Musikastek ostiral honetan hasiera emango dio bere edizio berriari, 19:00etan, Lekuona Fabrikan, Oiasso Kamerata eta Tomas Ruti zuzendariaren eskutik. Kontzertuan Zariatxo-Zariagaz abesbatzarekin eta Marina Beheretche biolinistarekin batera arituko dira.
– Zer suposatzen du kontzertu hau Errenterian aurkezteak?
– Oiasso Kameratarentzat ilusio handia da, Euskadin eta Euskaditik kanpo proiekzio handia duen jaialdia delako, eta ibilbide luzea eta ospetsua duelako. Taldea duela 11 urte sortu zen, eta une zoragarria iruditzen zaigu hain agertoki garrantzitsuan izateko, eta, are gehiago, Lekuona Fabrikan.
– Zein esperientzia musikal ezagutuko dute kontzertura joaten direnek?
– Gure ondarearen parte eztabaidaezina diren euskal egileen lanez gozatu ahal izango da, hala nola, Guridiren Euskal Melodiak, Bernaola, Escudero edo Valentin Larrearenak, berrestreinatzeko plazera izan dugunak, kalitate handikoak.
Bestalde, Elodie Baffalio eta Ekhi Lambert Iparraldeko egileen lanen estreinaldiak ditugu. Lehenengoa, ‘Bizitzaren Harian’ programa hau sortzeko aitzakia bihurtu zen. Programa honen bidez, bizi-etapa ezberdinak elkarrekin lotutako musiken bidez margotu nahi ditugu. Eta Ekhi Lamberten lanak gaztetasuna modu zirraragarrian irudikatuko du bere bigarren zatiari, ‘Pasabidea’ izenekoari, lekua uzteko, non ondorengo etapetarako trantsizioa iradokitzen den.
Beste aurkikuntza garrantzitsu bat (aski ezaguna bada ere) Zariatxo abesbatza izango da, ‘Aurtxo Seaskan’ekin. Eta oso aberatsa izango da Marina Beheretche-ren lana.
– Emanaldi honetan Zariatxo-Zariagaz abesbatzak eta Marina Beheretche biolin-jotzaileak ere parte hartzen dute. Nolakoa izan da hiru aldeko lan hau?
– Oso interesgarria izan da. ‘Con Aire de Tango’ kontzertuan lagundu genion Marinari, eta luxu bat da beti bere musika-kalitateagatik, prestutasunagatik eta hurbiltasunagatik. Zariatxorekin ez dugu kolaboratu, haren kalitatea jakin arren. Imanol Elizasu zuzendariaren laguntza eta elkarlanerako izan zuten ilusioak egin dute gainerakoa.
– Kontzertuan Ekhi Lambert eta Elodie Buffalio bezalako konpositore gazteen lanak integratzen dira, zer azpimarratuko zenuke konposizio hauetatik?
– Baffalioren ‘Iazko Lorea’-ren originaltasuna. Aitona-amonei eskainia dago eta aitona-amonen bizi-ibilbidea gogorarazten du.
Ekhi Lamberten ‘Itzuliño bat-Pasabidea’ lanak gaztetasunaren algaran murgiltzen gaitu erabat, hizkuntza fresko eta dantzagarri baten bidez, jai-herrikoia hartzen duena obra kementsu eta dibertigarri bat eraikitzeko. ‘Pasabidea’, berriz, zertxobait ilunagoa da.
– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Uste dut aukera on bat dela hari-orkestra formazio bat ikusteko. Ez da oso ohikoa, baina aukera handiak ditu, gure musika eta atzoko eta gaurko musikariak ospatzen dituen kontzertu-ikuskizun batean. Oiasso Kamerata-k programa interesgarria dakar belarri guztientzat eta edertasun eta kontraste handikoa, lehen lerroko gonbidatuak ditugula ahaztu gabe.