Koruen Egun berezia izango dugu aurten Musikasten. Oraingo honetan, gazte-abesbatzek egiten duten lanari emango zaio garrantzia. Ostiral honetako kontzertuan Landarbasoko Dizdizka abesbatza izango da, Maddalen Dorronsorok zuzenduta.
– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Zaila den arren, merezi duten arreta eta batez ere proiektu interesgarriak eskaini behar zaizkie. Gazteen abesbatzak kontuan hartu behar diren berezitasunak dituzte eta horiez kontziente izan eta espazio segurua eskaintzen zaienean, gazteek hori baloratzen dute. Bide horretan Landarbaso Abesbatzak aurten hirugarrenez antolatu du Errenterian Gazte Koruen Topaketa eta aurrerantzean ere horretan jarraitzeko asmoa dugu.
– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Egia da egun abesbatzen mundua garai zailak bizitzen ari dela, baina lanean jarraitu behar dugu harrobiei merezi duten garrantzia ematen. Landarbaso Abesbatza Elkarteak bere harrobiaren aldeko apustu garbia egiten du horretarako baliabideak eta behar dena eskainiz, eta egia esan egun elkartean dugun harrobi handiaz harro gaude.
– Nola baloratzen duzu Musikastek abesbatzen alde egiten duen lana?
– Musikaste eta egiten duen lana ezinbesteko erreferentzia dira abesbatzen munduan. Alderdi asko aipatu daitezke, baina batez ere Koruen Egunean estreinatu ahal izateko sorkuntza berrien bultzada aipatuko nuke.
– Zer nabarmenduko zenuke aurkeztuko duzuen programatik?
– Gure programa ia oso-osorik estreinaldien programa izango da. Abestuko ditugun obren artean daude espreski egun horretarako idatzitako bat, Xabier Sarasolak Landarbasoko Dizdizkari egin eta eskainitakoak eta Iñaki Tolaretxipik Aitor Albisturren hitzekin egindako ‘Izpia Da’ obra.