FRANCISCO JAVIER GURIDI (1793-1871)
LANAK
Francisco Xavier de Guridi Herrasti, Arrasaten jaio zen 1793ko abenduaren 3an, eta hurrengo egunean, San Juan Bataiatzailearen parrokian bataiatu zuten. Fernando Abaunzaren iritziz, lehen musika ezaguerak bere osaba Gerardo Nicolás Errastiren eskutik, Aretxabaletako organista, jaso zituen. Beste aukera bat da, Gasteizko Parrokien Unibertsitatearen kaperako haur abeslari bezala sartu izana; bertako organista Francisco Area Ullibarri zen (1802-1837) eta aurrerago Francisco Javier, bere alabarekin ezkondu zen.
1816an, Arrasateko organista zenean, Aguraingo (Araba) San Juan Bataiatzailearen parrokiako oposizioak egin eta plaza eskuratu zuen, eta bertan urte eta erdiz jardun zuen. 1817aren amaieran, Markina-Xemein-go (Bizkaia) Andre Mariaren Zeruratzea Parrokiako organoaz arduratzen hasi zen, eta bertan jatorriz gasteiztarra zen Nicasia Antonia Area Gardarekin (1796-1866) ezkondu zen, eta bertan ere jaio ziren euren bi alabak: María Antonia Celia (1819) eta María Ramona Eustoquia (1821).
Markinatik noiz joan zen ez dakigu, baina jakina da, 1823an Gasteizen bizi zela Julián Francisco bere semea jaio zenean. Aurrerago, 1825ean Francisco Antonio bere bigarren semea jaioko zen, hiriburu arabarrean ere.
1829tik 1841era gutxienez, Gernikako Andre Mariaren Zeruratzea Parrokiako organista izan zen. Bertako udaletxearen bigarren solairuan bizi izan zen, organistarentzat gordetzen zen etxean, eta bertan jaio ziren Lorenzo (Jesús Guridi Bidaolaren aita) eta Manuel Pablo ere. Organistaren egitekoa izaten zen Bizkaiko jaurerriko diputatuak Batzar Orokorretara joaten zirenean ostatua ematea, eta hori berarentzat diru sarrera garrantzitsua izaten zen, bere soldata xumerako oso lagungarri.
Santa María elizako organista eta sakristau egitekoak betetzeaz gain, Guridi ondoko San Juan elizara joaten zen kanpaiak jo eta salbea, meza eta bezperak abestera, horregatik 14 erreal kobratuz. 1833an San Juan elizan organoa jarri zuten, eta handik aurrera bere etxetik klabea eraman behar ez zuenez, 8 erreal ordaindu zizkioten hamalau beharrean. 1841ean Andre Mariaren Zeruratzea parrokiaren organoan Ignacio Ibieta gernikarrak ordezkatu zuen.
Gasteizera itzuli zen berriro ere, eta bertan bizi izan zen 1871eko martxoaren hogeian zendu zen arte.
Arantzazun gordetzen diren Miserere eta, bere osaba Gerardo Nicolás Herrastiri eskainitako Variaciones para piano obra, eta Eresbilen jasotzen den Gozos a San Roque obrak, ezagutzen ditugu bakarrik. Gerardo Errasti, Venancio Herrasti Bernalen aita izan zen eta hau, Madrilgo Kontserbatorioko organoko irakaslea izan zen.
BIBL.:
Preciado, Dionisio. “Sebastián de Iradier (1809-1865), organista y “Sacristán Mayor” en Salvatierra de Álava”. Revista de Musicología, 7, 1984-1, pp. 124-170
Abaunza, Fernando. Opera Omnia de Francisco Xabier Guridi Herrasti (1793-1871). Gernika-Lumo, 2009
Abaunza, Fernando. Diccionario de músicos vascos. Autoedición, 2017.