MANUEL GAMARRA (1723-1791)

Manuel de Gamarra Likona Lekeition jaio zen 1723ko martxoaren 23an. 1734tik Bilboko Santiagoko elizako musika kaperako tiplea izan zen. Juan Bautista Inurrietarekin, Joaquin Oxinagaren osaba, ikasi ostean, 1741ean Eibarko organista plaza bete zuen. Ciudad Rodrigoko organista hautatu zuen J. Mir-ek. 1747-1749 bitarte Valladolid-eko organista lanetan ibili zen. 1753an José de Zailodrak, Bilboko kapera-maisuak, Gamarrako udalak kapera-maisu lagunkide gisa kontratatua izan zedin lortu zuen.  1762an Donostiako kapera-maisu izendatu zuten, baina azkenik ez zuen lanpostua onartu eta nahiago izan zuen Bilbon gelditu.  Azkenik, 1777an, Bilboko Kaperako Maisu titular bilakatu zen eta urte batzuetan organista lanetan aritu izan zen. Gainera, aztertzaile, tasadore eta irakasle lanetan ere jardun izan zuen. XVIII. mendean zehar erreferentziazko pertsona bilakatu zen Bilbon. Peñafloridako Kondearen lagun egin zen – berarekin harreman artistiko eta komertzialak izan zituen – eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartean sartu zen, “Agregatu”-en saileko lehen bazkidea izanik eta Elkartearen lehen kapera-maisua izan zen, 1765etik zendu zen arte. Bere egitekoak ziren obra berriak idaztea, zuzentzea, eta elkartearen musika artxiboan gordetzea, orkestrarako musikari berriak kontratatzea eta Batzar Orokorren gauetan eskaintzen ziren kontzertuak zuzentzea. 1772 urtean Compendio de reglas de composición lana aurkeztu zuen. Garatu zuen jarduera komertzialagatik, bultzatu zituen ekimengatik eta bere asmakizunengatik,  entzute handiako pertsona izan zen, nahiz hondamendian amaitu zuen. Berak idatzitako musika obra gehienak galdu egin dira. Bilboko kaperarako idatzi behar izan zituen obretatik, soilik Arantzazun gordetzen den duoa iritsi zaigu, baita Brioneseko parrokiko musika artxiboan gordetzen den biolinentzako Aria al Santísimo obra ere. Teklaturako musika ere idatzi zuen, eta Aita Donostiak Música de tecla en el País Vasco. Siglo XVIII liburuan sonata bat eta bertso bat argitaratu zituen. Aurrerago hiru sonata eta bertso sorta bat argitaratu ziren. 1771 aurretik El Médico avariento opera idatzi zuen, eta egun, galdutzat ematen da.

Manuel de Gamarra Bilbon zendu zen 1791ko azaroaren 9an.

BIBL.:

Gamarra, Manuel. Juego de versos y sonatas. Donostia: Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, 1986

Bagüés, Jon. Ilustración musical en el País Vasco: I. La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Donostia-San Sebastián: RSBAP, 1990

Rodríguez Suso,  Carmen. “Gamarra Licona, Manuel de”. Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Madrid: SGAE, vol. V, 1999, p. 361-362

Camacho Sánchez, Pilar. La música y los músicos en la iglesia riojana de Briones: Formación de un archivo musical parroquial. La Rioja: Universidad de la Rioja, 2002

Torrente, Álvaro y Janet Hathaway. Pliegos de villancicos en la Hispanic Society of America y la New York Public Library. Kassel: Edition Reichenberger, 2007.