MAKINA MINTZODUNAREN SALETXEAK
INURRIETA ETXEA
Diskogintza Donostian hasi zenean, hiria espainiar gortearen udaldirako gunea zen iadanik. Honek maila handiko turismoa erakarri zuen, non goi-burgesiaren gustu berriekin bat zetorren merkataritzaren garapenari bidea eman baitzion. Saltoki ugari ireki ziren, gehienbat familia-motakoak, Salustiano Loinazek eta Inurrieta anaiak jarri zituztenak bezelakoak.
Inurrieta sendia (1) Goierri eskualdekoa da. Aita, Francisco Ignacio Inurrieta, Zegaman jaioa da. Valentina Ordozgoitirekin, Segurakoa, ezkondu eta gero, udalerri honetan beraien bizilekua ezarri zuten. 1888. urtean Zegaman jaiotako bere hiru semekin, Juan, Antonio eta Agustina, Donostira joatea erabaki zuten. Francisco, lehen semea, hilabete batzuk lehenago ezkondu zen eta txikiena, Pedro (2), Donostian jaioa zen iadanik.
Ignacio Inurrieta mikeletea izan zen, gizon apala eta bizitzan asmo handirik gabekoa bezala gogoratzen dute, bere emaztea Valentina ez bezala, honek etorkizuna hobea lortzeko asmotan familiaren lakualdaketaren bultzatzailea izan baitzen, antza. Etxague Jeneralaren kaleko 1. zenbakian hartu zuten bizileku gisa, hiriko ekialdeko zabalgune berrian, Bretxa merkatuaren ondoan. Bertan bi salmenta-postuko arduradunak ziren. Hauetan oilaskoak, frutak eta barazkiak saltzen zituzten. Errege-etxearen hornitzaileak ere izan ziren.
Antonio eta Juan Inurrieta anaiek beraien negozioak dibertsifikatu zituten aldi berean jarduera batzuk besteekin uztartuz. 1904. urtean, Antonio Inurrieta beso akustikoko aparatu berria saltzeko Compañía Francesa del Gramophone (3) (Balmes, 56 – Barcelona) etxearen komisiodun bezala iragartzen zen, baina ez zen inongo helbiderik azaltzen. 1909. urtea arte itxaron beharko da “Inurrieta Hnos” Getaria kaleko 5. zenbakian Berlineko Hillgartner markaren emakidadun bezala iadanik iragarkia prentsan azaltzeko.
Mercado de la Bretxa. Orig. Koldo Mitxelena
Lehenengo urte hauetan, Antoniok eta Juanek instrumentu, makina mintzodun, diskoak eta garai horietako beste aparatu berri askoren salmentari ekin zioten. Juan Inurrietak Juana Darrosez-ekin ezkontzean, San Marcial kaleko 22 zenbakira bizitzera joan zen eta helbide hau ere Inurrieta etxeko aparatuen salmentarako iragarkietan azalduko da, biltegia eta bulegoa Getaria kalean jarraitu arren.
Anaia biak laster makina mintzodun eta musika-tresnerako osagarritarako markak erregistratzen hasi ziren. 1912. urtean Antonio Inurrietak erregistroan altzairu mihidunezko akordeoietarako marka baten eskaria eta beste bat mintzodun makinentzako diafragmerako egin zuen. 1913. urtean, Juanek, Getaria kaleko 5. zenbakian musika-tresna eta gramofonoen merkatari bezala azaltzen zen, bere izenean “edozein musika-tresna mota, inprimatutako musika lanen edizio, inprimatutako musika metodo, piano, pianola, gramofono, mintzodun makina, harmonium eta irudidun katalogoentzat” marka bat eskatu zuen, “Casa Inurrieta” izena zuen marka bezala erregistratuz. Urte horretan “Mercedes” aparatuen ordezkaritzaren berri eman zuen, urriatik marka bezala erregistratuta baitzegoen. 1915. urtean, Mariano Lahidalgarekin (4) batera, “mintzodun makinerako egurrezko adarraren fabrikazio-prozesurako” asmakizun-patentea erregistratu zuen. Gainera, tresna berrien salmentarako prentsaren iragarkiak ugaritu egin ziren. 1915. urtean auto-pianoen berri eman zuten, “El Kastonome” markarenak nabarmenduz. Bi urte geroago “Fischer” pianolak izan ziren bere iragarkiak betetzen hasi zirenak, “Mercedes” gramofonoak baztertu gabe, iparraldean hauek saltzeko esklusiba baitzituzten.
1917. urtean Juan Inurrietaren bidea Donostian diskogintzaren garapenean beharrezkoa zen beste merkatariarenarekin, Pasaiako Pathé diskoen lantegiaren jabea zen Salustiano Loinaz-enarekin, gurutzatu zen. Urte horretako Apirilean, Getaria kaleko 5. zenbakiaren Inurrieta Etxea Donostian Pathé diskoen salmenta-agentzia bezala azaldu zen, eta baita “Industria berri bat Espainian” izenarekin bere dendan Pasaian egindako aparatu eta diskoen erakusketa eta salmentaren berri eman zen ere. Hilabete batzuk lehenago Hispanoamerikar Baltzua (5) eratuta izan zen, Donostiako Columbia Graphophone Company etxearen sorkuntza eragingo zuenaren hazia. Dena den, Hispanoamerikar Baltzuak Juan-eri elkarteak merkaturatzen ez zituen aparatuen salmentarekin bere negozioan jarraitzen utzi zion (6).
Juanek, orduan “ontziratutako musika” deitzen ziona burutik kendu ezinik, negozio fonografikoari bete-betean ekin zion; Antoniok, berriz, Bretxaren merkatuan salerosketan jarraitu zuen, eta 1918. urtearen inguruan beste bazkide kapitalistarekin batera Donostiako Antiguo auzoan izotz lantegia instalatu zuen (7). Aurrerago ikusiko dugun bezala, lantegi honek bere anaiaren diskoen lantegiko aldameneko lursaila hartu zuen.
Urte hauetan Juan Inurrietaren nortasun lehiatsua erakusten digun gertaera bat azpimagarria da. Lehen esan dugun bezala, diskoen grabazioak atzerrian egiten ziren. 1912. urtean eta merkatari honen ekimenari esker, bidaia finantzatu zuen eta, Remigio Peña, Narbonense Fortea eta Secundino Esnaola, Donostiako Orfeoiaren kideak, Berlinera joan ziren Homophon Record Company etxearekin euskal kantuekin zenbait disko grabatzeko. Grabatutako errepertorioa ondoko hau da: Iparragirrearen kantu, Maitena, Mirentxu, Mendi Mendiyan, Danborrada eta Rigodones Euskaros. Itzultzean disko hauen salmenta bere Getaria kaleko dendan bakarrik saltzen zen iragarkia argitaratu zen.
Kantu hauen grabaketek onarpen zabala izan zuten. “Luse-Mendik” 1912ko urtarrilean “Euskal-erria” aldizkarian argitaratutako artikuluak ondorengo hau dio:
“Kirol-oturuntza batean, orain dela egun gutxi ospatuta, behaketa pozgarri bat gozatu ahal izan genuen. Fonografo eder batean aintzat hartzeko euskal musikaren kopuru bat entzun baitziren… Sinetsi ezazue, benetako poztasun sortu zigun gertaera izan zen… Bazen garaia gure kantuek gure entzumena mindu duten hainbat tango harroputz eta hainbeste zikinkeri baztertzeko… Inurrieta Etxe ospetsua aparatuen jabea zela geroago jakin genuen (argi gera dadila ez dela ordaindutako publizitatea), honek goraipatzeko izugarrizko erabakitasunez eta gogo handiz gure musika defendatzen eta gai honetan gure nortasuna agerian jartzen lan egiten du. Jainkoak ordain bezaiela!”
Hau ez zen diskoak inpresionatzeko Inurrieta etxearen ekimen bakarra izan. 1916ko irailean, Pilar Alonsok, Menorkako kupletistak, penintsulako iparraldean egiten ari zen txangoaren barne, Donostiako “Miramar” aretoan debuta egin zuen. Hain arrakastatsua izan zen, non Inurrieta etxeak disko batzuk inpresionatzeko alokatu baitzuen. Prentsaren arabera, injinerua ingelesa zen eta Inurrieta Etxeak grabatutako 13 kuplerekin gramófono bat oparitu zion. Izenburuen artean “La Castañera”, “Ay, Ramón” eta “El billete perfumado” kantu arrakastatsuak aurkitzen ziren. 1917ko urtarrilean Inurrieta Etxearekin sinatutako konpromisoa betetzera itzuli zen eta Larruga, Yust, Retana eta Castells konposagileen lanak grabatu zituen.
(1) Sakramentu-erregistroen arabera, Ignacio Inurrieta 1847an Zegaman jaio zen eta Valentina Ordozgoiti 1845ean Seguran. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Erregistro honen eta kontsultatu ahal izan dugun Donostiako biztanle erroldaren artean jaiotza datari buruz kontraesan batzuk daude. Donostiako 1912ko biztanle erroldan Ignacio eta Valentina gurasoek, Antoniok, Agustinak eta Pedrok Etxague Jeneralaren kaleko 1. zeb. 3. solairuan bizilekua zutela azaltzen da. Urte honetan Juanek bere emaztearekin, Juana Darrosez Uriarekin, eta beraien semealabekin, Aurora (1908), Maria (1911) eta Mercedes (1912), San Marcial kaleko 22 zenbakian du bizilekua. Enrique 1913an jaio zen.
(2) Pedro Inurrieta eta Ordozgoiti hogeita hamarreko hamarkadetan Madrilera bizitzera joan zen eta bere Francisco anaiarekin batera Argentinara aldatu zen.
(3) Enrique Garcia (Gran vía, 8, 10 eta 12, Bilbao) eta Juan Montes (Hernani, 21, Donostia) badaude ere Euskal Herriko korrespontsalen artean.
(4) Mariano Lahidalga Inurrieta bezelako saletxe baten jabea izan zen Gasteizen.
(5) 1918ko abuztuan ere, 3. egunean, ABC egunkariak erreportaia argitaratu zuen, bertan Inurrieta eta konpainiaren Hispanoamerikar Baltzuari egindako bisita aipatzen da. Han eskura eta epeka ordaintzeko saltzen ziren gaiak azaltzen dira, hala nola, eskopetak, erlojuak eta beste tresna berriak.
(6) 1923an 50.333 zenbakiarekin “Radiophone” ” – “Juan Inurrieta – San Sebastián” bere izenean radiotelefoniarako makina-hargailuak eta bidaltzaileak eta hauentzako osagarriak bereizteko marka eskatu zuen.
(7) 1918ko abuztuaren 2an, ABC-k Bretxa merkatua eta Antonio Inurrieta bere “jabeari” buruzko erreportai bat egin zuen. Aipatutako jabeak Jeneral Etxague 7an jarritako hozkailu-ganbera aipatzen da. Halaber, hamar urte baino gehiagotik errege-etxearen hornitzailea dela esaten da. Artikuluak “kapitalista talde batekin izotz lantegi handi bat eta hozkailu-ganberak bukatzear dagoela” nabarmentzen du.