VENANCIO HERRASTI (1812-1887)
Venancio Herrasti y Bernal Aretxabaletan jaio zen 1812ko apirilaren 1n. Lehen musika ezaguerak Gerardo Nicolás bere aitaren eskutik jaso zituen, Aretxabaletako organista zena. Hemezortzi urterekin Aguraingo elizako organista plaza lortu zuen hamaika oposiziogileren artean. 1851ko Konkordatuak ezarritako ekonomiko murrizketaren ondorioz plazari uko egin zion. Bilbora joan zen eta Nicolás Ledesmarekin musika ikasketak areagotu zituen. 1853an Tolosako kapera maisu plazarako oposizioetara aurkeztu zen eta bigarren postuan gelditu zen. 1854an Pedro Albéniz bere lagunaren gomendioz Madrilera joan zen; kontrapuntu eta fuga ikasketak Francisco de Asís Gil-ekin egin zituen, eta konposizio eta organo ikasketak Hilarión Eslavarekin. 1864an Musika Kontserbatorio Errealeko organoko irakasle laguntzaile izendatu zuten, eta bertan jardun zuen 1883an erretiroa hartu zuen arte. Kapera Errealeko bigarren organista ere izan zen. Erretiroa Arrasaten hartu zuen, bere jaioterritik gertu, eta 1887ko urriaren 31n zendu zen.
Gordetzen diren Venancio Herrastiren obretatik hiru erlijiosoak dira, lau organokoak (horietako bat Hilarión Eslavak Museo Orgánico-n argitaratu zuen fuga bat) eta pianorako hiru konposizio (horietako bi Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako zortzikoak). Arantzazun autore honek idatziak direla uste diren obren artean Tema con variaciones para órgano obra dago, eta baita “Venancio” ezizenez gordetzen direnak, Aretxabaletan 1820an koaderno batera kopiatu zirenak.
BIBL.:
Saldoni, Baltasar. Diccionario biográfico-bibliográfico de Efemérides de Músicos Españoles, ed. J. Torres. Madrid: Centro de Documentación Musical, 1986, vol. 2, 207-208.
Arana-Martija, José Antonio. Música Vasca. Bilbao: Caja de Ahorros Vizcaina, 1987.