Dantzartxiboa hondatzeko edo desagertzeko arriskuan dauden euskal dantza tradizionaleko ikus-entzunezko dokumentuak berreskuratu, katalogatu eta digitalizatzeko proiektu baten emaitza da. Proiektu hori 2015 eta 2022 artean garatu zen, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketari esker.

Proiektu honen bidez, Eresbil dantzaren sektoreari irekitzen zaio lurraldeko eta galtzeko arriskuan dauden dantza talde eta elkarte pribatuen artean barreiatutako dokumentazioa gordetzen eta zaintzen laguntzeko. Sektorearen egoera eta eskaerak ikusita, ikus-entzunezko dokumentazioa digitalizatzeari ematen zaio lehentasuna. Dokumentazio horren zati handi bat kalitate eskaseko etxeko euskarrietan gordetzen da, VHS kaseteetan, esaterako.

Eresbil – Musikaren Euskal Artxiboa, lanen koordinazioaz arduratzen da, eta Dantzan elkarteko euskal dantza tradizionalaren sektoreko espezialistekin lankidetzan aritzen da.

Egitasmoak iraun duen zortzi urte hauetan, Euskal Herriko lurralde osoko 2364 dantza-bideo-grabazio katalogatu eta digitalizatu dira, berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik gaur egun arte grabatu direnak eta euskal dantza tradizionaleko hogeita hamar konpainia baino gehiagorenak, lan horiek egiteko funtsak eskaini dituztenak.

Eresbilek egindako erregistro katalografikoak Eresbilen katalogo orokorrean daude, eta baita Bilgunean ere, Euskadiko liburutegien katalogo kolektiboan.

Aurkezten ditugun material hauen azterketa Emilio Xabier Dueñas etnologo eta ikertzaileak egin du, arlo honetako espezialista denak.

Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboak argitaratua (2023)