Musikastek Koruen Egun berezia dakar aurtengo ediziora, zehazki, gazteen abesbatzak nabarmendu nahi ditu. Lekeitioko Kantakai korua izango da ostiral honetan, maiatzaren 23an, 19:30ean, Lekuona Fabrikan, izango den bat. Oihana Etxabe zuzendariak azaldu duenez, “gazteak erakartzeko, haiekin lan egiten dugunok gaur egungo gizartera egokitu behar dugu”

– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Bai, oso ona. Euskal Herria oso kantuzalea da. Ni Mutrikukoa naiz eta gure korua Lekeitiokoa, eta bi herri hauetan tradizioa handia dago. Lekeition bazegoen oso ospetsua zen abesbatza, Itsas Soinua. Horrek memoria utzi du herrian. Egin behar duguna da formulak aurkitzea gazteak erakartzeko.

– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Badakigu gaur egungo egoera zein den. Gazteak erakartzeko gizartera egokitu behar gara mundu honetan lan egiten dugunok. Nire aldetik, errepertorioekin jolasten saiatzen naiz. Koruko kideei galdetzen diet zeintzuk diren euren gustuak, eta denen artean adosten ditugu abestuko ditugun kantak. Erabaki honen partaide egiten ditut, eta gustora sentitzen dira. Beraiekin gertutasuna erakutsi behar da. Beste aldetik, dinamika oso garrantzitsua da gazteekin lan egiterako orduan. Emanaldiak antolatzen ditut entseguetan egindako lana erakusteko. Asko gustatzen zaie beste herritako koruak ezagutzea. Azkenik, etengabeko prestakuntza egin behar da gazteekin nola lan egin ikasteko.

– Zer suposatzen du zure abesbatzarentzat Musikasten parte hartzeak?
– Ilusio handiz parte hartuko dugu. Guk Lekeitio inguruan kontzertuak egiten ditugu, batez ere, gure herrian. Aukera hau oso polita da. Gogo handia daukagu bertan izateko eta beste abesbatzekin esperientzia hau bizitzea eta ezagutzea.

– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Zoragarria eta beharrezkoa, batez ere, ikusita nola dagoen abesbatzen egoera gaur egun. Ez dira momentu onak eta bultzatu behar dugu. Mundu honetan lan egiten dugunok pausoak eman behar ditugu honen alde. Horregatik, oso garrantzitsua da Musikasteren lana. Oso inportantea da bere programan egun bat edukitzea koruei eskainita.

– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Egitaraua nahiko xumea, sinplea, daukagu. Gure koruko kideak eroso sentizen diren egitaraua. Koru konpaktua gara, hau da gure ezaugarritako bat. Ez nuke egitarauaren abesti bat nabarmendu nahi, baina Zugana Manuela abestia eskainiko dugu, eta zaila da. Koru kidei asko gustatzen zaie eta Musikasten abestu nahi izan dute. Esan zidaten: “Bai, hau egon behar da”.