ALONSO TORIZES (ca. 1635-ca. 1684)
José Alonso de Torices (Torizes) Benaventen (Zamora) jaio zen 1635 inguruan. 1652an Zamorako katedraleko haur-kantari bezala sartu zen. 1654an Burgo de Osmako (Soria) kapera-maisu izendatu zuten. 1658an presbítero ordenatu zen. 1663an Sigüenzako kapera-maisu postua oposizioz lortu zuen, eta hilabete batzuk aurrerago Zamorako katedralekoa, eta postu horretan egon zen 1666 arte. Urte hartan Malagako katedraleko kapera-maisu aukeratu zuten, baina ez zuen kargua hartuko 1667 arte. 1671n Zaragozako Pilarreko kapera-maisu izendatu zuten, baina hilabete batzutan baino ez zen postu horretan egon, eta Malagara itzuli zen. Hiri horretan hil zen 1684an.
Musika erlijioso ugari idatzi zuen, Espainiako eta Latinoamerikako hainbat artxibotan aurkitu daitekeena. Berari egiletza egotzi izan zaizkion hainbat obra Benito Bello de Torices musikagile eta organistarenak izan daitezke. Arantzazun Dixit Dominus bat gordetzen da, eta baita San Franciscoren omenezko gabon kanta bat; “Torizes”-ek sinatu zuen, eta egiletza Alonso Torizes-i egokitzeko hautua egin da.