Pablo Sorozabalen profil biografikoa

Pablo Sorozábal Gómez

San Lorenzo de El Escorial, 2017

Pablo Sorozabal Mariezkurrena (Donostia, 1897; Madril, 1988) euskal familia apal batean jaio zen, eta oso gaztea zela, kasualitate hutsez, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak doan eskaintzen zituen solfeo-eskoletan sartu zen.

Haren musika maite dutenek irribarre egingo dute pentsatuz zer galduko zuketen bere anaia helduekin hirian barrena zebilen Pablo txikia ez balitz animatu –jakin-minak eta beharbada gaiztakeria bat egiteko gogoak bultzatuta– egun hartan solfeo-eskoletan matrikulatzeko zain zegoen “familia oneko” haurren ilara hartan jartzera.

Anekdota hori aipatzen dut nire aitonaren gustukoenetako bat zelako bere haurtzaroari buruz hitz egiten zuenean (familia oneko haurrei “tirillas” deitzen zien), baina era berean uste dudalako konpositorearen jatorria ezagutzeak, eta zehazki bere familiak musikaren munduarekin inolako loturarik ez zuela jakiteak, lagunduko digula ulertzen zergatik bere obra herriari zuzendu nahi izan zion beti, eta ez elite bati. Prozesu horretan, bere musika antzerki lirikoaren eszenan nagusi ziren moda eta estereotipoetatik urruntzen ahalegindu zen, genero hori gainbeheran zegoelako XX. mendearen lehen herenean, eta berritzen ahalegindu zen, baina publiko guztiarengana eta aditua ez zen publikoarengana iristeari uko egin gabe.

Beharbada, pronostiko guztien aurka, Paulo txikiak, bere amak dirudienez hala deitzen baitzion, bere solfeo-eskolekin jarraitu zuen, lehenik eta behin musika maitatzen ikasi zuen, ondoren bere aitak hogeita hiru pezetako biolin bat oparitzea lortu zuen, biolin harekin ofizioa ikasiz, eta ondoren Donostiako Orfeoian sartu zen (garai hartan abesbatzak Euskalerriko Adiskideen Elkartearekin lotura zuen). Hark beti gogoratu eta umorez kontatu izan zuen kontzertu baten aurreko egunetan ahotsa aldatu zitzaiola eta lasai asko baxuaren papera abestu ahal izan zuela: ordurako prestakuntza ona zuen musikari txiki bat zen. Orfeoiko zuzendari Secundino Esnaola hil zenean Sorozabalek ordeztu zuen epe labur batez, garai hartan Alemanian bizi baitzen eta bere nahiak beste batzuk baitziren, ondoren kontatuko dudan bezala.

Pablo Sorozabal 1942. urtean

Alemanian 20. urteetan

Bere oroitzapenetan, musikariak xehetasun handiz kontatzen du urte haietako nondik norakoa; alde batetik, musikari lotutako oroitzapenak, adibidez Orfeoiarekin Madrilera joan zirenean Bederatzigarrena eta Parsifal operaren zatiak abestera, edota laukote batean musika jotzen izandako esperientzia festa aristokratiko batean, kontzertu hartan irabazitako dirua bota batzuk erosteko erabiliz, eta bestetik, oroitzapen erabat desberdinak, adibidez merkatari donostiar batentzat gazta-kaxak kargatzen aritu izana: Sorozabal esperientzia ugari ari zen bereganatzen, geroago konposatuko zuen musika sortzen lagunduko zioten esperientziak, alegia.

Ondorengo urteetan biolinista gisa jardun zuen Donostiako Kasino Handiko orkestran eta Madrilgo Orkestra Filarmonikoan (haren zuzendari titular izan zen handik urte askotara), eta garai hartakoa da bere lehen konposizio garrantzitsua, bere Hari-kuartetoa Fan. Obra hori, Kasinoko Orkestrarentzat konposatu zuen eta haren zuzendari Alfredo de Larrochak estreinatu zuen harirako Reverie batetik sortu zen. Hori baino lehenago lehen kuarteto baten berri eman zion, eta galduta dagoen obra horri esker, bere biolinista gaztearen gaitasunaz ohartuz, Larrocha maisuak Beltran Pagolaren konposizio-eskoletara bertaratzeko gomendatu zuen.

Nire aitonak bere oroitzapenetan kontatzen du, eta familia giroan kontatzea asko atsegin zuen anekdota da, bere aberkide Usandizagaren heriotzak erabat hunkitu zuela, eta terraza batean zegoela haren segizioa pasa zenean emozio handiz Usandizagaren kuartetoaren andantea jo zuela “arkuak txori txiki batek bezala dar-dar eginez”. Ondoren, hildako konpositorearen anaia Ramoni “La Llama” obraren partitura berrikusten lagundu zion, amaitu gabe geratu baitzen.

Pablo Sorozabalek Schumannen herrialdea ezagutu nahi zuen, haren idazkiek hunkituta utzi baitzuten, eta 1920. urtean Alemaniara joan zen, Donostiako Udalak emandako beka batekin. Alemanez hitz bakar bat ere jakin gabe joan zen, garai hartan atzerrian prestakuntza bereganatu nahi zuten artisten jomuga nagusia Paris zen arren, eta horrek argi uzten du ordurako nolakoa zen konpositore gaztearen nortasuna.

Hamar urtetik gora bizi izan zen bertan, Leipzigen eta Berlinen, bereziki nahasia izan zen gerra arteko Alemaniako garai hartan, baina gerra osteko miseriari dagokionez zertxobait baretu zen 1924. urtetik aurrera, eta horrek jazz- eta kabaret-giroa ekarri zuen, inolako zalantzarik gabe musikari gaztearengan eragina izan zuen giroa.

Sinplifikatuta, Sorozabalen konpositore-karrera hiru alditan bana dezakegu. Lehen aldia, 1920. urtetik hogeita hamarreko hamarkadako lehen urteetara bitartekoa, non Alemaniako egonaldia (datu zehatz gutxi daude egonaldiari buruz) eta Espainian zuzendari gisa emandako gero eta kontzertu gehiago eta bere lehen obren estreinaldiak uztartzen diren. Aldi horretan batez ere musika sinfonikoa, ganbera-musika eta hainbat obra koral konposatu zituen, gehienak euskal nazionalismoaren ildotik. Orkestra eta korurako Suite vasca, Variaciones sinfónicas sobre un canto vasco edo Siete Lieder obrak, baita obra koral laburrak eta ukitu herrikoi nabarmena zuten hainbat pieza ere, adibidez Bigarren kalez-kale eta Gabiltzan kalez-kale, dira beharbada obrarik adierazgarrienak.

Alemanian konposizioa ikasten hasi zen Stephan Krehlekin eta biolina Hans Sittekin, eta eroso bizi izan zen Donostiako Udalaren bekari esker, pezetatan kobratzen baitzuen, Alemanian inflazioak gorantz etengabe egiten zuen garai hartan. Berehala orkestra-zuzendaritzan hasi zen, pixkanaka biolina alde batera utziz, baina hala eta guztiz ere gogoan izan behar da nahiko geroago, Katiuska obraren estreinaldia ustekabean atzeratu zenez (geroago aipatuko dugu), egun batzuz Bartzelona utzi eta biolina jotzera joan behar izan zuela diru pixka bat irabazteko: argi dago haur gaztetxoa izanik jotzen hasi zen instrumentua konpositore eta orkestra-zuzendari gisa erabat finkatuta zegoenean bakarrik utzi zuela behin betiko.

1931. urtean bizitzaren gorabeherek antzerki lirikorantz bideratu zuten, genero horretan orduraino jardun ez bazuen ere: proposatu zioten González del Castillo eta Martí Alonsoren libreto batentzat musika idaztea, Katiuska operetarentzat, hain zuzen ere. Sorozabalek beti komentatzen zuen lehen une batean oso arrotz egin zitzaiola zarzuelaren munduan murgildu izana, eta mundu horrenganako interesa izan zuenean, Chapí, Bretón, Barbieri, Chueca, Vives eta abarren obretan lehen aldiz sakon murgilduz, beti maite izango zuen musika bat aurkitu zuela.

Berlinen, Ramon Usandizagarekin

Katiuska 1931ko urtarrilaren 27an estreinatu zen Bartzelonan eta Juan José operarekin 1964an amaitu zen hogeita bi obra lirikoko zerrenda bateko lehena izan zen.

Beraz, 1931n ezarriko genuke “bigarren aldi” baten hasiera, berrogeita hamarreko hamarkadako erdira arte luzatuko dena. Konpositoreak aldi horretan buru-belarri jardun zuen genero lirikoko bere titulu ospetsuenak konposatuz eta orkestra-zuzendari gisa.

Eta bere lehen zarzuelaren Madrilgo estreinaldiko antzezlari-zerrendan ezagutu zuen Enriqueta Serrano aktore eta tiple komiko kataluniarra, zeinarentzat idatzi zuen bere hurrengo titulua, La Isla de las perlas opereta, eta harekin ezkondu zen 1933. urtean. Enriquetaren ahotsaz goza daiteke Sorozabalen obren hainbat grabazio gogoangarritan, horietako batzuk deskatalogatu gabeak, eta CD euskarrian ere eskuragarri.

Juan José obraren partiturarekin pianoan

Baina itzul gaitezen hogeita hamarreko hamarkadara, Sorozabalen genero lirikoranzko joera hasi zenean. Zarzuela ia beti giro nazionalekoa izan zen, genero peto-peto eta kostunbristan oinarritzen zena, hori zenbaitentzat bat ez zetorrelarik Espainia errepublikarraren errealitatearekin. Horixe uste zutenen artean zegoen konpositorea, bere oroitzapenetan “zarzuela de alpargata” deitu zuenetik, hau da, genero lirikoaren bitartez gizarte-errealitate faltsutua erakutsi nahi zuten topiko eta estereotipoetatik urrun baitzegoen. XX. mendeko zarzuelari ekarpen pertsonala eta berritzailea egin nahi zion, obra bat non tradizioaren eta modernotasunaren arteko oreka aurki zitekeen; non urte askotako bere ikasketak aplikatu ahal izango zituen, musika sinfoniko eta koralarekiko azaldu zuen interes handia, hain ondo gauzatu zuena bere lehen konposizioetan, baina era berean haur abeslari gisa eta biolinista gisa hain ondo ezagutu zuen musika herrikoiari buruz zituen ezagutzak ere.

La isla de las perlas operetaren ondoren bere obra onenetako bat egin zuen, era berean gutxien ulertutako bat izan dena: Adiós a la bohemia opera txikia, Pío Barojaren libreto batekin. Sorozabalek idazle hori beneratu egiten zuen, eta zoragarria da elkarren artean idatzitako gutunak irakurtzea, musikariak idazlea nola animatzen duen genero lirikorako libreto bat idazteko beldurra alde batera utzi dezan. Enriquetak obra horri “Adiós a la taquilla” deitzen zion, izan ere, haren senarra bere konpainiarekin antzezten tematzen zenean, berrogeiko hamarkadaren inguruan, beste titulu batzuekin lehendik irabazitako dirua galdu ohi baitzuen. Obra bikaina da zalantzarik gabe, bere Juan José operaren aitzindari.

Eta 1934. urtean La del manojo de rosas jaio zen, bi ekitaldiko sainete lirikoa, izaera peto-petoa zuena eta garai hartako Madril herrikoian girotua zegoena. Obra hori itxuraz xumea da, baina erabiltzen dituen baliabide konpositibo eta dramatikoek, entzuleen etengabeko babesa lortzeaz gain, Zarzuelaren Hiztegiak (ICCMU, 2003) inoiz egin den zarzuela handienetakoen artean sailkatzea ere lortu zuen. Obrak honako eskaintza hau du: “Nire seme Pablori, mundu honetara partitura honekin aldi berean etorri zena”. Bere seme bakarra, Pablo Sorozabal Serrano, era berean musikaria eta sariak jaso zituen idazle eta itzultzailea izan zen, baita argazkilari oso estimatua ere.

La Tabernera de Puerto (1972/11/17)

2013. urtean, Mario Lerenak, Sorozabalen obra hobekien ezagutzen duen musikologoetako batek, Euskal Herriko Unibertsitatean doktorego-tesi bat idatzi zuen Pablo Sorozabalen antzerki-musika maisuki aztertuz.

La del manojo de rosas, “sainete handia” deitu daitekeenaren sortzaileak, bere tituluarekin eta bere musika-esaldi ospetsuan, Chapíren “La revoltosa” aipatzen du. Hamaika musika-saioz osatuta dago, Madrilgo hogeita hamarreko hamarkadako urteetako ”musika-paisaia hiritarra” azalduz, non modu egokian uztartzen diren bere erromantzen lirismoa eta mazurka, tirana, pasodoblea, schottisa, farruka flamenkoa, seguidillak, habanera, zapateatua eta jazza, azken hori Si tu sales, a Rosales fox-trot dibertigarriarekin. Eta estrainaldi hori egin eta hiru egun igaro ondoren beste obra bat aurkeztu zuen, La casa de las tres muchachas izenekoa, opereta alemaniar baten egokitzapena zena, bere obra ez izan arren interes handiarekin landu zuena; horren frogagarri da 1978an, dagoeneko laurogei urte zituela eta lan egiteko ahalmena oso murriztuta izanik, partituraren berrikuspen osoa egin zuela.

Eta hori aipatzen dut autore honetan konstante bat izango delako, batez ere bere “hirugarren aldian”, urte batzuk igaro ondoren bere obra batzuen eta miresten zituen beste konpositore batzuen obren berrikuspen arduratsua. Ildo horretan, musikologoentzat eta Sorozabalen obraren jarraitzaileentzat interesgarria izan daiteke jakitea (edo baldin badakite, gogoraraztea), bere bizitzako hainbat unetan bere La isla de las perlas operetara eta bere Siete Lieder obrara itzuli zela; Albenizen San Antonio de la Florida ahanzturatik erreskatatu zuela, galdutako partitura osorik berreraikiz, eta Pepita Jiménez obraren partitura osorik berregin zuela garai hartan zegoen partitura bakarra oinarritzat hartuz lan eginez, libreto berria sortuz gaztelaniaz; Barbieriren Pan y toros berregokitu zuela eta, bere bizitzaren amaieran, 1920ko bere Capricho español ballet bihurtu zuela eta oso obra ederra idatzi zuela, Paso a dos  izenekoa (1984), Pepita Jiménez obraren gaiak abiapuntutzat hartuz.

Maurice Ravelekin Bilbon

1936ko uztailean, Bartzelonan La tabernera del puerto estreinatu eta hilabete gutxi batzuk igaro ondoren, gerra zibila hasi zen.

Urte hartako apirilean Sorozabal Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren eta Madrilgo Udal Bandaren zuzendari izendatu zuten. Kausa errepublikarra defendatu zuen beti, erbesteari uko egin zion eta, Bandaren zuzendari postutik, setiatuta zegoen hiribururako dirua biltzeko asmoarekin Espainia errepublikar osoan barrena eman zituen kontzertu askoren bitartez gauzatu ahal izan zuen errepublikarekiko babes hori.

Beti kontatzen zuen gerra amaitu zenean eta Madril tropa frankistek okupatu zutenean espero zuela –etengabe jasotzen zituen mehatxuzko telefono-deiez gain– edozein unetan bere atea joko zutela eta, beste hainbat bezala, betiko desagertuko zela.

Baina zorionez ez zen halakorik gertatu. Madrilen egin zuen La tabernera del puerto obraren estreinaldiak boikot-ahalegin bat gainditu zuen, mehatxuak jasan zituen, zuzentzea debekatu zioten, La tabernera obraren egile-eskubideak Falangeari lagatzea exijitu zioten, baina ez zuen etsi eta aurrerantz jarraitu ahal izan zuen. Hala eta guztiz ere, ezagutu duen edota bere elkarrizketa entzun edo bere oroitzapenak irakurri dituen edonork badaki Sorozabal alai eta baikorraren zati handi bat, dudarik gabe halakoa baitzen, 1939. urtean hil zela.

Bere lan-ahalmena ez zen hil, ordea, izan ere, La tabernera obraren arrakasta handiari beste bi obra liriko berriren (Black el payaso eta Don Manolito) arrakasta gaineratu baitzitzaion, eta une horretan bere zarzuela-konpainia eratzea erabaki zuen. Argentina eta Uruguairantz ontziratu zen 1942an, bere emazte Enriqueta, bere seme Pablo eta konpainiako langile guztiekin batera, eta bertan bi urte eman zituen, bere obra gehienen eta zarzuelako errepertorio klasikoaren berri emanez. Ameriketan egon zen bitartean ez zuen nota bakar bat ere idatzi, bere oroitzapenetan adierazten duenez, Me caso en la mar salada pasodoblea salbu. Harekin ospatu zuen bere berrogeita hamargarren urtebetetzea itsasontzian. Pasodoble hori bere Entre Sevilla y Triana zarzuelan sartu zuen, 1950ean Antzerki Sari Nazionala jaso zuen zarzuelan.

Madrilgo Orkestra Filarmonikarekin entseguan

Hego Amerikako egonalditik itzuli zenean, Bartolomé Pérez Casas ordeztu zuen Madrilgo Orkestra Filarmonikoaren buru gisa, 1945eko azaroan debuta eginez; programan, Wagner, Bach, Falla eta Stravinsky izan ziren. Talde historiko horren buru gisa jarraitu zuen oso une zail batean, O.N.E. delakoa 1947an ofizialki sortu baitzuten. Orkestraren gidari gisa betetzen zuen lana gero eta zailagoa zen eta 1952an, zentsurak aldez aurretik baimendu zion kontzertu garrantzitsu bat ematea –telegrama bidez eta bezperan– debekatu zionean, Madrilgo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari gisa dimisioa aurkeztu zuen. Shostakovichen zazpigarren sinfoniaren Espainiako estreinaldia eta bere obra baten (Victoriana suitea) estreinaldia interpretatzeko asmoa zuen. Oso obra ederra da, berritzailea eta bere egilearen katalogoan erabat atipikoa; konposizio bereziki garrantzitsua, egile garrantzitsuen beste obra neoklasiko batzuei hainbat urtez aurrea hartzen ziena, duela gutxi Javier Suárez Pajares musikologoak Tomás Luis de Victoriaren heriotzaren laurehungarren urteurrenean adierazi duen bezala. José Luis López Cobosek 1987an estreinatu zuen, zentsura frankistak haren estreinaldia debekatu eta hogeita hamabost urte igaro ondoren, eta egilearen heriotza baino urtebete lehenago!

Esan daiteke hemen bere bizitzako “hirugarren aldi” bat hasten dela, non Sorozabal pixkanaka-pixkanaka Espainiako musika-bizitzaren lehen lerrotik erretiratzen den, pertsegituta sentitzearen ziurtasuna eta mingostasun handia lagun zituela.

Aldi horretan mota guztietako obra asko konposatu zituen, bakarlarientzako kontzertuak salbu..

Nire aitonarekin bizi izan nintzen beti, hil zen arte, eta gogorarazi behar dut egia dela, bere zahartzaroan behin eta berriz bizi-mingostasuna azaltzen zuela, Errepublika eta, harekin batera, kulturaren esparruan orduraino lortu zen guztia galtzearen ondoriozko tristurarekin. Hala eta guztiz ere, asko aipatu izan da aiurri zailekoa zela, ustez gogorra eta zakarra, eta baliteke hala izatea batez ere orkestra-zuzendaritzaren esparruan, ez ordea familiako giroan. Inolako zalantzarik gabe pertsona ausarta izan zen, “ahoan bilorik ez zuena” (“Mi vida y mi obra” izeneko oroitzapen autobiografikoen edozein une irakurri besterik ez dago, eta oso bereziki Falangearen Probintziako Buruarekin 1939an izan zuen elkarrizketa), eta horren ondorioz etsai asko izan zituen, baina era berean miresle eta adiskide asko lortu zituen, eta beharbada horiek izan ziren gerra osteko lehen egunetan hari “paseilloa” ez ematea lortu zutenak.

 Bartzelonan, 1949

  1. Urtean, erabat ezustean, haren emazte Enriqueta Serrano hil zen..

Berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera gertatutako gorabehera guztien ondorioz Sorozabalek musika idazteari edota zuzentzeari utzi ziola esan nahi al du? Inola ere ez. Bere idazlumatik atera ziren obretako batzuk bakarrik aipatuz (deskribapen hobea lortzeko, webgune honetan katalogoaren atala bisitatzea gomendatzen dut), gogora dezagun aldi honetakoak direla bere azken bost zarzuelak, baita bere obra garrantzitsuenetako batzuk ere, adibidez Gernika kantata, Pepita Jiménez, Pan y Toros eta San Antonio de la Florida obren berrikuspena; bere Juan José opera; Paso a cuatro, Comedieta eta Paso a dos balletak; Ocho canciones para dos voces y guitarra obra, bi film luzeren musika eta obra koral berri ugari, edota gaztetan egindako obren berrikuspenak, guztiak euskal musikakoak.

Bere obra lirikoetako batzuk estreinatu ziren, askotan arrakasta handiarekin gainera, baina tamalez une horretatik aurrera gero eta gutxiago antzeztu ziren. Ez zen hori gertatu, adibidez, La tabernera del puerto edo La del manojo de rosas obrekin, bereziki azpimarratzekoa izanik azken horri lotuta Emilio Sagi eszenografoak 1990. urtean Zarzuela Antzokirako egin zuen muntaketa bikaina. Eta bereziki azpimarratzekoa da, era berean, Mario Gasek eta Ignacio Garcíak Madrilgo Antzoki Espainiarra zuzendu zuten garaia, Sorozabalen musikaren zaleak ohiz kanpokoa izan zen eta inola ere espero ez genuen gertakari baten lekuko izan baikinen: Black el payaso, La eterna canción, Adiós a la bohemia eta Las de Caín obren berreskuraketa, muntaketa bikainekin gainera. Zehazki, Ignacio Garcíak egindako Black el payaso obraren muntaketa, gainera, Latinoamerikako antzoki garrantzitsuetan ikusi ahal izan da, Maisua bere konpainiarekin batera bere obrak harantz eramateko ontziratu zenetik hirurogeita hamar urte igaro ondoren.

Juan José 1978an estreinatu behar zuten Zarzuela Antzokian, konposatu zenetik bederatzi urte igaro ondoren, baina iskanbila handiarekin eta hemen aztertzea ez dagokigun arrazoiak direla medio, estreinaldia azkenean ez zen egin. Partitura 2009. urtean erreskatatu zuten ahanzturatik, eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko orkestrak kontzertuan interpretatu eta grabatu zuen, José Luis Estellesen zuzendaritzapean; ondoren, 2015ean, azkenik Zarzuela Antzokian estreinatu zuten, Miguel Ángel Gómez Martínezen zuzendaritzapean eta garai hartan Zarzuela Antzokiko zuzendari zen Paolo Pinamontiren kemenari esker, Sorozabalen obraren babesle handia izaki.

 Victoriana lanaren partiturarekin, 1987

Suposa dezakegunez, 1978. urtean Juan José obrarekin jasandako azken zorigaitz horrek, dagoeneko zahartzaroan zegoela, eta kasu honetan inolako zalantzarik gabe bere obrarik onena zela esaten zuen operarekin, Sorozabal tristura eta porrot-sentimendu handiagoan murgildu zuen. Bere bizitzako azken hamar urteak, osasun on samarra eta ahalmen intelektualak osorik zituen arren, etxetik atera gabe igaro zituen bere familiarekin (omenaldi batzuetara, kontzerturen batera eta Madrilgo Bilboko Glorietako taberna batean adiskide-taldearekin egiten zuen goizeko aperitibora egindako irteerak salbu).

Baina ez dut uste hori bereziki azpimarratu behar denik, hobe da gogoan izatea La del manojo de rosas obraren estreinalditik mende erdia igaro ondoren Espainian (baita Espainiatik kanpo ere) oraindik ere jende askok Sorozabal abizena entzun orduko hainbeste atsegin zuen musikarekin lotzen zuela, haurtzaroan lagun izan zuen eta genero lirikoari lotuta izan zuen musikarekin, alegia.

Izan ere, Sorozabal ez zen batere goibeltzen, are gehiago, dibertigarria ere iruditzen zitzaion laurogeiko hamarkadan bere abizena garai hartan ospetsua zen saskibaloi-jokalari baten abizenarekin nahasten zutenean, eta ez zuen inoiz aukera galdu bere bizitzan hiru emakume ederrek mantendu zutela adierazteko: errusiar batek (Katiuska), lore-saltzaile madrildar batek (La del manojo de rosas) eta herri arrantzale bateko gaztetxo batek (La tabernera del puerto).