Ibilbide luzea du atzean Luis Elizalde konpositoreak. Igande honetan, bere lanaren zati bat entzungo da Errenteriako Parrokian Musikasteren egitarauaren barruan.
– Nola baloratzen duzu euskal musikaren sormen-panorama?
– Musika liturgikora mugatuz, ez hain zuzen polifonikora, herrikoira baizik, liluratuta nago konposizio bakoitzaren perfekzioaz: ereserkiak, antifonak eta salmoak. Gauza bera esan behar dut eukaristiarako kantuez. Egileak profesionalak direla ikusten da. Inspirazio gehiago edo gutxiago izan daiteke, baina beti eskatu behar da zuzentasun teknikoa.

– Zer iruditzen zaizu zure musika Musikasten entzutea?
– Zer esanik ez, konpositore bati gustatzen zaiona da bere konposizioak artxiboan ez geratzea: interpretatzea nahi dugu. Plazer handia da. Eskerrik asko Musikaste hau posible egiteagatik.

– Zein izan da zure inspirazioa errepertorio hau osatzeko orduan?
– Instrumentu musikalerako ez baizik korurako konposatzen dudanean, testua da sakonki aztertzen dudan lehenengo gauza: ideia nagusia non dagoen bilatzea, garrantzitsuena, antifona txiki batean bada ere, han gailur melodikoa jartzeko. Ondoren, testuaren musikalizazioa dator. Teknikak garrantzi handia du beti. Bost urte eman nituen Erromako Musika Sakratuaren Institutu Pontifikalean ikasten. Garai hartan Kapera Sixtinako zuzendari zen Domenico Bartoluccirekin ikasi nuen. Oso eskertuta nago hain irakasle bikainarekin.

– Zer transmititu nahiko zenioke bertaratutako publikoari?
– Testu liturgikoak jasotzen duena: poza, tristura, etsipena, kontenplazioa, esker ona…