JUAN ANTONIO MÚGICA  (1735?-1797)

Burgo de Osmako katedralean dagoen 1765 urteko txosten batean, Juan Antonio Múgica azaltzen da, jatorriz bilbotarra zena, eta 1735eko irailaren 9an Bilboko San Vicente Mártir parrokian bataiatua izan zen Juan Antonio Múgica Bildósola izan daitekeela uste du Fernando Abaunzak. Ez dator, ordea, beste datuek esaten dutenarekin: 1754an musikari infantea zela (19 urterekin?), Andrés Esceguiren ikasle, Iruñeko katedralean. 1755ean lan hori utzi, eta 1757an katedral berberean kapilautza lortu zuen. 1759an Madrilgo Soledad musika kaperan ikasketak hobetu zituen. 1761 eta 1773 bitartean Tudelako Kolegiatako kapera-maisua izan zen. Garai hartan, 1762an, Drama para música idatzi zuen. Bere testua ezagutzen dugu, baina ez, ordea, musika. Lan hau María Josefa de Arméndariz eta José Mª Magallón-en ezkontzarako idatzi zuen, lehena Castelfuerte markesaren lehen alaba zen eta bigarrena San Adrián-go markesen semea, hurrenez hurren. Castelfuerte markes-arentzat idatzi zuen El Cordero pieza. Lan hau, Madrilgo Biblioteka Nazionalean gordetzen da, Girolamo Sertorik bildutako Divertimenti musicali per camara bilduman, eta osagabea dago.

1773an, bere lehengo irakaslea hil zenean, Iruñeko katedraleko kapera-maisu plaza bete zuen. 1779an osasun arazoengatik  kargua utzi zuen, eta Iruñeko San Cernin parrokiako xantre bilakatu zen.

Arantzazun gordetzen diren boste obrez gain, badakigu Iruñeko katedralean gabon abesti bat eta ereserki bat gordetzen direla.

Entzute handiko kapera-maisua izan zen, eta hala egiaztatzen du, 1780an Corellako parrokiako musika kaperaren osaketarako ikuskatzaile izatea proposatu izanak.

Juan Antonio Múgica Iruñan zendu zen 1797ko otsailaren 27an.

BIBL.:

Gembero-Ustárroz, María. La música en la Catedral de Pamplona durante el siglo XVIII. Pamplona: Gobierno de Navarra, 1995

Palacios Sanz, José Ignacio. “Relación de maestros de capilla y organistas de la catedral de El Burgo de Osma (Soria) (1562-1996)”. Revista de Musicología, XIX, 1-2, 1996, 47-83

Sagaseta Aríztegui, Aurelio. Catálogo del archivo de música. Catedral de Pamplona. Vol. I. Pamplona: Analecta editorial, 2015

Gembero-Ustárroz, María. Navarra. Música. Pamplona: Gobierno de Navarra, 2016

Abaunza, Fernando. Diccionario de músicos vascos. Registro electrónico, 2017.