Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak Iñaki Salvador pianistarekin eta Olatz Saitua sopranoarekin kontzertua eskainiko du asteazken honetan, maiatzak 17, Musikasteren bigarren jardunaldian.
– Zerk bultzatu zintuen Iñaki Salvador eta Olatz Saituarekin proiektu honetan parte hartzera?
– Oso argi neukan lan hau bi kide hauekin egin behar nuela. Azkenean, lan hau oso pertsonala eta intimoa da, beraz sentiberatasun, umiltasun eta konpenetrazio handia behar nituen aurrera eramateko. Eta Olatzekin eta Iñakirekin hau betetzen da. Mirespen handia sentitzen dudan bi pertsona eta artista handi dira, eta haiekin etengabe ikasten dut. Aurretik ere lan egin izan dut bakoitzarekin, eta haren ondoan beti sentitu izan dut lotura pertsonal eta musikal eder hori, esperientzia aberasten duena eta bidaia partekatua pozgarria izatea bermatzen duena.

– Zer obra mota jasotzen dira proiektu honetan?
– ‘Un corazón – Bihotz bat’ proiektuak euskal folkloreko doinu ederrenetako batzuk biltzen ditu. Iñaki Salvadorren autore moldaketa zoragarriei esker, lan honek hegaldi eta askatasun berri bat, dimentsio eta nortasun berri bat, ahotsek jolasteko eta ondo pasatzeko moduko freskotasun bat hartzen ditu.

– Nola animatuko zenuke jendea kontzertu honetara joatera?
– Uste dut, aipatu dudan izpiritu horrek harritzen eta eramaten uzten badie, gure konplize bihurtuko direla eta harridura, samurtasuna, nostalgia apur bat eta beste gauza asko ere sentituko dituztela.

– Nola baloratzen duzu Musikastek euskal konpositore eta artisten alde egindako lana?
– Oso eskertuta gaude Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari, euskal musika zaintzen eta zabaltzen duen erakundeari, proposamena Musikasten aurkeztera gonbidatzeagatik. Izan ere, lan onaren erreferentea da Eresbil, eta euskal musika eta musikari desberdinei irekita dagoen sorkuntza eta interpretazio-gune zabala eta plurala eskaintzen du.

** Argazkia: Iñigo Arizmendi