‘Koloreka kontari’ emanaldiak Kontari Landarbaso, Orereta Ikastola, Koldo Mitxelena Ikastetxea, Bizarain Ikastola, Telleri-Alde Ikastetxea eta Cristobal Gamon Ikastetxetako ahots gazteak bilduko ditu igande arratsaldean. Landarbaso abesbatzako musika zuzendaria den Iñaki Tolaretxipik bultzatutako ekimen honek gazteak koruen munduaz interesatzera bultzatu nahi ditu.
– Nola lor daiteke gazteek koruen munduaz interesa izatea?
– Abesbatza batean abestea ez dago modan, eta gazteek proposamen ugari dituzte eskuetan. Eurentzat erakargarriak izango diren proposamenak bilatzean datza gakoa, gazteak eurak ikuskizunean parte hartzera bultzatuz eta jakin-mina sortuko dieten kontzertuak eskainiz.
– Euskal Herrian ba al dago harrobi onik abesbatzen munduan?
– Ez, ia ez dago harrobirik. Musika korala apurka-apurka hiltzen ari da eta denbora gutxian oso abesbatza gutxi geldituko dira. Gainera, koralista askoz handiagoek osatuko dituzte. Ez dago erreleborik.
– Zergatik erabaki zenuen lan hau aurrera eramatea?
– Hunkitu egiten nau kantatzeak, eta taldean egitea benetan zirraragarria da. Ezin da bizi dugun guztia hitzez adierazi, baina bizitzeak apur bat zoriontsuago egiten gaitu.
– Zer nabarmenduko zenuke Musikasten ikusiko den obratik?
– Koruen Egunak oso formatu finkatua du. Obra koral erakargarriak aurkeztu nahi dira, berriak direlako edo ezezagunak direlako. Gure kasuan, etorkizunean interesgarriak izan daitezkeen bertsioak eskaintzen saiatuko gara.