DATU HISTORIKOAK


1628an, Esteban de Garibay historialariak 1469. urtea ezarri zuen Arantzazuko Ama Birjinaren agerraldiaren gutxi gorabeherako data gisa; tokia Aloña mendi garaiaren magala zen, Oñati herriko jurisdikzioan, Gipuzkoako probintzian.

1493an, Mesedeetako ordenako zortzi erlijioso, frai Pedro Arriaránen zuzendaritzapean, tokian kokatu ziren eta, horrela, Gipuzkoako probintziako lehen erlijioso-komunitatea sortu zuten; jakinak ez diren arrazoiak direla eta, hasitako lana bukatu baino lehen joan ziren Arantzazutik. Domingotarren ordena eta San Frantziskoren ordena zenbait urtez Arantzazun kokatzeko eztabaidetan ibili ondoren, 1514ko apirilaren 22an, Rota erromatarrak behin betiko erabaki zuen Arantzazuko santutegiaren jabetza frantziskotarren ordenari ematea.

Han berrogei urte eskas zeramatzatela, 1553an, frantziskotarrek komentuko lehen sutea izan zuten eta, beste gauza askoz gain, artxibo guztia errauts bihurtu zen. Hamalau urte behar izan zituzten komentu berria altxatzeko, eta denboraren poderioz eraikina ez zen haien beharretarako nahikoa gertatu. Hortaz, 1621ean tenplu berriaren bedeinkapena handikiro ospatu zen; hamazortzi urtez lan egin zuten tenplua eraikitzeko, urte anitz hain bizi-tarte laburrerako. 1622ko uztailaren 14an, komentuko bigarren sutea izan zen eta ezin izan zen ezer salbatu. Garai hartan, santutegiko antzinako historialariek aho batez diotenez, 70 eta 80 erlijioso bitartean bizi ziren komentuan. Sute horrek eragindako hondamena gorabehera, zehaztu gabeko denbora-tarte labur batean komunitatea eraikin berrian sartu zen. XVII. mendearen gainerako urteetan eta XVIII. mende osoan, Arantzazuko bizitza baketsua izan zen.

XIX. mendearen lehen erdia txarra izan zen Arantzazurentzat: egoiliarrak jazarri eta erbesteratu zituzten eta sekularizazioak egin ziren. Arrazoi konplexuengatik, komentua husteko eta bertara itzultzeko[1] aginduak eman ziren. Hala, 1809an, frantziskotarrak santutegitik kanporatu zituzten. Itzuli, eta 1811n komunitatea atxilotu eta Gasteizera, Baionara eta Monmedira eraman zuten. Ezin izan ziren itzuli independentzia-gerra bukatu arte. 1822ko irailean, komentua xehetasunez arakatu zuten, sute bat eragiteko asmoz.

Karlistaldiak eman zion amaiera gertaera-segida horri: 1834ko abuztuan, komentua hirugarren aldiz erre zen, oraingoan nahita; iparraldeko armadako Rodil jeneralak eman zuen santutegiari su emateko agindua. Gauza garrantzitsu ugari galdu ziren bertan, besteak beste, liburutegia, artxiboa… Oraindik ezin izan da azaldu nola salbatu ziren musika-partiturak.

Ordura arte erlijiosoek bizirik iraun ahal izan zuten arren, gertaera horrek Arantzazuko komunitate-bizitzan etenaldi luze bat hastea eragin zuen. Izan ere, komunitatea ez zen berriro behin betiko kokatu 1878ra arte.


 

[1] Anasagasti, Pedro de, Aránzazu (Pamplona, Ed. Gómez, 1961) 72-73 orr.