JOSÉ JUAN SANTESTEBAN (1809-1884)
Santestebandarren familiako musikagile, zuzendari eta irakasle hau XIX. mendeko Donostiako musikan funtsezkoa izan zen. 1809an jaio zen Donostian. Lehenengo musika-ikasketak Eskoriatza eta Oñatin egin zituen. Tiple bikaina izan zen Oñatin eta Donostiako Santa Maria parrokian. Bederatzi urte zituela, eta haren musikarako dohainak ikusirik, Santa Mariako kapera-maisuak –Mateo Albeniz-ek– bere gain hartu zuen Santestebanen musika-heziketa. Pianoa, organoa, harmonia, kontrapuntua eta fuga irakatsi zizkion. Gaztetxoa zelarik San Bizente parrokiako behin-behineko organista izan zen Pedro Albeniz Parisen ikasten zebilen bitartean. 18 urte zituela “Los Gambaros” txaranga sonatua sortu zuen, eta 1834an, 25 urterekin, Santa Maria parrokiako kapera-maisu izendatu zuten. 1840an Madrilen sakondu zituen ikasketak, eta 1844an Paris, Erroma, Napoli, Florentzia, Bologna eta Milanen. Handik itzuli zenean, Donostiako bizitza musikala gogoz bultzatu zuen eta “maisuba” ezizena ipini zioten. Egin zuen lanaren adibide dira Donostiako “Sociedad Filarmónica”ri emandako bultzada, solfeoa sartu izana Donostiako ikastetxeetan, Donostiako Udal Banda sortzea (1845), eta baita “Orfeón Easonense” ere (1865), aurrerago sortuko ziren hainbat elkarte koralen oinarri izango zen abesbatza. Gipuzkoako abesbatzen mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen.
Sorkuntzari dagokionean, musika erlijioso interesgarria egin zuen, nahiz eta gehiena argitaratu gabe dagoen. Aipagarria da “Colección completa de Misas, Vísperas e Himnos de Canto-Llano para las Dominicas, Ferias y demás festividades del año”, 1851tik aurrera hainbat liburukitan argitaratu zena. Bestalde, herrikoi-tankerako abesti jostagarriak egin zituen, mota guztietako ahots- eta instrumentu-taldeentzat, jaietarako himnoak, inauterietarako doinuak, orfeoientzako lan polifonikoak euskaraz, eta abar. “Método teórico-práctico de Canto-Llano” (1864) lana ere berea da.
Jose Juan Santesteban Donostian hil zen 1884an.
BIBL.:
Peña y Goñi, Antonio. “D. José Juan Santesteban”. Euskal-Erria, t. 14, 1886, p. 23-27, 40-45
Ansorena, José Luis. “José Juan Santesteban”, Euskor nº 8, 1984, p. 50-54
Ansorena, José Luis. “José Juan Santesteban, padre del coralismo en Guipuzkoa”, Euskalerriko Abesbatzen Elkartea Aldizkaria = Boletín de la Federación de Coros del País Vasco, nº 2, 1991, p. 6-7
Ansorena, José Luis. “Santesteban, José Juan”. En Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana, vol. 9, 2002, p. 750-751.