Tomas  Ruti:  “Programa  interesgarria  da  belarri  guztientzat,  eta  edertasun  eta  kontraste  handikoa”

Tomas Ruti: “Programa interesgarria da belarri guztientzat, eta edertasun eta kontraste handikoa”

Musikastek ostiral honetan hasiera emango dio bere edizio berriari, 19:00etan, Lekuona Fabrikan, Oiasso Kamerata eta Tomas Ruti zuzendariaren eskutik. Kontzertuan Zariatxo-Zariagaz abesbatzarekin eta Marina Beheretche biolinistarekin batera arituko dira.

– Zer suposatzen du kontzertu hau Errenterian aurkezteak?
– Oiasso Kameratarentzat ilusio handia da, Euskadin eta Euskaditik kanpo proiekzio handia duen jaialdia delako, eta ibilbide luzea eta ospetsua duelako. Taldea duela 11 urte sortu zen, eta une zoragarria iruditzen zaigu hain agertoki garrantzitsuan izateko, eta, are gehiago, Lekuona Fabrikan.

– Zein esperientzia musikal ezagutuko dute kontzertura joaten direnek?
– Gure ondarearen parte eztabaidaezina diren euskal egileen lanez gozatu ahal izango da, hala nola, Guridiren Euskal Melodiak, Bernaola, Escudero edo Valentin Larrearenak, berrestreinatzeko plazera izan dugunak, kalitate handikoak.
Bestalde, Elodie Baffalio eta Ekhi Lambert Iparraldeko egileen lanen estreinaldiak ditugu. Lehenengoa, ‘Bizitzaren Harian’ programa hau sortzeko aitzakia bihurtu zen. Programa honen bidez, bizi-etapa ezberdinak elkarrekin lotutako musiken bidez margotu nahi ditugu. Eta Ekhi Lamberten lanak gaztetasuna modu zirraragarrian irudikatuko du bere bigarren zatiari, ‘Pasabidea’ izenekoari, lekua uzteko, non ondorengo etapetarako trantsizioa iradokitzen den.
Beste aurkikuntza garrantzitsu bat (aski ezaguna bada ere) Zariatxo abesbatza izango da, ‘Aurtxo Seaskan’ekin. Eta oso aberatsa izango da Marina Beheretche-ren lana.

– Emanaldi honetan Zariatxo-Zariagaz abesbatzak eta Marina Beheretche biolin-jotzaileak ere parte hartzen dute. Nolakoa izan da hiru aldeko lan hau?
– Oso interesgarria izan da. ‘Con Aire de Tango’ kontzertuan lagundu genion Marinari, eta luxu bat da beti bere musika-kalitateagatik, prestutasunagatik eta hurbiltasunagatik. Zariatxorekin ez dugu kolaboratu, haren kalitatea jakin arren. Imanol Elizasu zuzendariaren laguntza eta elkarlanerako izan zuten ilusioak egin dute gainerakoa.

– Kontzertuan Ekhi Lambert eta Elodie Buffalio bezalako konpositore gazteen lanak integratzen dira, zer azpimarratuko zenuke konposizio hauetatik?
– Baffalioren ‘Iazko Lorea’-ren originaltasuna. Aitona-amonei eskainia dago eta aitona-amonen bizi-ibilbidea gogorarazten du.
Ekhi Lamberten ‘Itzuliño bat-Pasabidea’ lanak gaztetasunaren algaran murgiltzen gaitu erabat, hizkuntza fresko eta dantzagarri baten bidez, jai-herrikoia hartzen duena obra kementsu eta dibertigarri bat eraikitzeko. ‘Pasabidea’, berriz, zertxobait ilunagoa da.

– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Uste dut aukera on bat dela hari-orkestra formazio bat ikusteko. Ez da oso ohikoa, baina aukera handiak ditu, gure musika eta atzoko eta gaurko musikariak ospatzen dituen kontzertu-ikuskizun batean. Oiasso Kamerata-k programa interesgarria dakar belarri guztientzat eta edertasun eta kontraste handikoa, lehen lerroko gonbidatuak ditugula ahaztu gabe.

ERESBILek IASAren 54 konferentzian parte hartu du

Aurten irailaren 11tik 15era IASA – International Association of Sound and Audiovisual Archives erakundearen urteroko konferentziaren 54 edizioa ospatu da Istanbulen . Oraingo honetan ICTMDrekin (International Council for Traditions of Music and Dance) batera antolatu da, Collaborating to preserve and safeguard audiovisual and related heritage lelopean.

 

Hitzaldiaren irudia
Istanbulgo Unibertsitatea. Konferentziaren egoitza

 

Soinu-bildumen eta ikus-entzunezko bildumen zaintza digitalak eta digitalizatu gabeko grabazioak galtzeko mehatxuek, erronka esanguratsuak dakartzate. Giza migrazioak, gatazkak, gerrak eta gutxiengoen bazterketak kultura-ondarearen babeserako arriskutsuak dira. Aro digitalean, egoera konplexu horri aurre egiteko eta munduko hainbat komunitateren soinu eta ikus-entzunezko ondarearen kontserbazioa bermatzeko, ezinbestekoa da elkarrizketa eta lankidetza indartzea. Ondare-erakundeentzako erantzukizun saihestezina da.

ERESBILek topaketa honetan parte hartzeko aukera izan zuen. Bertan, soinu-dokumentazioko  profesionalen eta bost kontinenteetako ikertzaileen eta etnomusikologoen aurkezpenetara eta komunikazioetara joan ahal izan zen. Ekitaldi horretan, hainbat eskualdetako musika tradizionalaren soinu-ondarearekin lotutako esperientziak eta proiektuak partekatu ziren, besteak beste, Ghana, Azerbaijan, Sri Lanka, Errusia, Grezia, Serbia, Uruguai, Txekia, Ukraina, Zeelanda Berria, Estatu Batuak eta India. Ohikoa denez, herrialde anfitrioiko, Turkiako, musika eta tradizioei buruzko aurkezpenak izan ziren nagusi.

Jaione Landaberea 
Eresbileko koordinatzaile teknikoa eta ikus-entzunezkoen arduraduna

Euskal Herriko soinu-bildumaren zati batek ere bere lekua izan zuen hitzaldiaren barruan. María Jesús López Lorenzok, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Soinu eta Ikus-entzunezko Dokumentuen Zerbitzuko buruak, eta Jaione Landabereak, Eresbileko ikus-entzunezko dokumentuen arloko arduradunak eta koordinatzaile teknikoak, <<Traditional music in Spain through sound documents in the first half of the 20th century–Their recovery and safeguarding>> hitzaldia eman zuten. Ikuspegi bereizgarri batetik, ordezkatzen dituzten erakundeek musika tradizionaleko soinu-funtsak berreskuratzeko eta zaintzeko egindako lana azaldu zuten.  Bi ondare-erakundeak helburu komun batekin, baina jatorriari eta tamainari dagokienez erabat desberdinak.

Aurkezpen horrek arreta berezia eskaini zien gure geografiako kultura tradizionalaren lehen soinu-adierazpenei, bai eta lehen etxe fonografiko komertzialek eremu horri eskaini zioten produkzioari ere. Era berean, dokumentu-ikuspegi batetik, azterlan horrek aukera eman zuen gure bildumetan hutsune batzuk identifikatzeko, genero horretako beste funts eta bilduma batzuk ezagutzeko eta, aldi berean, lankidetza eta informazio-trukea ahalbidetzeko, herrialdeko soinu-ondare dokumentala kontserbatzeko ahaleginak harmonizatuz. Ezinbestekoa da oroitzapen pertsonalak ez ezik kultura eta herrien memoria biltzen dituen soinu-ondarea digitalizatzea eta kontserbatzea. Iraganeko ahotsak entzuteko eta, aldi berean, etorkizuneko belaunaldientzat gure tradizioan errotutako ahotsak eta musikak gordetzeko aukera ematen digun legatua da.