Andra Mari Abesbatzak eta Euskadiko Orkestrak Musikaste jaialdiari bukaera polita emango diote. Larunbat honetan izango da, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Diego Martin-Etxebarria Euskadiko Orkestra taldearen zuzendariaren esanetan, “marketin gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko”.
– Nolakoa izan da zure lana programako obrak ulertzeko eta Euskadiko Orkestrako musikariei helarazteko?
– Hasieratik oso lan zabala izan da. ‘Mirentxu’ izan ezik, gainerako lanak ezezagunak ziren niretzat. Hasteko, egileei eta haien konposizioaren testuinguruari buruzko informazioa bildu behar izan dut. Operetatik datorren musikaren kasuan, ‘Mirentxu’ eta ‘Leidor’, kontatzen duten istoriotik abiatuta lan egiten dut. Une bakoitzean argumentuz zer gertatzen ari den jakin behar dut, musikak antzerki-ekintzaren zentzu bera har dezan. ‘Tenpluaren Sinfoniaren’ 3. mugimendua ere ipuin batean oinarritzen da, konpositoreak berak azalduta, eta ideia hori oso baliagarria zait diskurtso musikala egituratzeko. ‘Concerto grosso’ren kasuan, eduki extramusikal batean oinarrituta ez dagoenez, musikaren beraren egiturak gidatzen nau prozesuan.
– Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak Musikaste itxi dute berriro, zeintzuk dira kontzertuaren gakoak?
– Estiloen aniztasuna da programaren gauzarik azpimarragarriena. Konpositore bakoitzak oso hizkuntza berezia du, nahiz eta bi korronteetan pentsa genezakeen: Eduardo Mocoroa eta Jesus Guridi, operetako konpositoreak, euskal folklorean gehiago oinarritzen dira; Carlos Basurkok eta Gabriel Loidik, berriz, hizkuntza abangoardistagoa garatzen dute, baina beti estetika guztiz ulergarria eta publikoarengandik hurbilekoa mantenduz.
– Zer transmititu nahiko zenioke jendeari?
– Musikarekiko poza. Beti saiatzen naiz gogoratzen zergatik hasi nintzen musika tresna bat jotzen: dibertigarria zen eta hala izaten jarraitu behar du, profesionalizatu arren. Eszenatoki batera igotzean, nire helburua ondo pasatzea da, eta nirekin batera gozatzea bai publikoak, bai nirekin doazen musikariek.
– Zer nabarmenduko zenuke Musikastek euskal musikaren panoramari egindako ekarpenetik?
– Programa hau errepertorioaren aurkikuntza izan da niretzat ere. Horrek esan nahi du Musikasteren jarduera funtsezkoa dela etxeko musika sustatzeko, ez bakarrik publiko orokorraren artean, baizik eta askotan gugandik hain gertu ditugun mirariak ahazten ditugun profesionalen artean. Txalotu egiten dut alemaniarrek zein italiarrek nola sustatu duten euren musika. Marketin-gaitasuna hobetu beharko genuke etxean gozatzeko eta gure lurraldeko musika-bitxiak arrakasta handiagoz esportatzeko.