LEHENENGO DISKOEN LANTEGIA: “PATHÉ”
Salustiano Loinaz Susunaga 1883ko ekainaren 8an jaio zen eta, hogeita bost urterekin bakarrik, bere saletxea Irunen jarri zuen. Han, San Marcial kaleko 22. zenbakian, gizon eta emakumeentzako kapusaiak eta oihalak saltzen zituen. 1913. urtean, bere ama alargunarekin eta bi arreba txikiekin Donostiara aldatu zen. Bere bizilekua Prim kaleko 39 zenbakian (1) ezarri zuen, non Heinrich Ernemann markako argazki-kamerak, bizikletak, prismatikoak eta beste tramankuluak epekan saltzen zituen. 1915. urterako mintzodun makinen eta Homokord zigiluaren diskoen salmentarekin aritzen zen. Bere jarduera, ikusten denez, Juan Inurrietaren oso parekoa izan zen ordura arte.
Hilabetero egiten ziren Pathé batzar bileren akten arabera, 1915ko abenduaren 17an, Emile Pathék Espainian ustiapen bakarra “Pathéphone-Exploitation” baltzuari ezartzearen onuraren berri eman zuen, baina saldutako disko bakoitzagatik nahikoa mozkin ekartzeko zenbait baldintzekin. 1916ko urtarrilaren 21ean batzar-agiriak “Pathéphone-Exploitation” baltzuarekin egindako akordioaren berri ematen du. Honek Espainian Pathe produktuen monopolioa onartzen du, baina estatu honetan diskoen fabrikaziorako lantegia jartzeko betebeharrarekin.
Archivo del Excmo. Ayuntamiento de Pasajes
1916ko otsailaren 1ean, Augusto de Aguirre jaunak, Juan Insausti jabearen izenean, Pasaiako alkatetzari eraiki nahi zuten pabiloien planoak bidali zituen. Planoak 1916ko urtarrilaren 25an datatuak ziren eta jabeaz eta Aguirre Jaunaz gain, errentariak, Loinaz & Cía-k, sinatu zituen.
Lantegiaren eraikuntza presaka egin zen. 1916ko urtarrilaren 30ean Pasaiako Udalbatzarrean eraikuntza honentzako eskariaz aritu ziren. Eskariak Aguirre jaunaren zenbait planu erantsita zeukan. Batzar-agirian “Gramofonoen diskoak eta antzeko gauzaren fabrikaziorako lantegia” zela azaltzen da. Batzar honetan gaia lanen-batzordeak aztertzeko pasatzea adostu zen, hala ere, zimendatzean hondakinak kentzearen lanak hurrengo egunean hasteko baimena eman zen “Kasuak zuen premia kontuan hartuta”. Planuen onespena otsailaren 6a arte ez da izango.
Mundo Gráfico, 30 mayo 1917
Pathe Font Lantegiaren zuzendaritza Luis Casaresen eskuetan zegoen. Gure ustez, 1899an Pathe Freres-ek kopia pantografikoaren bitartez (2) arrabolen bikoizketa egiteko kontratu bat sinatu zuenarekiko Louis Casares bera izan daiteke. Luis Casares XX mendeko lehenengo urteetan arrabolak fabrikatu zituen granadar mekanikoa izan zen. Bere saltokia Granadako Reyes Catolicos kaleko 30. zenbakian, zegoen, “Casares mecánico. Granada” etiketarekin zenbait arrabol aurkitu baitira. Hauen artean Luis Casares-enak egoteaz gain, A. Casares Aceitunoren arrabolak ere badaude. Azken honekbere “Gran Salón Fonográfico”-a hiri berdineko Puerta Real kaleko 3 zenbakian zuen, eta gainera, baten batean haien arteko lotura azaldu da “A. Casares, impresionado por Luis”. Guzti honek haien arteko familia-erlazio bat egon daitekeela pentsarazten du. Badakigu Louis Casares delako batek Pathé etxerako lana egin zuela, hain zuzen ere Chatou lantegian 1902a arte enpresa honekin akordioa bukatu zuen arte.
Ulertzekoa da Pasaiako lantegiko zuzendaritza kopiaketan eskarmendu handia zuen mekaniko profesionalaren eskuetan geratzea; nahiz eta kasu honetan arrabolak ez izan, diskoak baizik, Pasaiako lantegian atzerritik bidalitako trokelekin kopiak bakarrik egiten baitziren eta ez inpresioak. Era honetan, Pasaiako lantegiak diskoak Paris, Milan edota New Yorken grabatutako trokelekin fabrikatu zituen.
Laster lantegiaren jarduera biziagoa bihurtu zen. Hori dela eta, ur-horniketa handiagoa eskatzen zitzaion Udalari. 1916ko ekainaren 20an, zuzendariak, Casares jaunak, eguneko metro kubikoak hirukoiztea eskatzen du. Uraren eskaera honek, udaletxeko injinieruaren agirian azaltzen denez, bi beharrei erantzuten zien: bati, diskoen prentsaketari eta besteari, hozketari, azken jarduera honek, hain zuzen ere, kontsumo gehiago eskatzen baitu.
1916 urtearen erdialdean, S. Loinaz & Cia-k barruko adarrarekin eta “Pathe” zafirozko difragmarekin Pathefono aparatu berri bat aditzera ematen du, 27 eta 29 zentimetrozko marka berdineko disko bikoitzez gain. Diametrozko 27, 29 eta 35 cm-ko Pathe diskoen espainiar eta italiar katalogo orokorrean Espainian epeka saltzeko emakidadun bezala azaltzen da.
1917an “Explotación española Pathéfono San Sebastián” (3) enpresak, Espainian zehar bere produktuak saltzeko agentziak eskatzeari ekin zion. Urte horretako apirilean, Inurrieta etxea, lehen aipatu dugun bezala, Donostian saltzeko bere agentzia bezala azaltzen da, eta gainera, “Industria berri bat Espainian” izenburuarekin bere dendan Pasaian egindako Pathé aparatuen eta diskoen erakusketa eta salmentaren berri ematen du.
Hilabete bat lehenago, 1917ko martxoaren 22an, Salustiano Loinazek eta Juan Inurrietak elkartea sortu izan zuten Angela eta Clemente Baldari Donostiako Antiguoko auzoko lursail bat erosteko, Donostian Pathefono ustiapenari zuzendutako beste lantegi bat eraikitzeko helburuarekin. Salustianori banatu gabeko lursail honetako heren bat zegokion; geroago jakingo den bezala, 1921ko uztailaren 22an Andres Peñari salduko baitzion.
1917ko maiatzaren 6an, Loinaz, Inurrieta eta Konpainiak Donostiako Udalari, Miguel Irastorzaren planoen arabera, lantegiaren eraikuntza hasteko baimena eskatu zuten. Proiektuan hauteman daiteken arabera, eraiki nahi izan zuten lantegia bakarrik biltegirako izan zen. Eraikuntza Kutz jaunen garagardoen lantegiaren aurrean kokatuta zegoen, Benta Berritik Igeldorako bidearen ondoan (4).
Negozioa oso ondo zihoan eta Pasaiako lantegia zabaldu behar zen. 1918ko ekainaren 4an, Pasaiako Udalari biaduktua (Maiatzaren 1 kalea) eta diskoen lantegiaren artean tailerrak eraikitzea eskatu zitzaion. Eskaera honetan Loinaz eta konpainia azaltzen zen sustatzaile bakarra bezala. Negozioa zabalkuntza betean zegoen eta urte honetan aparatu-modelo berriak aurkeztu ziren, kaobazko altzaria eta barruko adarrak zituen Pathéfono “Concert” modeloa bezala.
1924ean izendapen aldaketa bat gertatu zen. Pasaian lantegia duen “Sociedad Española del Pathéfono” izenarekin iragartzen hasi zen eta sozietate anonimoa bihurtu zen (5).
Zigilu honen errepertorioari dagokionez, operen ariaz gain, Espainarako zartzuelak, kupleak eta dantzarako musika argitaratu zuen bereziki. 1917ko ekainean 27 cm-ko disko bikoitzaren azken inpresioen berri ematen zuten: Bella Ninon-en grabazioak, Leo Slezak tenorrarenak, dantza modernokoak (one edo two step eta foxtrotak), baltsak eta himno nazionalak. Urte horren uztaileko katalogoak La Preciosillaren, Icilio Calleja tenorraren eta Cresporen grabazioen berri ematen zuen eta Bella Ninon eta Leo Slezak-enak errepikatzen zituen. Halaber, Rudenyi-ren biolin soloak eta Hollmann-en biolontxelo soloak gehitzen zituen. 1919ko martxoan, 28 disko bikoitzen Fausto opera osoaren inpresioa prentsan aldarrikatzen zuen. 1924ean Francisco Spaventaren tangoak, Amalia Molina, Encarnita Marzal eta Lolita Mendezen abestiak eta Mariano Ozoresen monologoak bere errepertorioan azaltzen ziren, eta baita Madrilgo Palace Hoteleko Tziganes Ibarraren dantzarako musika eta Lanin’s jazz-band orkestrarena ere.
Urte berdineko ekainean, aurreko inpresioez gain, “La Bejarana” zarzuela, La Andalucita eta El Canarioaren flamenkoa, Pariseko Lamoreux Orkestra eta Pathé Orkestraren diskoen berri eman zuten prentsan. Fama handiko interpreteen grabazio berriak aldarrikatu zuten irailean: Emma Calve orkestrarekin, Pierre Lamy tenorra, “La canción del olvido” zartzuela, Milano Banda, Paquita Garzon eta Mary La Palmeritaren kupleak. Ondorengo hilabetean, Vara de Rueda tenorra, Candida Suarez eta Blanquita Suarez-en kupleak, J. Numanci jaunaren jota aragoiarrak, Rafael Beneditok zuzendutako Madrilgo abesbatza, Dionisio Mendez jaunaren txilibitu soloak, Mirecky Orkestra, Leoneko Infanteria Erregimendu 38aren Banda, Francisco Cales maisua eta Ranzato maisuaren zuzendutako Milano Bandaren grabazioen albisteak erantsi ziren.
Etxe honen katalogoan Rafael Gascon zuzendaritzapean Pathe Bandak 1912an egindako “Aurrescu” eta “Guernicaco arbola” kantuen grabaketa zerbait apartekoa da (6).
Lantegi honen industria-jarduera 1928an amaitu zen, Columbiak Pathe etxea erosi zuenean (7). Eraikuntza utzi eta aurri-egoeran iraun zuen gerra ondoren gazitze-industriarako konpondu zen arte.
Dena den, Salustiano Loinazen saletxea, jarduera betean zegoen. 1920an motozikleta, bizikleta, mintzodun makinak eta beste tresna askoren salmentarako “Crédito S. Loinaz” izenaren marka eskatuta zuen. Garai honetan, argazki makinaren zenbait markak erregistratu zituen. 1925ean, Prim kaletik Frantzia Pasealekura (Loinaz txaleta) bere denda aldatu zuen eta han bere merkataritza-jarduerarekin jarraitu zuen hogeita hamargarren hamarkada arte. Geroago bere saletxea Gros auzoko Miguel Imaz kalera eraman zuen eta ondoren, Equitativa eraikuntzaren beheko solairua hartu zuen. Hemen beste produktu berriagoak saltzeari ekin zion, baina diskoen salmenta erabat baztertu gabe, kasu honetan, Regal diskoena.
(1) Donostiako Udalaren biztanleen errolda
(2) Pathé-k kalitate gutxiagoko arrabolak bikoizteko kopia pantografikoa erabili zuen. Hauek askoz salneurri baxuagoan saltzen zituen. Ikus: : “Casares y la Producción Pantográfica de cilindros Pathé”. Montejano (2005)
(3) 1917ko martxoaren 18an, Blanco y Negro aldizkarian argitaratutako iragarkia
(4) Geroago Salustiano Loinazek Hispanoamerikar Baltzuarekin partekatu zuen lursail hauek, Donostiako Udalak 1930ean desjabetu zuen Antiguoko auzoaren zabaltzeko.
(5) 1924ean izena aldatu eta “Sociedad Española del Pathéfono y de Reproducciones Musicaes SA” jarri zuen. In: Jones, Daniel E,; Baró y Queralt, Jaume. La industria musical a Catalunya (1995)
(6) Katalogoaren zenbakia (207) kontuan hartuz, seguruenik Pasaian egindako lehen diskoren bat izan zen.
(7) Azken hiri-kontribuzioaren ordainketa 1929an egin zen. Iturria: Pasaiako Udala.