ANDRÉS SOSTOA (1745-1806)
Eibarren jaio zen 1745ean. Frantziskotarren abitua jantzi eta bere anaia Manuelekin Arantzazun apaiztu zen. Komentuan bertan ikasi zuen musika, eta musika kaperarekin 1767an Bergaran ospatutako Batzar Orokorretan parte hartu zuen, Fr. José de Larrañagaren zuzendaritzapean. Kantu lauko obra askoren autore izendatu zuten. Musikagile honi buruzko datu biografiko gutxi dago, eta musikalki beti kantu lauarekin erlazionatu izan zaio. Frantziskotarren Probintziako hildakoen zerrendan, 1806an jazo zen bere heriotza adieraztean honakoa esaten da “probintzian famatua egin zen idatzi izan zituen kantu lauengatik”. Eta ziurrenik J. I. Iztueta berari buruz ari zen, bere dantzen liburuan 1826an honakoa esan zuenean: “Entre los profesores no puedo menos de hacer mención en el género religioso o canto llano, del Padre Sostoa del Orden de San Francisco, natural de Elgueta [sic], el cual ha dejado obras verdaderamente magníficas”.
Obra askotan soilik “Sostoa” abizena jartzeak, obra bakoitzeko autorea zein Sostoa anaia den jakitea zailtzen du, baina dena den, garai hartan izan zuten fama ezin uka daiteke eta, bere obrak leku ugaritan aurkitzen dira: Nafarroako Arizkun eta Leskako monasterioetan, Uruguayn (Montevideoko Artxibo Historiko Nazionalean), edo Chilen (Recoleta Dominica Ondare-Liburutegian).
BIBL.:
Iztueta, Juan Ignacio de. Guipuzcoaco dantza Gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz-neurtu edo bersoakin baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruczioac-ere. Tolosan: Eusebio López-en Moldizteguian, 1895
Basabe, Fr. Luis de. “Páginas del Santuario – La Capilla Musical – Su labor artística”. En Aránzazu, nº 11, 1931, p. 246-247
Sagaseta Ariztegui, Aurelio y Luis Taberna Tompes. Órganos de Navarra. Pamplona: Gobierno de Navarra, 1985
Rondón, Víctor; Fernanda Vera; José Manuel Izquierdo. Catálogo de la Música: Recoleta Dominica Biblioteca Patrimonial. Santiago de Chile: Fondo para el Fomento de la Música Nacional, 2013.