Suhar Abesbatzako zuzendaria ilusioz beterik agertu da bere taldeak maiatzaren 27an Koruen Egunean parte hartuko duelako

– Zer suposatzen du zuk zuzentzen duzun abesbatzarentzat Musikasteren 50. edizioan parte hartzeak?
– Suhar abesbatza osatzen dugun gehienok aspalditik gabiltza koru munduan, eta urteak daramatzagu Musikaste oso gertutik jarraitzen. Oraingoan, lehen aldiz, SUHAR koru bezala parte hartuko dugu bertan, eta ilusioz hartzen dugu emanaldi hori. 2019an eman genuen gure lehen emanaldia, alde horretatik oraindik koru “gaztea” gara, eta hain edizio borobilean parte hartzea oso berezia izango da.
– Zer esango zenioke jendeari jardunaldi horretara joateko?
– Koruen eguneko oso kontzertu interesgarria izan ohi da. Bertan, abesbatza ugari entzun ahal izan dira, estilo eta izaera ezberdinekoak. Gainera, errepertorio oso bereziak aurkeztu ohi dira: gutxi entzuten diren obrak, urtemugaren bati oso loturikoak, estreinaldiak… Ikuspegi artistikotik, interes handiko kontzertua da dudarik gabe.
– Zer nabarmenduko zenuke interpretatuko duzuen programatik?
– Kontu handiz aukeraturiko errepertorioa aurkeztuko dugu. Gure kasuan 3 konpositoreren obrak izango ditugu. Alde batetik, Aita Madinaren 2 pieza, aurten gogoratzen baita bere heriotzaren 50. urteurrena. Bestetik, Tomas Aragüesen obra eder bat, otsailean hil zen konposatzaileari omenaldi gisa. Eta azkenik, estreinaldi bat, SUHAR koruarentzat bereziki David Azurzak 2021ean eginiko obra bat, eta Musikasten lehen aldiz abestuko dugu.
– Zer transmititu nahi diozue kontzertura joaten den publikoari?
– Alde batetik, kontzertu guztietan bezala, publikoak ondo pasatzea, musikaz gozatzea da helburu nagusia. Baina bestetik, gure kasuan, euskal koru musikak duen balio izugarria erakutsi nahi dugu, 3 garai ezberdinetako konpositoreen obrak erakutsiz, 3 estilo ezberdinetakoak, horrek adierazten baitu nondik gatozen, non gauden eta noruntz goazen.