Hitzarmen honen helburua, bi erakundeen arteko esperientzia eta ezagutzak trukatu eta herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzea da, bai musikaren eta bertsolaritzaren inguruko elkarlana sendotuz; eta baita ere, Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez, musikaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan eta ahozko kultur sorkuntzen inguruko elkarlana bultzatuz.
Eresbil musikaren ondarea eta euskal musikagileen ekoizpenean espezializatutako zentroa da eta 1974tik hainbat zerbitzu eta egitasmo eskaintzen ditu. Euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean lan handia egiten du.
Xenpelar Dokumentazio Zentroa 1991an sortu zuen Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren ondarearen zerbitzua emateko eta 2009tik Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuaren inguruko informazio zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Musikaren eta bertsolaritzaren ondareen zaintza eta zabalkundean elkarlana
Hitzarmen honekin, musikaren eta bertsolaritzaren ikus-entzunezko ondarearen zaintzak eta zabalkundeak gaur egun dituen erronkei erantzuteko maila ezberdinetan elkarlana sendotu nahi da, baliabideen ustiapen handiena egin eta informazio zerbitzuak hobetzeko.
Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez, elkarlan eremu berriak
Orain arte musikaren eta bertsolaritzaren artean egindako elkarlanari sendotasuna emateaz gain, hitzarmen honekin Mintzola Ahozko Lantegiaren beste alorretan ere elkarlana bultzatu nahi da. Batetik, Kulturartea lan-lerroaren bidez, munduko kantu inprobisatuen ezagutza zabaldu nahi da, ikerketak lagundu eta bultzatzeko; eta bestetik, Elkargunea lan-lerroaren bidez, euskal ahozko kultur sorkuntzen inguruko gogoetak eta dokumentazio baliabideak bultzatu nahi dira. Mintzolarentzat, musikaren eta kantuen alorrean Eresbil eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren arteko elkarlanak aukera berriak irekiko ditu ezagutza eta ikerketaren alorrean.
Aspaldiko elkarlana sendotuz
Aspaldikoa da bi erakundeen arteko elkarlana. Izan ere, urteak dira bertsolaritzaren musika eta ikus-entzunezkoen tratamenduan auzolanean ari direla, elkarri lagunduz, elkar osatuz.
Bide luze horretan ez da anekdotarik falta eta beharbada guztietan pasadizorik bereziena ezagutzen dugun bertso grabaziorik zaharrenarekin gertatutakoa da. Regal argitaletxearen “Bertso berriak por Asteasu y Txirrita” arbelezko diskoaren ale bana zegoen bi zentroetan. Eresbilek egin zuen soinuaren digitalizazioa eta horri esker bertsoak transkribatu eta jaso ziren Xenpelarren.
Grabazioaren edukiaren azterketak emaitza desberdinak eman zituen, eta misterioa argitzeke dago oraindik! Izan ere, Xenpelarren Pello Errota hori “Asteasu” zela ondorioztatu zen. Pello Errota Asteasukoa izateaz gain, Txirritarekin sarri aritu baitzen kantuan. Gainera, grabazioak ez ditu Pello Errota dela pentsatzeko pista gutxi ematen: Asteasutik etorri dela dio bertso batean, norbaitek “Bota Pello!!” esaten dio… eta grabazioan Txirritaren pareko bertsolari bezala kantatzen du.
Aldiz, Eresbilek Regal argitaletxearen ibilbidea eta grabazioaren ezaugarriak analizatu zituen. Eta azterketa horren arabera diskoa 1927koa da. Beraz, ezinezkoa da Pello Errota izatea, 1919an zendu baitzen. Pello Errotak ezin zuenez izan, balizko egile berri bat identifikatu zen: Joxe Mari Sorozabal “Asteasu”, Pablo Sorozabal musikariaren aita.
Etorkizunean argi izpi berririk ezean, “Asteasu” hori Pablo Sorozabal musikariaren aita dela azaltzen jarraituko dugu bi erakundeok.
Hemen informazio gehiago:
- Grabazioa entzuteko aukera (Eresbil): http://www.liburuklik.euskadi.net/handle/10771/29121
- Grabazioaren fitxa eta bertsoen transkribapena (Xenpelar): http://bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/view/3409-bertso-berriak
- Grabazioaren ikerketari buruz (Eresbil): http://www.errenteria.net/eu/ficheros/57_18612eu.pdf