Donostiako Columbia Graphophone Company, S.A.E.
			
			La Voz de Guipúzcoa (1929)
Sozietate anónimo hau Juan Inurrieta industrialariak, Eduardo Vega de Seoane abokatuak eta Baltasar Reparaz langileak, Hispanoamerikar Baltzuarentzat ahaldun izan zenak, 1923ko abuztuaren 30ean Donostian osatu zuten. Eraikina Antiguoko auzoko Eustasio Amilibia (1) kalean kokatu zen eta bere eraikuntza Juan Machimbarrena (2) bide injineruaren kontu egon zen.
Industria-sozietatea izan zen. Bere xedea “Espainia eta edukitzan Regal eta Columbia zigiluen diskoen fabrikazio eta salmenta, baita mintzodun makinak, grafonolak eta beraien osagarriena ere” izan zen. Deuseztatutako Hispanoamerikar Baltzuaren egoitza soziala berdina izan zuen, Askatasunaren Etorbidea 27. zeb. 2. solairua. Bere estatutuen arabera, sozietatea akziodunen batzar nagusiak, administrazioako kontseiluak eta zuzendari kudeatzaileak gidatzen zuten. Lehen administrazio-kontseiluko lehendakaria Fernando Sardón izan zen, lehendakariordea, Eduardo Vega de Seoane jauna eta idazkaria Baltasar Reparaz. Ondoren, Antonio Inurrieta, Juanen anaia, lehendakari bihurtu zen eta administrazio-kontseiluko idazkaria Prudencio Parra de Aguirre jauna izan zen.
Sozietatearen zuzendari kudeatzailea Juan Inurrieta jauna izan zen denboraren mugarik gabe enpresako burua izan nahi zuen bitartean, eta sozietatearen negozioen kudeaketa bere ardurapenean geratu zen, bereziki diskoen lantegiarekin eta aparatuekin zerikusirik zutenak. Sozietatearen eraketaren momentuan, Juan Inurrietak urte horretako urtarrilaren 17an Londreseko Columbia Graphophone Limited konpainiarekin sinatuta zuen kontratua eta hortik ondorioztatzen ziren eskubideen ekarpena egin zuen.
Merkataritzako jardueraren barnean, 1924ko bere lehenengo katalogoan, Regal zigiluaren azpian, Secundino Esnaolak zuzendutako Donostiako Orfeoiaren lehenengo grabazioak argitaratu zituen, baita Gipuzkoa eta Zumarragako trikitixa, Donostiako danborrada, Celestino Sarobe baritonoaren edota Gabriel Olaizola baxuaren inpresioak ere. Halaber, Elola eta Landaluce eta Bilboko txistulariek bere lekua izan zuten katalogo honetan.
Urte honetako katalogoan Amerikako Columbiaren (3) matrizeekin fabrikatu zituen diskoak sartu zituen orobat, hona hemen Florenzio Constantino edota Jose Mardones interpretatutako opera zatiak adibide gisa.
			
			
			
			
			
			
			
			
			
			
			
			Hasieran diskoen banaketarako amaitutako Hispanoamerikar Baltzuaren kanalak erabili zituen. Madrilgo Hortaleza kaleko 2 zenbakian 1924ko ekainaren hasieran Barrientos, Bonisegna, Lazaro, Stracciari edo Casals artisten Columbiak fabrikatutako Regal zigiluko diskoak saltzen ziren. Urte berdinaren uztailaren 19an Donostiako Columbiak “La Bejarana” Regal zigiluko diskoetan argitaratu zuen. 1925an Regal zigiluaren publizitatean Donostiako Hispanoamerikar Baltzua (4) aipatzen zen oraindik.
Garai honetako grabazioak soinu injineru britaniarrek (5) egin ohi zuten, bere ekipo higigarriekin estatuaren lurralde guztietatik mugitzen zirenak. Juan Inurrietak, Jose Fernandez Grados konpainiaren zuzendari artistikoarekin batera, egingo ziren grabazioak hautatzen zituen. Juanek, merkatarizako izugarrizko sena zuen horrek, esklusiban kontratu garrantzitsuak lortu zituen, hala nola Hipolito Lazaro tenor ospetsuarekin sinatu zuena. 1930an, Pablo Sorozabalek Bartzelonan bere lehenengo emanaldirako “Katiuska” zartzuelaren entseguak egiten zituenean, Juan Inurrieta eta Fernandez Grados-entzat audizio bat egin zuen. Lana hain gustokoa izan zen beraientzat, non bere osotasunean grabatzea erabaki zuten. Lanaren Pedro paperako Marcos Redondo baritonoa aukeratu zuten, honekin esklusiban kontratua sinatuta baitzeukaten.
Diskoen lantegia gero eta txikiagoa geratzen ari zen eta, 1930eko urtarrilean, bere anaiak, Antoniok, “diskoen lantegiko industria-jabea bezala”, lantegiaren instalazioak handitzeko eta behin-behineko pabiloi bat eraikitzeko etxe-uhartearen barruko gunea betetzea eskatu zuen. Udalak idatzitako hiri-zabalgunearen egitasmoaren arabera, eraikuntzak gune hau errespetatu behar zuenez, ez zuen baimenik lortu. Hurrengo hilabetean, otsailean, Antonio Inurrieta, Columbia Graphophone Company-aren administrazio kontseiluaren lehendakari bezala beste eskaera bat bidali zion berriro udalari, oraingo honetan lantegia handitzeko helburuarekin; hau da, berea zen aldameneko izotz lantegian, momento horretan zegoen lehenengo solairuraino eraikita zuen beheko solairuaren gainean lau soilaru gehiago altxatzeko.
			
			Juan Inurrietak hasieratik bere salgaien salmentarako publizitatean ikaragarrizko babesa izan zuen eta bere Regal zigiluko diskoen sustapenerako politika honekin jarraitu zuen. Zigiluaren katalogoak, bai orokorrak bai gehigarriak Rafael de Penagos marrazkilariak egindako azal iruzditatu modernoengatik nabarmentzen dira. “Revista Columbia” aldizkariaren azalera ere marraztu zuen. Argitalpen honen marka, 93.206 zenbakikoa, “aldizkaria, egunkariak eta edozein motako argitalpenak” bereizteko 1933ko maiatzaren 6an erregistratuta geratu zen (6).
Aldizkari honen 6. zenbakian, 1933ko ekaina eta uztailaren hilabetekoa, Columbiak “Centro de Estudios Históricos” erakundearekin batera, argitaratu zuen bildumaren diskoen bi sail iragarri zuten. “Archivo de la Palabra” delako bilduma zen, data horretan Alcalá Zamora, Azorín, Juan Ramón Jiménez, Ramón del Valle Inclán, Pío Baroja eta Miguel de Unamunoren ahots ospetsuak, besteen artean, argitaratu izan zituena. Lehenengo sailaren lanak 1931an hasi ziren eta 1932ko maiatzean argitaratu izan ziren. Urte horretan zehar bilduma bigarren sailarekin gehitu zen (7).
Inurrietak gramofonoak hezkuntzarako zituen ahalbideak ere ikusi zituen. 1930ean Musikako Liburutegi zirkulatzaileari aparatu bat oparitu zion eta diskoen katalogo zabal bat maileguz ikasleek beraien musika ikasketetan erabil ahal izateko eskaini zion (8). Urte batzuk geroago, gerra zibilaren amaiean, Victor Zabala eta Juan Morerak duela gutxi ezarritako CCCarekin elkartuz, hizkuntzen urrutiko hezkuntzetara zuzendutako Poliglophone zigilua sortu eta bere negozioa zabaldu zuen (9).
Beste aldetik, Inurrieta anaiak beraien negozioa hasi zutenen establezimendua, Getaria kaleko 5 zenbakian zegoen denda, konpainiaren jabetza izatera pasatu zen. 1933ko azaroaren 4an, Columbiaren administrazio kontseiluak Prudencio Parra de Agirre jaunari ahaldundu zion denda Juan Inurrietari saltzeko. Momento horretatik aurrera bere jabe bakarra izango zen hura.
1934ko abenduaren 23an, Gregorio Gonzalez de Suso konpainiaren lehendakaria izanda, estatutuak aldatu ziren, beste gaien artean, sozietatearen helburua zabaltzearren, hortik aurrera “Espainia eta edukitzan Regal eta Columbiaren markako diskoen fabrikazio eta salmenta izango da, eta baita mintzodun makinak, irrati aparatuak, grafonolak eta beraien osagarriak, eta administrazio kontseiluak komenigarria uste izan zenbait salgai ere. Kontseiluak, era berean, atzerrira salmentak zabaltzeko, marka berriak sortzeko eta aipatutakoak aldatzeko aginpideak izango ditu”. Une horretan ere, egoitza soziala aldatu zen eta “bere industria kokatuta zegoen tokira” eraman zuten, Eustasio Amilibia kale partikularrera. Industria honek urte horretako amaieran ehundaka langileei ematen zien lana.
(1)  Kale  honek  1917an  Eustasio  Amilibia  izena  hartu  zuen  eta  1937an  Zumalakarregi  etorbidea  izatera  pasa  zen.  Antiguo  auzoko  hiri-zabalguneak  ez  zion  lantegiak  hartu  zuen  lurrari  eragin.
(2)  La  Acción,  1923/12/11,  5  or.
(3)  Regal  zigiluaren  menpean  Columbia  Graphophone  Company,  Espainolako  Sozietate  Anonimoaren  lehenengo  katalogoan  azaltzen  diren  zenbait  lan  ca.  1916  urteko  New  Yorkeko  Columbiaren  katalogoan  ere  azaltzen  dira  (José  Mardonesek,  Florencio  Constantinok,  Celestina  Bonisengak  eta  abarrek  abestutako  opera  ariak)
(4)  1924ko  abenduan  bere  prozedura  berri  bat,  “Zaratarik  gabeko  diskoak”,  adierazi  zuen,  eta  bi  lehoien  logoaren  azpian  “Gustukuen  marka.  Hispanoamerikar  Baltzua,  P.ku.  97.  Donostia”  esaldia  zeukan.
(5)  Bi  dira  prentsak  jasotako  izenak:  J.B.  Holme  y  Sr.  Machín
(6)  Badirudi  aldizkariaren  bizitza  nahiko  laburra  izan  zela.  Badakigu  1945eko  apirilaren  26an  aldizkari  honen  markaren  birgaitzea  berriro  eskatzen  dela,  nahiz  eta  argitaratu  ote  zen  ez  jakin.
(7)  Erreportaje  zabala.  In:  El  Sol  (Madrid.  1917).  1932/05/29,  2  or.
(8)  La  Época  (Madrid.  1849).  1930/05/03,  28.188  zenb.,  6  or.
(9)  Aprender  enseñando.  In:  Anuncios:  semanario  de  la  publicidad,  2011/03/28