ARETO FONOGRAFIKOAK
Fonografoa XIX. mendearen bukaeran sartu zen Euskal Herrian eta, erakutsi zen beste tokietan bezala, jakin-min handia piztu zuen. Batzuek erakustaldi zientifikotzat jo zuten, besteentzat festetako barraka bat besterik ez zen izan. Dena den, hain handia izan zen asmakizunak ekarri zuen miresmena, non zenbait hiritan kokatutako entzunaretoek izugarrizko arrakasta jaso zuten. Hala ere, handik gutxira zinematografoaren etorrerak asmakizuna gainditzea lortu zuen
Tramankulua 1893. urteko udan (1) iritsi zen Donostiara, Enrique A. Hugens-en eskuetan, eta urte bat geroago Francisco Pertierrak Bilbora eraman zuen, biak Madril etorburu zutelarik. Hugens-ek, Estatu Batuetatik asmakizunarekin etorri berria zenean, Miramar kalean “Edison aretoa” (2) ezarri zuen eta bertako artistei, zenbait arraboletan beraien ahotsekin opera ariak eta euskal kantak inpresionatzera gonbidatu zituen.
Hugens jauna estatuko fonograma merkatarien artean garrantzitsuenetariko bat izan zen. 1896. urtean, Pedro Armando Hugens-ek bere laborategia Espainako hiriburuan ezarri zuen, Barquillo kaleko 3 zenbakian, hain zuzen ere. Bi urte geroago eta leku berean, “Sociedad Fonográfica Española, Sres Hugens y Acosta” (3) izenarekin, bere etxea zabaldu zuen. Bertan inpresioak egiten zituzten, baita arrotz-herrietara esportatzen zituztenak ere. 1900. urteko katalogoan, Ignacio Tabuyok (4) etxe honentzat grabatutako kantak argitaratu zituen. Opera ariaz gain, zortziko kopuru polita inpresionatu zuen ere. Katalogo honetan Charmangarria, Nere Andrea, Nere Amac balequi, Egun batian loyolan, Ume eder bat, Adios de Iparraguirre eta Guernikako Arbola azaltzen dira.
Euskal Herrian fonografoaren sarreraren beste protagonista Francisco Pertierra (5) izan zen; honek, Madrilgo Montera kaleko 10 zenbakian, bere aparatua jarri zuen. Aparatu hau Txikagotik inportatuta izan zen. Udan bere Madrilgo denda ixten zuten eta bere entzunaldiekin probintzietara joan ohi ziren. Garai horretan prentsak azpimarratzen zuen piezen artean, Regina Pinkert-ek (6), Poloniako sopranoak, eta Massimo Scaramella baritonoak, egindakoak dira. Hauen artean baziren espainiar zarzuelen zatiak ere; batzuk Loreto Pradok edo Injineruen Bandak (7) interpretatutakoak ziren. Azkenik, Zaragozako Royo del Rabalek (8) abestutako jotak edo Frégoliren kupleak (9) ere nabarmenak ziren. Hori dela eta, inpresio hauexek Bilbon erakutsitakoak izan zirelaren ustea dugu.
Bestalde, Bilboko merkatariek ez zuten luze itxaron izan garai berrietara egokitzeko. Enrique Garciak (10), pianoren salerospenetan nagusiki aritzen zen merkatari bilbotarra, 1897. urtean entzunareto bat iriki zuen Berastegi kalean. Bertan, gomazko entzungailuekin egindako fonografoa ikusgai jarri zuen. Handik gutxira, Ledesma kalean fonografoak saltzeko denda bat zabaldu zuen. Bertatik gertu, Bilboko Gran Via kaleko 8-10 eta 12 zenbakietan, Centro Fonográfico Universal, Almacén de pianos Enrique García izeneko saltokian, Arriaga jaunak euskal musikarekin euskaraz interpretatutako zenbait arrabol grabatu zituen. Horietako izenburu ezagun batzuk hauek dira: Beti maite, Euskalduna, Goizeko izarra eta Ume eder bat
Garai honetan, Bilboko familia ospetsu batzuek eskatuta, Florencio Constantino tenorrak, Serrant piano jotzaileaz lagunduta, zenbait arrabol inpresionatu zituen bere Areetako etxean. Garaiko tenor handienetarikoa zen honek, opera aria ezagunetako fonograma kopuru garrantzitsua erregistratu zuen Pathe etxerako (Aida, La Bohême, Rigoletto, etc). 1903 urtean hiru zortziko errejistraturik utzi zituen: Villar Jiménez konposagilearen No te olvido, Iparraguirrearen Adios eta Aguirre-Tabuyoren La del pañuelo rojo. Hauek, 1905. urtean, pantografoaren (11) bitartez diskoetara eraman izan ziren.
Enrique García ez zen argizarizko arrabolekin salerosteko merkatari bakarra izan. Bere negoziotik gertu, Hurtado de Amezaga kalean, Viuda de Ablanedo e Hijo (12) dendak euskal musikaren arrabolak ere grabatu zituen. Etxe honek, Bilboko tenorra zen Domingo Maguregik interpretatutako euskal kantazko eta zortzikozko arrabolak saltzen zituen, hala nola Agur nere bihotzeko, Ai hori begi, Hiru damatxo, Ezazu nitaz kupira; Bordes-en Kuku. Gainera, Eulogio Villabella Eibarko baritonoak, Miguel Villabella tenor ezagunaren aita, Boga Boga inpresionatu zuen, eta Gervasio Ercilla tenor bilbotarrak Nere etorrera. Hori gutxi bada, Inocencio Navarro (13) barítono bilbotarraren grabazioak laboratorio fonografiko honek argitaratu zituen ere, baina gehienak zarzuelako zatiak izan ziren.
Estatuan oso arrabol bilduma gutxi mantendu dira. Euskal Herrian bakarrik Ybarra sendiaren argizarizko arrabolen bilduma gorde da eta ez da harritzekoa; izan ere, asmakizun hau bakarrik maila aberatsen eskutan zegoen. Garai horretan oso familia gutxik ordain zitzaketen, grabatutako arrabola bakoitzak 20, 25 edota 50 pezeta balio baitzituen .
Nahiz eta laster Berliner diskoak merkatua menperatu, Edisonek arrabolak egiten jarraitu zuen 1929. urtea arte (14).
(1) El Liberal egunkarian, 1899/10/3, Donostian aurkeztu zen fonografoaren data 1891 urtea azaltzen da, baina akatsa izan daiteke, bertako prentsak ez baitu berririk ematen 1893 urte arte, Txikagoko Erakusketa Unibertsala ospatzen den urtea. Hugens jaunak, hain zuzen ere, asmakizuna handik ekartzen du.
(2) Unión Vascongada, 1983/08/09
(3) El Liberal, 3/10/1899
(4) Ignacio Tabuyo (1863-1947), baritonoa Errenterian jaioa. In: Dentici, Nino. Diccionario biográfico de Cantantes vascos de ópera y zarzuela. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 2002. 256 or.
(5) La Union Catolica.1893/06/18
(6) El Nervión, 1984/07/23
(7) El Día (Madrid. 1881). 1895/03/18
(8) La Iberia (Madrid. 1854). 1895/01/13
(9) El Correo Militar,1895/04/29
(10) Calle Iturrino, Esteban. El primer fonógrafo de Edison en nuestra villa. In Vida Vasca nº 50 (1973), 159-161 orr.
(11) Goyen Aguado, Julio. Florencio Constantino (1868-1919). Bilbao : Ayuntamiento, 1993. 299 or.
(12) Ansola, Txomin. El fonógrafo en Bilbao (1894-1900). Una aproximación. In: Bidebarrieta III (1998), 275 or.
(13) Baritono honek Madrilgo Vda. De Aramburo etxerako Gernikako arbolaren grabazio zaharrena seguruenik egin zuen. In: Ranera Sánchez, Dunia ; Crespo Arcá, Luis. Los cilindros sonoros de la Biblioteca Nacional de España. Boletín de la AEDOM, 2010, 58 or.
(14) Gómez Montejano, Mariano. El fonógrafo en España. Madrid: el autor, 2005. 124 or.