Tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen jarduera batekin, Trio Zukan gaur egungo musikaren esparruan azken urteotan sortu den talde original eta goraipatuenetako bat da. María Zubimendi soinujolea talde honetako kideetako bat da, Jon Ansorena txistulariarekin eta Gorka Catediano perkusionistarekin batera. Emanaldia maiatzaren 22an, asteazkenean, izango da Niessen Kulturgunean.
– Nola definituko zenuke Trio Zukan taldea?
– Trio Zukan 2014an sortu zen txistu, akordeoi eta perkusio taldea da, musika garaikidean espezializatua. Sortu zenean ez zegoen formazio honetarako idatzitako ia obra originalik, eta beren lana, ordutik gaur egun arte, aipatutako instrumentuentzat obra berriak sortzean oinarritu da nagusiki. Trio Zukanen kontzertuak originaltasun, freskotasun eta energiaz beteriko emanaldiak izaten dira, eta txistu, akordeoi eta perkusiorako idatzitako obrak interpretatzeaz gain, beste mota batzuetako proposamenak ere eramaten dituzte oholtzara (hala nola, objetuekin egindako musika, performancea oinarritzat duten obrak, elektronika, bideo eta bestelako teknologia berrien erabileraren bidez sortutako piezak, eta abar).
– Zein izan da kontzertuan aurkeztutako obrak hautatzeko irizpidea?
– 2023ko udan Trio Zukanek Soinuzko Begiradak- TAKE2- CD berria argitaratu eta aurkeztu zuen, eta kontzertu honek aipatutako albumean entzun daitezkeen piezak biltzen ditu. Gainera, nabarmendu behar dugu emanaldi honetan Maria Eugenia Luc konpositorearen ‘Begiratu Bi’ obra dantzarekin batera aurkeztuko duela Trio Zukanek lehen aldiz, Miren Liezagak obra honentzat berariaz sortu duen koreografia batek lagunduta, hain zuzen ere.
– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Trio Zukan ez da egunero ikusi edo entzun dezakegun musika klasiko-garaikidea interpretatzen duen talde arrunta; izan ere, bere konbinazio instrumentalak berezko originaltasun izaera ematen dio proposamen artistiko honi. Gainera, eskainiko duten kontzertua tipologia oso desberdinetako obrak entzun eta ikusi ahal izango dira, elektronika erabiltzen dutenak, elektronika eta bideoa erabiltzen dutenak, musika eta dantza uztartzen dituztenak, musika egiteko objetuak erabiltzen dituztenak, eta abar. Guzti guztiak kalitate itzela duten eta punta puntakoak diren konpositoreek idatziak dira, gainera. Musika proposamen desberdin bat deskubritu nahi duenarentzat kontzertu aproposa dela uste dugu.
– Zer sentsazio helarazi nahiko zenizkioke publikoari emanaldian zehar?
– Belarriak eta begiak erne izan eta gertatuko denaz gozatzea da gure helburua. Askotan entzun izan ditugu “nik ez dut musika garaikidea ulertzen” edo “ze zaila den musika garaikidea” bezalako komentarioak, baina gure ustez, zerbait ulertzeak edo ez ulertzeak ez du erlaziorik zerbait gustatu edo ez gustatzearekin. Publikoari zerbait berezia eskaini nahi diogu disziplina desberdinak, elementu eta baliabide desberdinak, ezaugarri desberdinak uztartuko dituen kalitate handiko proposamen baten bidez.