren Kulturaren Euskal Kontseiluko bi ordezkariren ekimenez, eta hainbat kidek osatzen duten organo horren babesean, euskal dantzaren alorreko hainbat elkarteren eta partikularren laguntza izan duen proiektua gauzatu da. Lan horretan, bideo-zinta sorta bat digitalizatu da (analogikoak, batez ere), bai eta metodologia zehatza jarraituz fitxak definitu eta bete ere, ondoren datu-base batera txertatu eta indexatu dira. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekintza eta finantzaketa-esparruan bideratu da.

Hasiera batean ibilbide laburra aurreikusi bazen ere, urtetik urtera proiektura elkarte eta taldeak batzen joan dira, eta gure iraganeko jaien eta koreografia zaharren bilketa zabala ahalbidetu da denboraren poderioz.

Herriko dantzariak (Eltziego, 1963) Plazako Ama Birjinaren dantzak
Sig.: DAN01-085_02

Lana zortzi urtez egin da, 2015etik 2022ra. Guztira 1.597 bideo-zinta bildu dira, eta horien artean, hainbat DVD eta Mini DVD daude, 1.935 ordu baino gehiagoko emankizunak guztira. Lehen filmazioa 1921ekoa da eta azkena 2012koa. Hala ere, ikusentzunezko gehienak 1980-2000 denbora-tartean kokatzen dira.

Proiektuan lehentasunez bildutako ikusentzunezkoen datak kontuan hartuta, agerikoa da ohiturazko tradizio eta dantzetan azken hamarkadetan gertatu diren aldaketak ez direla horietan ageri. 2000. urteaz geroztik euskal dantzaren munduan gertatu diren aldaketak, hala nola, koreografia berriak, berreraikuntzak eta, jakina, ordura arte gizonentzat erreserbatuta zeuden dantzetan emakumeen parte hartzean izan den gorakada nabarmena. Hala ere, zehaztu behar da, kontzienteki edo inkontzienteki, gerora gertatu diren elementu koreografikoen datu batzuk jaso ahal izan direla, ez baita beti aldaketen eta hasieren datza zehatzik agerian izaten.

Bideoak balio folkloriko-etnografiko-historikoaren irizpide nagusiarekin aukeratu dira, kalitatearen edo estetikaren gainetik, eta, era berean, eskema egituratu batean egokitu dira. Aurkeztutako formulari dagokionez, ezin da irizpide bakartzat hartu, baina horixe izan da azterlanaren ezaugarriak kontuan hartuta egokiena.

Hainbat arrazoi tarteko dantza asko falta da bilduman. Izan ere, bilketa ez da izan sistematikoa, unean unekoa filmatu da, osotasunaren ikuspegirik gabe eta hutsuneak antzemateko aukerarik gabe. Gabezia metodologikoak grabaketak egin dituzten eragileen berezitasunen eta lehentasunen testuinguruan ulertu behar dira.

Webgune honetan erakutsitakoaren lehen kapituluak esparru teorikoa jorratzen du. Ez da bilatu herrialdeko dantza guztiak xeheki aurkeztea, ez baita hori azterlanaren xedea. Bigarren atalak tradizioan eta erritualean oinarritutako berezko ezaugarriak dituzten dantzei dagokie; eta hirugarrenak, salbuespenak salbuespen, ez ditu hain irizpide zurrunak aplikatzen datak eta kategoria koreografikoak zehazteko, ikuskizunaren munduari begira prestatu izan diren muntaia eta emanaldiei begiratzen baitie.

Era berean, esker ona adierazi behar zaie grabaketak ikusteko aukera eskaintzen duten elkarte eta partikular guztiei, bai bere garaian bideoak filmatu edo eskuratu zituztenean, bai gaur egun, grabazioak ikusteko aukera ematean ere.

> EUSKAL TRADIZIO KOREOGRAFIKOA

Kultura Tradizionala eta Herritarra komunitate baten idiosinkrasiarekin lotuta dagoen alderdietako bat da, batzuetan berezitasun gisa interpretatua dena, gizarte bakoitzaren identitate-, desberdintasun- edo benetakotasun-profila erakusten duena. Nahiz eta bi terminoek, tradizioak eta herritarrak, anbiguotasun karga handia izan, ausartu egiten gara elementu eta jarduera jakin batzuk beste garai batekotzat jotzen edo, gutxienez, iragan batean kokatzen. Ezagutzen ditugunak edo ezagutzen ez ditugunak, baina identitate-zeinu gisa balio digutenak: tradizio horretan parte hartu gabe ere, transmititu egin digute eta horregatik gorde eta defendatu ere egin behar dugula sentitzen dugu. Transmisio hori ahoz eta gorputzez egin da urteetan, baita mendeetan ere, eta une jakin batetik aurrera ikus-entzunezko euskarriekin osatu edo ordezkatu da.

Mantentzen diren tradizioak pertsona askoren ahaleginaren emaitza dira, eta indarrean daramaten denboraren arabera, belaunaldi batenak edo batzuenak. Batzuetan, emandako airearen arrastoa jasota geratzen da.

Ohiturei lotuta, zein horiek alde batera utzita, elementu koreografiko nagusia ageri zaigu, plastikotasun eta musikalitatez betea: gorputz edo estetika adierazpena; mugimenduaren, konpasaren eta erritmoaren arteko lotura, batzuetan, saihestezina; arbasoen ondarea eta, beraz, zuzeneko bizipena erakusteko sentimendu indibidual eta kolektiboa. Eta erritmoaz ari bagara, ezin alboratu dantzak gehienetan ez direla plazaratzen, ez direla eszenaratzen musikarik ez badago. Txistua, txirula, gaita edo dultzaina, alboka, txaranga edo fanfarrea eta beste instrumentu batzuk, perkusiokoak barne, beharrezkoak dira erakustaldi baterako. Guzti horri janzkera gehitu behar diogu: zabalduenetatik hasi (oro har, “baserritar” izenez ezagutzen dena), jostun eta jantzigileen diseinu sofistikatuetatik igaro, eta baita garai bati zegozkionak ere. Erdi Arokoak deitzen direnak adibidez, adar formako burukoekin.

Dantza, bai zentzu errituala duen jarduera moduan ulertuta, bai balio sozial handia duen elementu gisa ulertuta, gaur egunera arte iritsi da. Bidean aldaketa gehiago edo gutxiagorekin etengabe eguneratzeko ahaleginean eta horrela bere aurkezpenari erakargarritasunari eutsiz. Auzia ez da badaezpadakoa, batzuetan egungo zenbait funtzionaltasunekin talka egiten duten adierazpen-moduak direla kontuan hartzen badugu.

Udaberri D. T. (Galdakao, 1997/09/21/09) Berastegiko San Juan iantzak
Sig.: AND01-239_02

Koreografiak espazio publikoan gauzatzen dira, baina baita pribatuan ere, urtean zehar ikusten ditugun bezala: bai ikuspegi ziklikotik, bai ausazko edo aldizkako ikuspegitik ere.

Beste herri batzuetan bezala, euskaldunok ere dantza asko gordetzen ditugu, nahiz eta etenak ugariak izan: tokiko testuinguruan osagaiak agertzea eta desagertzea ohikoa izan da, eta da. Askotariko ereduak egoteak aldaerak sartzera behartzen du, horien egituraren arabera. Horrela, era honetako koreografiak sailkatu ditzakegu: banakakoak eta kolektiboak; festa jakin batekin lotutakoak; lerro paraleloetan, zirkuluan edo beste egitura batzuetan gauzatzen direnak; espazio itxietan edo irekietan aurkezten direnak; sexu batekoak edo bestekoak, edo mistoak; soinuz hainbat musika-tresnarekin aurkeztuak; aurreko garaietako edo gaur egungo jantziekin, etab.

Ez da alferrikakoa dantzen arteko loturak eta sailkapenak bilatzea. Dagoen ugaritasunak aldez aurretik ezarritako edozein egituraketa birpentsatzera behartzen du. Edozein formulak ez du balio. Izan ere, hemen aurkeztutako eskematizazioak, irizpide bakarra areagotuz, dantzak hiru ikuspuntutatik antolatzearen alde egiten du, jai-kategoria ahal izan den neurrian saihestuz. Hau da: erabilitako tresnetan oinarrituta, forma koreografiko nagusi orokorra edo “gainera”koek osatzen duten idiosinkrasia.

Interesatuak ikusiko du dantza batzuk atal batean daudela eta beste bati edo batzuei dagozkiela. Irizpideetako bat aukeratu da, eta, gainera, ez da kontuan hartu dantza sinpleen, konplexuen (historia bat osatzen duten zati edo dantzak), zikloen eta abarren arteko ezberdintasuna. Saiatu gara erritualetan eta antzezpenetan sartutako film gehienak elementu koreografikoaren jatorrizko lekuari egokitzen.

> DANTZA: ZINEMATIK BIDEORA

1895. urtearen amaieran Lumière anaien eskutik zinea sortu zenetik, filmazio mutu eta soinudunek pisu handia izan dute hainbat kulturetako ikus-entzunezko irudikapenean: hala nola, “exotiko” kontsideratutakoetatik hasi eta “zibilizatuenetaraino”.

Jasota dauden film zaharrenetakoak, fisikoki ditugulako edo gaur egunera iritsi den informazioagatik, giza anatomiari, hiri edo hiriburuetako bista edo panoramikei, prozesioei, traineru-estropadei eta, gure gaiari dagokionez, zezenketei, ospakizun erlijiosoei, erraldoi eta buruhandien kalejirei eta Inauteriei buruzkoak dira. Batez ere mugimendua islatzeko helburuarekin grabatu ziren, eta hainbat arlotan azterketa sakonak egiteko balio dute.

Dantzak, jatorrian edo beren historiaren uneren batean behintzat, testuingururik gabeko elementu gisa egituratutzat jotzea kulturaren osotasunari egindako ekarpena gehiegi sinplifikatzea da. Izan ere, jasotako XX. mendeko filmetako askok, haiek parte izan ziren jaiak eta ospakizunak erakusten dizkigute. Bai denboraren ondorioz festara egokituz izandako eraldaketen emaitza moduan, bai tokian tokiko eszenatoki batean ikuskizun gisa.

Azken urteetan ikusi ahal izan dugun bezala, joan den mendearen hasieratik partikularrek gordetako filmak agertzen joan dira; kasu batzuetan ez genekien existitzen zirenik, beste batzuetan ez genekien non egon zitezkeen. Irudi horiek kalitate eta errealizazio aldetik aparteko baldintzak betetzen dituztela esatea geure burua engainatzea litzateke; garrantzia irudi horien balio historikoak eta folklorikoak du.

Aipagarrienen artean, dantzan eragina dutenak, nahiz eta atal hori filmazioren zati bakarra edo garrantzitsuena ez izan, honako hauek azpimarra ditzakegu: “Noce au Pays Basque” (1913); Julián de Ajuriaren ezkontza (1921); “Gran fiesta en Santurce, con motivo del triunfo de los ágiles remeros” (1921); “Fiesta campestre en la -Sociedad-Euskal-Erria -1923”; Manuel M.ª de Ynchaustik egindako eta ekoitzitako “Eusko Ikusgayak” bilduma, 1923 eta 1928 urte bitarteko irudiekin; Ángel León Sojok (Dr. Sojo) bere arbasoen jaioterrira egindako bisitaz diharduen filma (Areatza, 1925); “Ezpatadantza. Baile vasco ejecutado en Saturraran, el día 14 de Agosto de 1927”; Maurice Champreux-en “Au pays des basques” (1930); André Madré-ren “Gure sor lekua” (1956an estreinatua), euskarazko lehena; Elorrion 1930eko hamarkadan egindako Errebonbiloen festa; N. Sobrevillaren “Elai-Alai” (1938); Gotzon Elortzaren “Aberria” (1961) eta “Elburua Gernika” (1962); Fernando Larruquert-en eta Nestor Basterretxearen “Ama Lur” (1968); “Navarra. Las cuatro estaciones” (1972), Pío Caro Barojaren 1970-1971ko filmazioekin, bere anaia Julioren aholkularitzarekin; Lekeitioko San Pedro eguna, 1976 eta 1978 artean, Ricardo Zumalaberena; edo “Gipuzkoa” (1979), Caro Baroja anaiena ere.

Larraineko gazteen Maskaradak (Barkoxe, 1997) Barrikadak.
Sig. AND01-201_01

Film horietako batzuk Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vascaren webgunean ikus ditzakegu. Beste batzuk, komertzializatuak, bere garaian NO-DOko erreportajeak bezala; hainbat ekitalditako errealitatea eta errealizazioko irudi goxatuak nahasten dira, duela urte batzuetatik hona sare sozialetan zehar dabiltzanak interesdunen gozamenerako.

1980ko hamarkadatik gaur egunera arte, zinema-ekoizpenak, bideokoak batez ere, modu esponentzialean egin du gora. Formatu fisikoan seriatutako eta merkaturatutako ikus-entzunezko edizio batzuk aipatzearren: Navarra: tradiciones y costumbres (8 DVD) eta Etnografía navarra (14 DVD) bildumak, biak Pyrene, P. V.ak; edo EDBren zigilua duten 15 zintak. Ezin ahaztu, “Euskal Herriko Dantza Agerketa” jaialdiaren zati handi batetik gordetako materiala eta honako telesail hauek: Manuel Garridok 1972 eta 1983 urteen artean TVErentzat zuzendutako “Raíces“; “Euskal Herritik” / “Del País de los Vascos“; “Eguzki Lore“; eta Euskal TeleBistaren hainbat erreportaje. Eta, jakina, azken hamabost urteotako bildumarik handienetakoa, ugariena ez esatearren, dantzan.eus webgunean aurki dezakegu.

Hala ere, nahiz eta nolabaiteko zorroztasuna eta profesionaltasuna falta izan, digitalizatutako ekoizpenen kopuru ugariena afizionatuen eremutik datorrena izan da, egindako digitalizazio-lanean lehentasunez adierazten den bezala.